Birziklatze tasa jaitsi egin da 2018tik 2020ra bitartean

Jaurlaritzak hondakinen kudeaketari buruzko 2020ko datuak eman ditu. Errausketak gora egin du. Euskal Herrian, Gipuzkoan dago birziklatze tasarik handiena

Birziklatze tasa jaitsi egin da 2018tik 2020ra bitartean.
jone arruabarrena
2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
2020rako %50eko birziklatze tasa behar zukeen Europan, udal hondakinei dagokienez. Hala ere, EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu dizkion 2019 eta 2020. urteko datuek erakusten dutenez, %50eko tasa lortzetik urrun daude oraindik Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa: guztira, %40,9koa izan zen 2020an.

Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020-2030 Plana eztabaidagai izan zuten joan den astean Eusko Legebiltzarrean; Nafarroan, hondakinak kudeatzeko legea 2017an berritu zuten, eta Espainiako Kongresuak ere abenduan onartu zuen Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen Legea. Gaur egun, Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planari jarraitzen dio Eusko Jaurlaritzak: Europak eta Espainiak ezarritako helburuak betetzeko bide orria da.

Hiru herrialdeen udal hondakinetatik %42 joan ziren 2018. urtean birziklatzeko prestaketara, birziklatzera edo konpostatzera. Urte horretatik 2020ra, ordea, %1,1 puntu jaitsi zen birziklatze tasa. Legearen arabera, joerak alderantzizkoa izan beharko luke.2012an jadanik, Hondakinen eta Lurzoru Kutsatuen Legeak ezarri zuen udal hondakin birziklagarrien %50 berrerabiltzeko prestaketara edo birziklatzera bideratu beharko zirela, «2020a baino lehen». Horrez gain, Europako legediak agintzen du bildutako udal hondakinen %55 birziklatu beharko direla 2025erako; %60 2030erako eta %65 2035erako.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planak dio betea dutela hondakinak berrerabiltzeko prestaketa, birziklapena eta balorizazioa 2018rako %60raino areagotzeko helburua, %63ko portzentajea lortu baitu. Emaitza horiek ulertzeko gakoa errausketan dago. Birziklatzeko prestaketaren, birziklapenaren eta konpostaren kopurua soilik kontuan hartu beharrean —%42 izango litzateke —, «balorizazio energetikoaren» ehunekoa gehitzen diete datuei —%23—, eta, horrela, helburuak gainditu direla dirudi.

Europako Batasuneko legediak eta Espainiako Estatukoek, ordea, ez dute errausketa kontuan hartzen birziklatze tasa kalkulatzeko. Izan ere, Jaurlaritzak balorizazio energetikotzat jotzen du errausketa, Bruselak jada 2007an onartu zuen arren zaborrak erraustea ezin dela egon birziklatzearen maila berean.

Gakoetako bat, prebentzioa

Baina nola lortu hondakin gutxiago sortzea? Prebentzioak, besteak beste, garratzi handia du afera horretan. Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Planaren eta Espainiako Kongresuak berriki onartu duen hondakinak kudeatzeko legearen arabera, 2030erako %15 hondakin gutxiago sortu beharko dira, 2010eko datuekin alderatuta. 2018 eta 2020 bitartean, %10ekoa izan beharko zukeen jaitsierak, baina %2,2koa izan da.

Neurri horiek Europako 2018ko legediari jarraitzen diote. Izan ere, horren arabera pertsona bakoitzak sortzen dituen hondakinak %50 gutxitu beharko lirateke 2030. urterako, Nazio Batuek finkatu dituzten garapen jasangarrirako helburuak bete ahal izateko.

Hondakinak gaika biltzea

Hondakinak gaika biltzeak ere laguntzen du birziklatze tasa handiagoa izan dadin. Hain zuzen, hiri hondakinak gaika biltzearen garrantzia jasotzen du Espainiako hiri hondakinen legeak. Egungo datuak hobetu beharra ere azaltzen du, eta, hala, ezartzen du 2025erako derrigorrezkoa izango dela udal hondakinen %55 bereizita jasotzea, 2030erako %60ra iristea, eta 2035erako, %65era.

Euskal Herrian, Gipuzkoan dago hiri hondakinen birziklatze tasarik handiena: 2020an, %55era iritsi ziren, foru aldundiak emandako datuen arabera. Gainerakoetan, nabarmen txikiagoa da tasa hori: %33 ingurukoa Araban eta Bizkaian, eta %40 ingurukoa Nafarroan. Ipar Euskal Herrian, %25 ingurukoa da, Bil Ta Garbik emandako datuen arabera. Beraz, gaikako bilketari dagokionez, Gipuzkoak bakarrik lortuko luke 2025erako Europak finkatutako helburuak betetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.