Koronabirusa

Birusarekin 129 lagun zendu dira Hego Euskal Herrian aste bakar batean

Joan den urteko otsailaren erdian erregistratutako datuen parekoa da. 180 eri daude ZIUetan, larri. Hirugarren dosia 30-39 adin tartekoei zabaldu die Osakidetzak

ZIUak, beteago. Osasun langile bat gaixo bat artatzen, Gurutzetako ospitaleko ZIUan. MARISOL RAMIREZ /FOKU.
edurne begiristain
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Uhin baten atzetik etorri ohi dira beste biak. Transmisioaren goranzkoaren ostean, ospitaleratutako paziente kopuruaren hazkundea, eta, horren ondorioz,COVID-19arekin hildakoena. Hego Euskal Herriko osasun agintariek atzo emandako datuek joera hori berretsi dute: gutxienez 129 pertsona zendu ziren urtarrilaren 10etik 16ra koronabirusak jota. Izurritearen hirugarren olatuaren goraldian erregistratutako datuen parekoa da hori. Zehazki, iazko otsailaren erditik erregistratutako kopururik handiena da. Alderatzeko, orain dela bi aste, urtarrilaren hasierako astean, 92 lagun zendu ziren gaitzak jota; eta duela bi hilabete, 37. Kontuan hartu behar da pandemia hasi zenetik transmisioari buruzko datuak ez direla inoiz hain makurrak izan, eta horrek ezinbestean duela eragina ospitaleetako presioan eta heriotzetan. Hegoaldean zendutako 129 pertsonetatik 21 Nafarroan hildakoak dira herenegun bakarrik zortzi eri hil ziren; gainerakoak Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan izandako kasuei dagozkie.

Bi administrazioek emandako datuen arabera, gaitzarekin hiltzen diren gaixo gehienak 80 urtetik gorakoak dira, baina badira adin txikikoak ere. Esaterako, Osakidetzak jakinarazi duenez, 9 urtez azpiko bi haur zendu ziren joan den astean birusarekin.

Kasuen ugaritzea agerikoa da, eta horren eragina erietxeetan ere igartzen da. ZIUetako okupazioari dagokionez, agerikoa da gorako joera: denera, 180 COVID-19 paziente daude zainketa intentsiboetako unitateetan Hego Euskal Herriko erietxeetan. Horietako 143, Osakidetzako erietxeetan, eta beste 37, Osasunbidekoetan. Ospitaleetako presioari lotutako daturik okerrena da iazko maiatzaren erdialdetik. Egunez egun, presioa handitzen ari da ZIUetan ere: hilaren 1ean, adibidez, 148 paziente zeuden ZIUetan; orduan baino 32 gaixo gehiago daude orain unitate horietan, larri.

Horrez gainera, gaitzak gero eta ohe gehiago hartuak ditu erietxeetan. Herenegun, beste 85 gaixo ospitaleratu zituzten COVID-19ak jota, eta, gaur egun, 1.189 herritar daude ospitaleratuta gaitzak erasanda. Egunean eguneko datuei erreparatzeak ez ezik, azken asteotako batez besteko ospitaleratze kopuruei begiratzeak ere ematen du egoeraren neurria: batez beste, gaitza duten 128 eri gehiago erietxeratzen dituzte egunero Hegoaldeko erietxeetan.

Proba askoz gutxiago

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak protokolo berriak martxan jarri zituztenetik askoz ere proba gutxiago egiten dira, eta, ondorioz, positibo kopurua ere apaltzen ari da. Alderatzeko: Osakidetzak 22.804 proba diagnostiko egin ditu asteburu honetan, eta halako bi egin zituen joan den asteburuan (41.900). Hortaz, litekeena da bi gobernuek probak egiteko irizpideak mugatu izanak izurriaren benetako egoera desitxuratzea. Horiek hala, igandean 11.955 proba diagnostiko egin zituzten Hegoaldean Osakidetzak 9.820 eta Osasunbideak 2.135, eta horietatik 5.191k eman zuten positibo. Beraz, %43,4 da positibo tasa. Osakidetzak egindako testetan %38,7k eman zuten positibo, eta Osasunbideak egindako testetan, berriz, %58,2k.

Pandemia zabalduta dago Euskal Herri osoan, baina Nafarroako Gobernuak joera aldaketa sumatzen du hainbat adierazletan. Javier Remirez gobernuko lehendakariordeak esan du «beheranzko joeraren» zantzuak sumatzen direla Nafarroan, eta seigarren olatuak goia jo duela. Ospitaleetan presioa «egonkortze bidean» dela iritzi dio.

Hirugarren dosia

Gainera, txertaketari dagokionez, COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia hartzeko adin tartea are gehiago zabaldu du Eusko Jaurlaritzak, eta atzo arratsaldean 30 urtetik 39 urtera bitartekoei dosi gehigarri hori hartzeko ordua ireki zitzaien. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 180.000 biztanle daude adin tarte horretan. Gainera, Osasun Sailak jakinarazi duenez, baliteke aste honetan bertan zabaltzea hirugarren dosia 18 urtetik gorako guztiei.

Oraintxe bertan, Hego Euskal Herriko herritarren %81,5ek dute txertaketa pauta osoa, eta %86k baino gehiagok dosi bat gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.