Sexu abusuak Eliza katolikoan. Testigantza

«Kontatu zidan Jesusek elkar maitatzeaz zer esaten zuen, eta, bitartean, ukitzen hasi zitzaidan»

Duela berrogei urte, Zumaiako apaiz batek eraso egin ziola salatu du emakume batek BERRIAn. Haren arabera, «inpunitate osoz» aritu zen elizgizona, 2015ean hil zen arte.

BERRIA.
Ion Orzaiz.
2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Bilbon bizi da Maite —ez du hori benetako izena—, baina amaren herrian igaro zituen bere gaztaroko une asko: Zumaian (Gipuzkoa). Han, duela lau hamarkada, oso ezaguna zen Don Ramon apaiza. Ramon Maria Olaizola, Artadiko San Miguel elizako parrokoa. «Gure amaren lehengusu propioa zen. Familiaren lagun mina. Eta herrian ere... Olaizola abizena aipatzen baduzu, jendeak berehala ezagutuko du. Gure familiak eta bereak harreman estua zuten, eta, txikitatik, askotan ikusi izan dut gure etxean. Gure aititak semetzat zuen». Maitek BERRIAri aitortu dionez, baina, gertutasun hori baliatu zuen elizgizonak, sexu erasoak egiteko: «Inork ez zuen argi eta garbi esaten, baina, urteekin, konturatu nintzen beste batzuek ere bazekitela Ramonek zer egiten zuen». 2015. urtean hil zen Olaizola, 92 urterekin, eta gertatutakoa ezagutarazteko erabakia hartu du Maitek: «Berrogei urte eman ditut isilik, hala eskatu zidatelako, baina ez dut hil nahi gizon horrek zer egin zidan kontatu gabe».

1980ko hamarkadaren erdialdean, 25 urteren bueltan zen Maite. Udazkeneko ostiral batean trenez joan zen Bilbotik Zumaiara, seme-alaba txikiak bere bikotekidearekin utzita. «Zumaiatik Errezilera joan beharra nuen, hiru urtez hango baserri batean euskara ikasten ibili nintzelako». Egun hartan, baina, planak aldatu behar izan zituen: «Sekulako ekaitza bota zuen, eta uholdeak iragarriak zeuden». Denboralea zela eta, moztua zegoen Zumaia eta Azpeitia arteko ohiko bidea, eta Maitek laguntza eskatu zion Don Ramon apaizari. «Harekin konfiantza nuenez, galdetu nion ea bide alternatiborik ezagutzen ote zuen Errezileraino joateko. Erantzun zidan lasai egoteko, berak eramango ninduela. Orduan ez nuen ezer sumatu, ez nintzen konturatu berak jada plan bat zuela buruan».

Olaizolak proposatu zion bazkalostean abiatzeko. «Bazkaltzera ere gonbidatu ninduen. Ardoa atera zuen, eta edateko esaten zidan. Eta nik ezetz, ez nuela ardoa gustuko». Azkenerako, bazkaria amaitu, eta apaizaren autora igo ziren biak. «Nik ezagutzen ez nuen bide batetik eraman ninduen», gogoratu du Maitek. «Gaur egun ere, ezin nuke esan nondik pasatu ginen, niretzat ezezaguna baitzen paraje hura. Badakit zubi bat zeharkatu genuela, eta baso batera iritsi ginela. Kanpoan, euria, tximistak, trumoiak eta kazkabarra. Dena ilun».

«GAL izan dela esango dute»

Bi ordu eman zituzten autoan. «Niretzat tortura izan zen», gogoratu du bilbotarrak. «Hasi zitzaidan kontatzen Jesusek maitasunaz eta elkar maitatzeaz zer esaten zuen. Orduan hasi ziren ukituak. Alde guztietatik sartzen zidan eskua. Olagarro bat zen». Maite babesgabe sentitu zen une hartan, zer gertatzen ari zen ezin sinetsita: «Burutik pasatzen zitzaidan edozer esaten nion, gelditzeko. Gogoan dut esan niola 'gure ama lehengusina duzu, ia arreba bat da zuretzat, zertan ari zara?'. Eta berak erantzun zidan: 'Ahaztu zure ama, urte asko ditu. Zu oso guapa zaude orain'».

