Ion Orzaiz.
Euskararen foru dekretua. ANALISIA

PSN, argi eta garbi

2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
PSNk argi eta garbi adierazi du ez duela euskara merezimendutzat jo nahi eremu ez-euskaldunean». Maria Txibiteren hitzak dira. Nafarroako Gobernuko lehendakaria ezohiko gardentasunez mintzatu zen iragan astean, bere alderdiak euskararen auzian duen jarreraz: prest direla euskararendako diru sail batzuei eusteko eta beste batzuk handitzeko (Euskarabidearen aurrekontua eta euskaltegiendako laguntzak aipatu zituen zehazki), baina ez euskarari legezko beste estatus bat aitortzeko, ezta administrazioan duen presentzia handitzeko ere. Hor dute marra gorria: estatusean. Euskarak ez die traba egiten, egungo bazterketa eta elebakarren pribilegioak kolokan jartzen ez diren bitartean.

Harridura eta haserrea sortu dute lehendakariaren hitzek euskalgintzako eragileen artean. Ez da gutxiagorako: epaileek 2017ko dekretua baliogabetu zutenean, sententzia horri helegitea jartzeko galdegin zuen euskalgintzak, euskal hiztunen eskubideetan atzera (are atzerago) ez egiteko. Azkenerako, baina, PSNren nahia gailendu zen gobernuan, «segurtasun juridikoaren» izenean: hobe ei zen hutsetik hastea dekretu berri bat diseinatzen, auzitegietako xextran denbora galdu beharrean.

Segurtasun hori bermatze aldera, Txibiteren gobernuak txostena eskatu zion Nafarroako Kontseiluari, euskara eremu ez-euskaldunean meritutzat hartzearen legezkotasunaz. 2020ko otsailean heldu zen organo aholku-emaile horren irizpena: «Ez da motiborik ikusten ingelesa edo frantsesa baloratzeko, eta ez euskara, Nafarroako berezko hizkuntza baita, eta herritar guztiek baitute ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea, hala ezartzen baitu Euskarari buruzko Foru Legearen 2. artikuluak (...), gainera, Europako hizkuntza bakar bat ere ez dago posizio horretan». Hortxe zuen Txibitek bilatzen zuen helduleku juridikoa. Nafarroako Gobernuak, baina, tiraderan gorde zuen.

Ordutik, dozenaka oposizio-lehiaketa argitaratu dira eremu ez-euskalduneko zein eremu mistoko lanpostu publikoetarako, eta bakarrean ere ez da euskara merezimendu izan. Bai, ordea, ingelesa, frantsesa eta alemana. Ustez, bazterketa anakroniko hori zuzentzeko xedez diseinatu dute euskararen dekretu berria, baina, zirriborro horren ardatz nagusiak argitara atera direlarik, ez dirudi aurrerantzean egoera zeharo aldatuko denik: gobernuak ez du euskara meritutzat hartzeko asmorik eremu ez-euskaldunean; eta mistoan ere, kasuan-kasuan aztertuko dute kontua, «lanpostua jendaurrekoa bada».

Nafarroako Kontseiluak emaniko irizpenari entzungor egin eta kontrako bidea hartu du gobernuak, nahita. Ez da «gobernua osatzen duten alderdien arteko desadostasun bakan eta azaleko bat», Txibitek adierazi zuen legez. PSNk asmo osoz hartutako erabakia da.

Auzi honek ataka estuan jarri du Geroa Bai: PSNk bere gain hartu du euskararen dekretu berriaren gaineko ardura ia osoa, hizkuntza politiken buru izan beharko lukeen kontseilaria (Ana Ollo) bazterrean utzita eta adostutako zenbait puntutan atzera eginda. Hortaz, Geroa Bai behartu du gobernuaren posizio ofizialetik aldentzera eta bere erabakia justifikatzera. PSNk, aldiz, bere burua aurkeztu ahalko du euskararen «inposizioaren» eta abertzaleen asmoen aurrean «tinko» mantendu den alderdi gisara. Hor egon daiteke Maria Txibitek aurreko astean esandakoaren zergatia. Finean, euskararen aurkako diskurtso suhar eta monolitikoek arrakasta handia dute oraindik orain Nafarroako hainbat lekutan, eta PSNk ez dio sektore euskarafoboen boto zakua Navarra Sumari oparitu nahi. Auzi honek dituen ertz guztien artean, euskararen gaineko gezur eta jarrera glotofoboak hauteskunde erreklamo izatea da, zalantzarik gabe, kezkagarriena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.