Ekhi Erremundegi Beloki.
ANALISIA

Hil ala bizi

2023ko urriaren 20a
00:00
Entzun
EAEko Hezkuntza Legearen inguruko eztabaidak aukera eman du azken 40 urteetan lurralde horretan garatu den hizkuntza politikaren balorazio bat egiteko. Euskara ofiziala da EAEn; asko hobetu badaiteke ere, paisaia linguistikoan presentzia nabarmena du. Halaber, ikastoletan zein publikoan, murgiltzean ikasteko aukera dago irakaskuntza maila guzietan; gaur egun, ikasleen %70 euskara hutsean ikasteko aukera ematen duen D ereduan daude matrikulatuta. Baina ez da aski: euskaran gutxieneko maila bat erdietsi gabe bukatzen dute ikasketa prozesua ikasle askok. Ikasle guziek B2 maila lortzea helburu hartuta, hezkuntza eredua errotik aldatzea dute (zuten?) helburu lege berriarekin.

Ikusi gehiago:EEPri eskatu diote lan egin dezala euskal hiztunak %30 izan daitezen 2050erako

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, egoera erabat desberdina da. Euskara ez da ofiziala, ez da eskubide gisa onartua, eta hezkuntza publikoan eta pribatu katolikoan ez da murgiltze eredurik —azken urteetan, ama eskolako eta lehen mailetako ikasgela batzuetan klaseak euskara hutsean ematen hasi dira; aurtengo ikasturtean maila horietako ikasleen %4,5 dira aukera hori dutenak—. Ipar Euskal Herriko ikasle guziak hartuta, %8,2 dira ikastoletan murgiltze ereduan direnak. Ikasleen %68k ez dute harremanik euskararekin. VII. Inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskal hiztunak %20,1 ziren 2021ean, eta %24,7 ziren hogei urte lehenago. Egoera larria da. Alta, hizkuntza politika bide onetik doala diote batzuek.

Ikusi gehiago:SOSLAIA. Maider Behotegi EEPko lehendakari berria

2004an sortu zen EEP Euskararen Erakunde Publikoa, eta bi urte berantago onartu zuen bere hizkuntza proiektua. Hogei urtez obratu duten politika publikoa egonik iritsi gara gauden lekura. Erranen dute hemorragia gelditu dutela; ez da gezurra. Erranen dute hezkuntzan euskarak duen presentzia emendatu dela; erlatiboa da. Erranen dute euskara bizi dadin lan ezinbestekoa egiten duten euskalgintzako eragileen eskaerak entzun eta baliabideak eman dituztela; ez da beti hala izan. Haatik, argi da orain artekoa ez dela gai izan Frantziako asimilazio politikek eragindakoa iraultzeko.

Izan dira aitzinamenduak, ezin da ukatu; baina ez dira egoerak eskatzen duenaren heinekoak, inondik ere. Okerrago, egoeraren larritasuna oroitarazi gabe, izan diren aitzinamendu txikien inguruko diskurtso baikorregia zabaltzeak ez du modurik ematen diagnostiko erreal bat egiteko; tentsio apaltze bat, kontzientzia apaltze bat sentitzen da euskal munduan. Askok ez dute sentitzen mobilizatzeko beharrik. Interpretazio gehiago merezi lituzke, baina hori ere bada euskalgintzak udaberriko manifestazioan bildu zuen jende kopurua esplikatzen duten arrazoietako bat.

Egoera horretan iritsi da EEPren estatutuen berritzearen harira, erakundearen beharren deklinabidea zehazteko prestatu duten lan dokumentua. Irail erdian aurkeztu zieten hizkuntz eragileei eta Euskal Konfederazioari. Egiten dituzten aurreikuspenetan, 2050erako hiztun kopuruak orain artekoan segitzea edo %17-16 ingurura apaltzea aurreikusten dute, eta haien proposamen bakarra da orain arte bezala segitzea. Hein horretara iritsita, euskararentzat proposatua dena ez da hizkuntza politika bat: zainketa aringarriak dira; sufrimendu handiegirik gabe, goxo hil dadin.

Prekaritatea salatu zuten AEK-ko kideek iazko azaroan; bizirauteko «zango bat moztea» aurreikusten ari da Uda Leku; Frantziako Estatuarekin hitzarmenik lotu gabe segitzen du Seaskak. Eta aipa genezake euskara mailaren apaltzea, aipa genitzake ikus-entzunezkoak, hedabideak... Honela dio EEPk gaur egungo hizkuntza proiektuaren aurkezpenean: «Proiektua, euskalgintzako eragileekin eskuz esku eraman desmartxa baten emaitza dena, euskararen aldeko politika publikoaren erreferentziazko markoa da». Hitzei zentzua emateko tenorea da.

Ildoa markatu du Euskal Konfederazioak: 2050erako euskal hiztunen kopurua gutxienez %30era iristea ahalbidetuko duen hizkuntza proiektu bat behar da. Hori da erakundeei eskatzen zaiena. Orain arte erakutsi duten borondate politikoa kontuan hartuta, ez da erronka makala, baina lor daiteke.

Haatik, ezin da izan euskalgintzaren borroka soilik. Ipar Euskal Herria gobernatzen duten erakundeak mugitu nahi badira, mugimendu euskaltzalea bere osotasunean inplikatu beharko da: eragileak, hautetsiak eta herritarrak. Gogoeta partekatu bat behar da, estrategia bateratu bat, diagnostiko erreal batetik abiatzen dena eta helburuetan handinahia dena. Indar berri bat behar du euskarak, hats berri bat, Ipar Euskal Herriko gizartean merezi duen lekua berreskura dezan. Hil ala bizi, bizitzaren hautua egiteko tenorea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.