Erreparatu ezin daitekeen mina

Gaur 25 urte dira Espainiako Auzitegi Nazionalak 'Egin' egunkaria itxi zuenetik. 11 urte geroago, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen legez kanpokoa izan zela, baina itxiera hark espetxe zigor luzeak ekarri zizkien zenbait kideri.

Egin itxi ostean Bilbon egindako manifestazioaren irudia. MARISOL RAMIREZ.
gotzon hermosilla
2023ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Gaur 25 urte bete dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aginduz Espainiako Polizia Egin egunkariak Hernanin (Gipuzkoa) zeukan egoitzan sartu, eta egunkaria eta Egin Irratia itxi zituenetik. Hedabide baten kontrako eraso hark arrasto luze eta sakona utzi zuen: gau hartan 11 lagun atxilotu zituzten, eta gero iritsiko ziren epaiketak, espetxe zigor luzeak eta abar. 2009an, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen itxiera legez kanpokoa izan zela, baina horrek ez du sortutako mina leundu.

Martin Garitano (Bergara, Gipuzkoa, 1963) erredaktoreburua zen garai hartan: «Afari baten ostean, zerbait hartzen ari ginela, telefonoak joka hasi ziren, atxiloketa batzuk egon zirela eta. Guk hasieran pentsatu genuen hark KASen kontrako operazio batekin izan zezakeela zerikusia, baina gero jakin genuen berrehun polizia inguru Egin-en egoitzan zeudela. Goizean, zuzendaritzako kideok bilera egin genuen, zer egin erabakitzeko. Argi ikusi genuen Egin itxita zegoela, eta itxita jarraituko zuela, makinak izorratu zituztelako. Egin deuseztatzeko erabakia hartuta zegoen».

Garitanok dioenez, Juan Carlos Elorza kiroletako erredaktoreburuak bota zuen beste agerkari bat ateratzeko ideia: «Hark esan zuen: 'Gu kazetariak gara, eta gure herriak kazeta bat egiteko eskatzen digu. Ba, horixe egingo dugu'». Ikusi zuten bazegoela Euskadi Informacion izeneko agerkari bat, garai batean ezker abertzaleak erabilitakoa euskal gatazkari buruzko informazioa Euskal Herritik kanpo emateko, eta agirietan Garitano bera agertzen zela zuzendari gisa. Oztopo asko gaindituta, hurrengo egunean Euskadi Informacion kioskoetan zegoen.

Ikusi gehiago:Teresa Toda 'Egin'-eko zuzendariorde ohia: «Ikaragarria da ikustea jendea hil ostean ere ez dutela bakean uzten»

«Egunkari txiki eta xumea zen, baina sekulako balio erantsia zuen», azaldu du Garitanok. «Ale gutxi atera genuen, 3.500 inguru, baina leku guztietara iritsi zen, gero jendeak fotokopiatu egiten zuelako. Hurrengo egunean kioskoetan egon ahal izateak sekulako indarra eman zigun».

Garitano 1984an hasi zen Egin-en lanean, eta, dioenez, haren kontrako erasoak hasieratik ezagutu zituen, baina ez zuen espero urrats hura egingo zutenik: «Europan egunkari bat ixtea oso gauza larria da. Inork ez zuen espero». Hala ere, haren esanetan, Espainiako hedabide batzuetako zuzendariak jakinaren gainean zeuden, Jaime Mayor Oreja Barne ministroak ohartarazita, eta Garitanok susmoa du Eusko Jaurlaritzan ere «baten batek» bazuela horren berri.

Auzibide luzea

Egin auziko akusatuak 18/98 makrosumarioan sartu zituzten, beste zenbait elkarte eta erakundetako kideekin batera, eta epaiketa 2007ko azaroaren 21ean hasi zen, Madrilen. Epaia bi urte geroago iritsi zen: zazpi lagun zigortu zituzten; horien artean, Egin-eko hamahiru arduradun.

2009ko maiatzean, Espainiako Auzitegi Gorenak 18/98 auziko zigorrak jaitsi zituen, ondorioztatu zuen ez zela izan legezko arrazoirik Egin ixteko, eta bertan behera utzi zuen Orain enpresaren jarduera eteteko agindua. Erabaki horrek, ordea, ez zuen ondorio praktikorik izan, ordurako Egin-ek 11 urte zeramatzalako desagerturik.

Garitanoren iritziz, Egin-eko langileek eta bereziki espetxeratu zituzten arduradunek pairatutako sufrikarioa «latza eta lotsagarria» izan zen: «Gero, Gorenak aitortu zuen hura ez zela legezkoa izan, baina hemen ez du inork ordaindu; ez Garzonek, ez Mayor Orejak, ezta [Espainiako gobernuburu izandako] Jose Maria Aznarrek ere». Egin auziarekin lotutako azken presoa, Joxean Etxeberria, 2018ko urtarrilean gelditu zen libre, egunkariaren kontrako operazioa abiarazi eta hogei urtera.

Joan den ekainaren 14an hil zen Donostian Jabier Salutregi, Egin-en azken zuzendaria. 2015eko urrian atera zen espetxetik, zazpi urte eta erdiko zigorra beteta. Duela gutxi, hura agurtzeko ekitaldia egin zuten Ean (Bizkaia), eta, egun batzuk geroago, Covite elkarteak eta PPko legebiltzarkide Carmelo Barriok ekitaldia salatu zuten, «ETAren aldekoa» izan zelakoan.

Garitanok oso gertukoa zuen Salutregi, eta harekin egon zen hil aurretik ere. Dioenez, «pena handiz» hartu zuen haren heriotzaren albistea: «Salutregik larrutik ordaindu du Garzonek eta enparauek hartutako erabaki hori, eta uste dut heriotza ekarri dion gaixotasunak zerikusi handia daukala pasarazi dioten sufrikarioarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.