Palestinako gatazka. Mobilizazioak

Palestinaren «erresistentziarako eskubidea» aldarrikatu dute Bilbon

Manifestazioa egin dute, Palestinarekin Elkartasuna taldeak deituta. «Genozidioa» salatu dute

Bilbon atzo egindako manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Manifestazio jendetsua egin zuten atzo Bilbon, Palestinarekin Elkartasuna ekinbideak deituta, Gora palestinar erresistentzia! Sionismoa genozida lelopean. Plataformako eledun Esther Muñozek eta Pello Almagrok mobilizazioa abiatu aurretik azaldu zutenez, horren helburua zen Palestinari elkartasuna adieraztea eta herrialde horren erresistentziarako eskubidea aldarrikatzea: «Bilbora etorri gara Euskal Herria herri solidarioa dela erakustera, eta Palestinari baldintzarik gabeko elkartasuna adieraztera».

Manifestazioa 18:00etan abiatu zen Jesusen Bihotza plazatik. Palestinar jatorriko komunitateko kideek ireki zuten mobilizazioa, ikurrin batekin eta Palestinako bandera batekin, eta horien atzean pankarta nagusia joan zen, manifestazioaren leloarekin.

Ibilbide osoan etengabeak izan ziren oihuak: Israeli boikota; Palestina askatu; Gora Palestinako herriaren borroka; Ez da gerra bat, genozidioa da eta antzeko leloak oihukatu zituzten manifestariek.

Mobilizazioa Plaza Eliptikora iritsi aurretik, BDS Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak sareko kide batzuek odoleztaturiko fardel txiki batzuk paratu zituzten zoruan, umeen gorpuak irudikatzeko, Palestinan sarraskia gelditu, Israel estatu terrorista leloa idatzia zuen parkarta batekin.

Jende askok parte hartu zuen manifestazioan: burua Foru Aldundiaren egoitzara iritsi zenean, azken manifestariak Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean zeuden. Manifestari askok Palestinako banderak zeramatzaten, eta beste batzuek Israelen «genozidioa» eta Europaren «konplizitatea» salatzen zuten kartelak eraman zituzten.

Ibilbidea ere pankartaz apainduta egon zen: horietako batzuetan Israelen kontrako boikota eskatzen zen, eta beste batzuek zenbait euskal enpresak Israelgo Estatuarekin dituzten negozioak salatzen zituzten, Ez gaitezen izan kolonizazioaren konplize leloa erabilita.

Manifestariek Kale Nagusia zeharkatu zuten, Plaza Biribilera iritsi arte, eta han Buenos Aires kalea hartu eta udaletxera jo zuten. Txalaparta doinuekin egin zieten harrera han.

«Garbiketa etnikoa»

Udaletxean, bi bertsolarik kantatu eta bi neskatok poema bat irakurri ondoren, hasiera eman zioten ekitaldi politikoari. Euskaraz, arabieraz eta gaztelaniaz irakurri zuten amaierako agiria. Han, Israelek egindako «genozidioa» salatu zuten, eta hori «75 urte luzez Palestinan estatu sionistaren eskutik etorri diren kolonialismoarekin, apartheidarekin eta garbiketa etnikoarekin» lotu zuten.

«Israeli zilegitasuna ematen dioten Mendebaldeko gobernuen, enpresen eta alderdi politikoen konplizitatea» salatu zuten,bai eta «alde biei su etena eskatuz zapaltzaileak eta zapalduak parekatzen dituzten diskurtsoak» ere. Azaldu zutenez, Palestinak «okupatzaileen aurkako erresistentziarako eskubidea» dauka, horrek har ditzakeen adierazpide guztietan: «Herri baten autodefentsarako erresistentzia ezin da parekatu entitate militar kolonial inperialista batekin».

Agiriaren sinatzaileen ustez, gatazkaren irtenbidea «estatu sionista desagertzea» da, deskolonizazio prozesu bati lotuta, ahalbidetuko duena Palestinako estatu askearen eraikuntza «errekatik itsasora», erbesteratuen itzulera eta preso politikoak askatzea.

Halaber, herritarrei dei egin zieten mobilizatzen jarraitzera eta Israeli «boikota, desinbertsioak eta zigorrak» ezartzera: «Ezin ditugu normaltzat jo gure kaleetan gero eta presenteago dauden adierazpen sionistak, ezta sionismoarekin harreman ekonomiko, politiko eta instituzionalak izatea ere».

Antolatzaileen asmoa zen ekitaldia amaitzea Gazatik jasotako mezu batekin, baina, Palestinako komunitateko kide batek azaldu zuenez, Israelek ezarritako setio egoerak eta sareko komunikazioen eteteak ezinezko bilakatu zuten hori: «Orain, Gazako iparraldeko herritarrek ez dakite hegoaldean zer gertatzen den, eta alderantziz. Bizilagunek ez dute elkarren berri». Eskerrak eman zizkien euskal herritarrei erakutsitako elkartasunagatik, eta esan zuen «harro» sentitzen zela, udaletxearen aurreko plaza eta zubia erabat beterik ikusita.

Antolatzaileek salatu zutenez, Espainiako Poliziak manifestaziora zihoazen zenbait autobus geldiarazi eta miatu egin zituen Nafarroan.

Baionan, debekuen gainetik

Baionan ere manifestazioa egin zuten Palestinari elkartasuna adierazteko. Mobilizazioa debekatuta zegoen, baina, hala ere, 300 lagun inguru batu ziren, eta Baionako karrika nagusiak zeharkatu zituzten, Israel «genozida» eta Frantzia «kolaboratzailea» dela salatzen zuen pankarta baten atzetik. Polizia ugari ibili zen inguruetan, baina ez zitzaizkien manifestariei oldartu eta mobilizazioa istilurik gabe amaitu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.