Ekhi Erremundegi Beloki.
Euskara. Murgiltze eredua Ipar Euskal Herrian. ANALISIA

«Ezin dugu galdu»

2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Ikastolak ez doaz bat Frantziako Konstituzioarekin. Hori da ondorioa, Konstituzio Kontseiluaren ebazpena irakurrita. Hizkuntza gutxituen legeari jarritako helegitea baliatuta, hizkuntzok murgiltze ereduaren bidez irakastea konstituzioaren kontrakoa dela ebatzi du, izan eskola publikoan, izan itunpekoetan. Bere horretan, duela 27 urte lortutako lege babesa galduko lukete Seaskako ikastolek, horren ondorio guziekin.

1969an sortu zen Ipar Euskal Herriko lehen ikastola, Arrangoitzen (Lapurdi), eta, urteetako borrokaren ondotik, 1994an izenpetu zuten hitzarmena Seaskak eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Ordutik, Frantziak bere gain hartzen du ikastoletako irakasleen ordainketa, eta, azken urteetan, EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Hezkuntza Ministerioarekin izenpetutako hitzarmen bidez adostu dute irakasle postuek urtero zer bilakaera izan behar zuten, gatazka artean izan bada ere. Instituzio publikoen diru laguntzak ere eskuratu izan ditu Seaskak.

Hori guzia kolokan jartzen du ebazpenak. Hezkuntza Ministerioaren kabinetetik sustatu zuten helegitea, eta bada uste duenik hori izan litekeela, hasieratik, trikimailuaren helburua. Frantziako Gobernuan nagusitzen ari den nazionalismo autoritarioaren logikan uler liteke. Baina harrigarria ere bada departamenduetako eta eskualdeetako hauteskundeen atarian, eta Frantziako Presidentetzarako hauteskundeetarako urte bat falta dela halako bataila bat irekitzea. «Ez dakit ohartzen diren Parisen idatzi dutenak zer ondorio dituen», adierazi du Eneritz Zabaleta zuzenbide doktoreak.

Zer eginen du orain Frantziako Hezkuntza Ministerioak? Konstituzio Kontseiluaren ebazpenari jarraikiz, bertan behera gelditu beharko lirateke Euskal Herrian, Okzitanian, Bretainian, Katalunian eta Korsikan murgiltze eredua eskaintzen duten eskolekin izenpetutako itunak. Baina historian zehar Frantziak erakutsi izan du nahikoa malezia baduela, eta gerta liteke eskola horiek konstituzioaren kontrakoak direla erranik ere orain arte bezala segitzea. Egoera horrek ziurgabetasun handia sortuko luke, Damoklesen ezpata buru gainean dutela jardun beharko bailukete.

Berehala iritsi da lehen erantzuna Paul Molac diputatuaren ahotik. Murgiltze ereduak Frantziako Konstituzioan lekurik ez badu, konstituzioa aldatu behar da. Beste hainbatek ere zabaldu dute ideia bera. Baina ez da erratea bezain sinplea. Frantziako presidenteak aurkeztu behar du aldaketa proiektua, eta senatarien eta diputatuen %60k babestu behar dute. Aldaketa diputatu eta senatari batek proposatua bada, erreferendum bidez berretsi behar da. Baina kopuruez harago, Frantziaren jakobinismoa litzateke gainditu beharreko oztopoa.

Ezinbesteko bataila batean sartu beharko du Euskalgintzak Ipar Euskal Herrian, euskaldunon hizkuntz eskubideen aldeko bloke indartsu bat osatuz. Eta agerian gelditu beharko da azken urteetan abertzaleetatik harago euskararen alde loratu diren ele ederren gibelean dagoen borondate politikoa. Frantziako Gobernuak trikimailurik egin ezean, Frantziako Konstituzioak hizkuntza gutxituei onarpena ematea delako, epe laburrean, egoerari konponbidea emateko aukera.

Baina egoera honek ezinbesteko galdera bat ere sortzen du: abertzaleetarik Errepublikanoetara, alderdi desberdinetako hautetsi eta eragile batzuek aitzinera eman duten «kontsentsuak» zer heinetarainoko eraginkortasuna du, eta noiz arte iraun dezake euskarari eta Euskal Herriari ezagupenik onartzen ez dion estatu-nazio zentralistaren jazarraldien parean?

Seaskak behar zituen irakasle postuak eskatzeko mobilizazio batean, honela erran zuen Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak: «Badugu abantaila bat Frantziako Estatuaren aitzinean: guk ezin dugu borroka hau galdu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.