Garraiolarien greba

Deskontua garraiolarientzat

Kamioilarien gasolio gastuaren zati bat bere gain hartzea proposatu du Espainiako Gobernuak. Grebaren deitzaileek iragarri dute protestarekin jarraituko dutela gobernuak haiekin hitz egin arte

Hiru garraiolari autonomoen sindikatuaren protesta, atzo, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE.
Iker Aranburu - Xabier Martin - Uxue Rey Gorraiz
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun

Erdietsi dute akordioa Espainiako Gobernuak eta garraiolariek, eta, hala, egin daiteke zehaztapena azkenik: jakina zen garraiolariek deskontua izango zutela beren kamioien eta furgoneten deposituak gasolioz betetzen dituztenean. Laguntzaren neurria eman dute orain: 20 zentimokoa izanen da. Horietako hamabost zentimo aurrekontu publikotik aterako dituzte, eta gainerakoa, bost zentimoko laguntza, petrolio konpainietatik. Gaur-gaurkoz, laguntza ekainaren 30era arte izanen da indarrean. Dena dela, ez dute baztertu luzapenik egitea; «merkatuaren bilakaeraren arabera» erabakiko dute laguntza eten edo luzatu.

 

Ikusi gehiago:Mapa interaktiboa: erregaien prezioak, Euskal Herrian

Halaber, Madrilek iragarri du beste laguntza ekonomiko sorta bat ere jarriko duela martxan, besteak beste. 450 milioi euro inbertituko ditu horretan. Garraio enpresei bideratuak izanen dira laguntza horiek, eta ibilgailu motaren araberakoak izanen dira zenbatekoak. Zehazki, zehaztu dute 1.250 euro emanen dizkietela kamioiei; 950 autobusei, 500 furgonetei era 300 ibilgailu arinei, hala nola taxiei eta anbulantziei.

Atzo goizean hasi eta gauerdi ingurura arte iraun zuen bileraren hondarrean erdietsi zuten akordioa Espainiako Gobernuak eta garraiolariek. Batzarraren luzerak aski argi utzi du negoziaketen korapiloen neurria.

Edonola ere, Madrilek iragarritako laguntza publiko horrek ez du berehalakoan garraioaren greba etengo, haren bultzatzaileek esan baitute protestan jarraitzeko arrazoiek bere hartan jarraitzen dutela. «Greba ez da amaituko ministroa nirekin esertzen ez den arte», ziurtatu zuen Manuel Hernandez Plataforma Nacional por la Defensa del Transporteko presidenteak, garraiolariei erregai litroko emanen zitzaien laguntza jakinarazia izan aurretik.

Baina Garraio Ministerioak jakinarazi du gaur arratsaldean hartuko dituela, azkenerako, greba deitu duen plataformako ordezkariak. 17:00etan izango da bilera eta Raquel Sanchez ministroak negoziatuko du garraiolariekin, zuzenean. Ematen du greba bukatu dadin benetako aukera bat zabaldu dela. «Akordioaren eduki historikoa baloratzen jakin dezaten nahi dugu», esan du ministroak.

Antolatzailea ez izan arren, harekin bat egin du Hiru euskal garraiolari autonomoen sindikatuak, eta ez du baztertu aurrera egitea geldialdiarekin. «Madrilen gertatzen denaren arabera» jokatuko duela esan du Alberto Nuñez sindikatuko kideak. Baina, gaur arratsaldeko bilerak gauzak alda ditzake, eta Hiruk oso kontuan hartu beharko du grebara deitu duen plataformaren jarrera.

Bilera hori jakin aurretik, lanera itzultzeko asmo handirik ez dute erakutsi Euskal Herriko gune logistikoaren jarduna moteltzen ari direnek, Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen Elkarteak. Garraiolari autonomoek uste dute Madrilen negoziatzen ari zena ez dela beren aldarrikapen taula, patronal handien agenda baizik. Hain zuzen ere, patronal handi horiek ezartzen dizkiete lan baldintzak autonomo txikiei, eta kexu dira ez dutela gaitasunik haiekin prezioak negoziatzeko.

Hiruren kasuan, bere eskaeren artean dago euskal errepideetan kamioientzat bidesariak ez jartzea, eta horri buruz hitz egin nahi dute foru aldundiekin eta Nafarroako Gobernuarekin, haienak baitira errepideak. Bilera horietarako data zehaztu aurretik, Hiruko kideek utzi egin zituzten atzo azken asteko kamioi karabanak, eta oinez manifestatu ziren Bilbon, Eusko Jaur- laritzaren egoitzaren aurrean.

Garraioaren geldialdia arazo latzak sorrarazten ari da enpresen horniduran. Osagaiak eta lehengaiak ez zaizkie iristen fabrika askori, eta dagoeneko hasi dira jarduera gelditzen batzuk. Eduardo Zubiaurre presidenteak esan du balitekeela «kolapso orokorra» egotea, eta «atzera-bueltarik ez duen egoera bat» izan litekeela ekonomiarentzat. «Inoiz ere bizi izan ez den egoera bat da; dena doa okerrera. Ekaitz perfektua da, non dena lerrokatzen ari baita alde txarrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.