Eneko Andueza izango da PSE-EEko idazkari nagusia, %95eko babesaz

Idoia Mendiaren ondorengoak adierazi du «itxaropenez eta ilusioz beteriko garai berri bat» zabalduko duela alderdiaren lidergo berriak. Afiliatuen %65ek parte hartu dute bozketan: 3.296 lagunek

Eneko Andueza botoa ematen, atzo goizean, Eibarren. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Aperribai.
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Ez zen ezustekorik izan atzo PSE-EEko idazkari nagusia hautatzeko bozketan, eta aise nagusitu zitzaion Eneko Anduezaren hautagaitza Soraya Morlarenari. Zehazki, afiliatuen %95,3k egin zuten haren alde. Alderdiko eta JSE-Egaz Euskadiko Gazteria Sozialistako 5.013 kidek zuten botoa emateko aukera, eta 3.296k baliatu zuten —%65,75ek—. Gipuzkoan jaso zuen babes handiena Anduezak: %98koa; zenbateko hori %93koa izan zen Araban eta Bizkaian. Azaroaren 20an eta 21ean alderdiak egingo duen kongresuan hartuko du kargua idazkari nagusi berriak.

Alderdian bere lidergoak «garai berri bat» zabalduko duela adierazi zuen Anduezak, bere botoa eman ostean: «Itxaropenez eta ilusioz beteriko garai bat». PSE-EEren «printzipioekin» bat datozen «praktika sozialistak» garatzeko aukera izango dutela nabarmendu zuen, eta horretan ariko direla, hala nola «klima aldaketaren kontrako borrokan, berdintasunaren aldekoan, indarkeria matxistaren aurka, hezkuntzan, osasunean, enpleguan eta etxebizitzan».

Idoia Mendiak utzitako kargua beteko du Anduezak. Irailean iragarri zuen orain arte idazkari nagusi izan denak ez zuela hautagaitza berrituko. Anduezak egin moduan, «garai berri bat» hizpide izan zuen atzo Mendiak. «Erronka berriak» izango dituztela nabarmendu zuen, eta erronka horiei aurre egiteko «lidergo berri bat» behar dutela.

Itunen eztabaida, azalerago

Segurutzat jotzen zen Anduezaren garaipena, baina Morlaren hautagaitzak biziago egin du PSE-EEren aliantzen inguruko eztabaida. Izan ere, PSE-EEk EAJrekin duen gobernu itunarekin kritikoa da Morla, eta bere hautagaitza aurkezteko agerraldian garden adierazi zuen Elkarrekin Podemos-IUrekin eta EH Bildurekin akordioa egitearen aldekoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.