Ion Orzaiz.
Politika orokorreko eztabaida Nafarroan. ANALISIA

Argazkitik kanpo ez gelditzeko lehia

2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun

Politika orokorreko eztabaida parlamentarioak gutxi izan ohi du politikatik —gobernatzeko edo legeak egiteko praktikatik, alegia—, eta asko antzezpenetik. Atzoko osoko bilkuran ez zen ezein lege, dekretu edo neurri zehatzen inguruan eztabaidatu, eta eszenifikazio kutsua zerien talde parlamentarioetako bozeramaileen arteko ika-mikei ere. Legealdiari eta, batez ere, gobernuaren jardunari tenperatura hartzeko saioa izan zen atzokoa, eta, besterik ezean, ikusi ahal izan zen non kokatzen den talde bakoitza, zeinen artean josi daitezkeen aliantzak eta, batez ere, nor dagoen jokoz kanpo.

 

PSNri eta Txibite lehendakariari karta onak egokitu zaizkie eskutik: UPNren makulu izatetik lehendakaritzara igaro dira urte gutxian, gobernu berriaren arrakastak kapitalizatu dituzte alderdiarenak balira bezala, eta izurrialdiaren astinaldiak kudeatu dituzte eskandalu nabarmenik gabe. Zentraltasun politikoaren komodina ere erabili ahal izan zuen Txibitek atzokoan, azken orduko ezusterik ezean, legealdiko hirugarren aurrekontuak onartzeko akordioa sinatuko baitu aurki EH Bildurekin. Hala, «elkarrizketa eta adostasuna lehenesten dituen gobernu» gisara aurkeztu ahal izan zuen bere burua Txibiteren gobernuak.

Oso bestelako itxura eman zuen Navarra Sumak. Parlamentuan ordezkari ugari izanagatik, bere baitan itxitako indarra da gaur egun Javier Esparza buru duen koalizioa. Azken asteetan are agerikoagoa izan da talde eskuindar espainiazalearen bakardadea, bere burua aurrekontuen bilera sailetik baztertuta [negoziazio mahaitik altxatu zen Esparza, bilera hasi eta hamar minutura]. Atzo, posizio horri eutsi zion buruzagi erregionalistak, Txibiteren gobernua «bost alderdiren arteko koalizioa» dela salatuta [PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra; Navarra Suma ez beste guztiak, alegia]. «Gu bakarrik konturatzen al gara gauzak gaizki doazela, gobernua noraezean doala eta Nafarroa hondoratzeko bidean dela?», aldarrikatu zuen Esparzak bere hitzaldian, Navarra Suma oposizioko indar bakarra dela irudikatu nahian.

Esparzaren kritikak gorabehera, gobernuari eusten dioten taldeek ez dute irudi monolitikoa erakutsi. Aitzitik, legealdiaren erdia igarota, nork bere espazio politikoari eutsi nahi dio, taldeen aldeak nabarmendu eta hauteskundeetarako pole position-a irabazi nahian.

Dena ez da irudi kontua, baina: arrakala handiak daude gobernukideen artean, eta horietako batzuk azaleratu ziren atzoko eztabaidan. Higadura handiena eragin duen auzietako bat da euskararena. Atzo, lehendakariak minutu eskas bat baliatu zuen bere gobernuaren hizkuntza politika azaltzeko, ordu eta 40 minutuko hitzaldi luzean. «Ez segitu euskaldunak eta euskaltzaleak iraintzen», eskatu zion Bakartxo Ruizek. Uxue Barkosek «zentzugabekeriatzat» jo zuen euskaldunen eskubideak ez errespetatzea. Soka tenkatu zuten indar abertzaleek, baina apurtzeko imintziorik egin gabe. Inork ez du gobernuaren porrotaren erantzule izan nahi, eta Txibitek badaki hori. Karta onak ditu.

Ikusi gehiago:Erdigunean izatearen abantaila

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.