ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

'Gu ta gutarrak'

2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Duela 55 urte, emakumezko matematikari batek Argentinako zientzia fikziozko ipuinen sari nagusia irabazi zuen. Gu ta gutarrak izena zuen ipuinak, eta egileak, berriz, Magdalena Moujan Otaño.

Moujan 1926an jaio zen, Argentinan. Pedro Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren biloba zen, eta, aitona hil eta hamasei urte geroago jaio bazen ere, euskara eta euskal kulturarekiko maitasuna jaso zituen.

Ikasketetan, matematiketan nabarmendu zen. La Platako Unibertsitatean matrikulatu zen, eta, 1950ean, matematikako doktoretza lortu zuen, eta irakasten eta ikertzen hasi zen. 1957an, indar armatuen ikerketa zientifiko eta esperimentalen taldean hasi zen lanean, eta 1966an energia atomikoko batzordeko kide bilakatu zen. Han, Argentinak ikerketarako izan zuen lehen ordenagailuarekin, Clementina-rekin, lana egin zuen lehenengotarikoa izan zen. Beste bi emakume matematikari zituen kide eta adiskide lan hartan: Rebeca Cherep de Guber eta Cecilia Berdichevsky.

1966an, Juan Carlos Onganiak estatu kolpea eman zuen. Moujanek ez zuen babestu, eta unibertsitatean irakasle izateari utzi zion (gerora itzuliko bazen ere). Inge Matquim izengoitia hartuta, zientzia fikzioko lanak sortzen hasi zen.

Haietako batekin, Gu ta gutarrak izenekoarekin, lortu zuen 1968ko sari nagusia. Argentinan arrakasta handia izan zuen; Espainian, ordea, zentsurak estu hartu zuen. Ipuinak umorea, zientzia eta euskal sustraiak ditu ardatz, eta aitona Otañoren euskaren jatorriari buruzko bertso batetik abiatzen da.

Xaviertxo adimen handiko mutila eta haren familia dira protagonistak. Xaviertxok fisika ikasi, eta, bere arreba Malentxoren laguntzarekin, Pimpilimpausa denboraren makina asmatu du. Horretarako, osoki Eibarren egindako ordenagailuaz baliatzen dira: Jakinaisugurra. Hala, familia osoak, abadea lagun dutela, iraganera bidaiatzen du Pimpilimpausa-n. Azkenean, euskaldunak kobazuloetan bizi ziren garaira iritsi, eta han geldituko dira, zoriontsu. Atera kontuak: abadea bera ere pozik dago, nahiz eta oraindik denbora asko geratuko den eliza ama santua sortzeko.

Garai hartako Informazio ministro frankistak, Manuel Fraga Iribarnek, ipuina bahitu eta zentsuratu egin zuen, Espainiaren batasunaren aurkakoa zelakoan. Ipuinaren pasarte batean, adibidez, Moujanek, batetik, euskaldunak aipatzen ditu, eta, bestetik, atzerritarrak: katalanak, galiziarrak eta gaztelauak.

Nolanahi ere, gaur egun ipuina gaztelaniaz osorik irakur daiteke, zentsuratzaileek ezabatutako esaldiak barne. Euskaraz ere badago, Xalbador Garmendia zenaren itzulpenari esker, eta Xerezaderen Artxiboa podcastean dago entzungai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.