Emakumeak men egin ez zionez, erasotzaileak mehatxu ere egin ziola azaldu du: «Kontra egiten nionez, haserretu egin zen, eta esan zidan: 'Esaten dizudana egiten ez baduzu, hemen akabatu eta ezponda batean botata utziko zaitut. Herrian pentsatuko dute GALekoak izan direla'». Urte horietan, memoria kolektiboan iltzatuta zeuden GALen hilketak, eta mehatxu horrek pisu handia izan zuen Maiterentzat: «Herrian gauza jakina zen gure familia ezker abertzalekoa zela. Hortaz, GALena sinesgarria izan zitekeen. Santi Brouardena ere urte horietan gertatu zen. Hortaz, geldi-geldi egon nintzen, beldurrak jota. Protesta egiten nuen, 'utz nazazu bakean! Utzi!', baina burutik pasatzen zitzaizkidan nire seme-alaba txikiak, nire ama... Erabaki nuen onena zela geldi egotea».

Errezilera iritsi aurretik, Azpeititik igaro ziren, eta semaforo gorri baten aurrean gelditu zen autoa. «Egaña gozotegiaren parean geunden, eta morroiak hor segitzen zuen, niri kuleroak kendu nahian. Bi aldiz pentsatu gabe, ziztu bizian atera nintzen autotik», azaldu du Maitek. Gozo dendan sartu, eta laguntza eskatu zuen: «Oihuka sartu nintzen, gizon bat atzetik segika nuela esanez. Gozotegiaren jabe ziren senar-emazteak berehala atera ziren ni laguntzera, eta apaiza uxatu zuten».

Infernua besteak dira

Erasoaldiaren ostean, baina, infernua ez zen amaitu Maiterentzat. Gertukoen isiltasunari eta auzia estali nahiari gehitu zitzaien beste askoren mesfidantza ere. «Gertatutakoa etxean azaldu nuenean, aitak entzungorrarena egin zuen, ezer jakin nahi ez balu bezala. Amak esan zidan, mesedez, herrian ezer ez kontatzeko. Ramon ezaguna zela inguruan, eta bere familiak ez zuela disgustu hori merezi. Ezin zutela gurutze hori eraman». Erantzun horrek zauri sakona eragin zion Maiteri. Erasoa bera baino mingarriagoa: «Disgustu handia hartu nuen. Beti izan dut harreman bikaina amarekin, asko maite dut, baina horrek arrakala eragin zidan. Ezin nuen sinetsi amak esaten zidana: gizon hori barkatu behar nuela».

Beste senide batzuen erreakzioa are oldarkorragoa izan zen, ordea: «Amaren familiako batzuk Opusekoak ziren, amak kontatu zienean zer gertatu zitzaidan, esan zidaten dena asmatu nuela, Elizaren aurkakoa nintzelako. Infernura joango nintzela, gezurra esateagatik. Gezurra esan, nik? Erasoaren aurretik nik ez nuen ezer gizon horren aurka! Kontrara: estimatzen nuen, laguna zela uste nuen. Niretzat ez zen apaiza. Niretzat zen Ramon».

Eztabaidak eztabaida, amak esanikoa bete, eta ezer ez esatea erabaki zuen Maitek, iragan abenduan Elgoibarko apaiz pederastaren albistea BERRIAn irakurri zuen arte. «Oso ezaguna zitzaidan erreportaje hartan kontatzen zen guztia, oso». Behar bezala itxi gabeko zauriak berriz zabaldu zitzaizkion bilbotarrari. «Pentsatu nuen nik ere halakoak sufritu nituela, eta garaia dela dena kontatzeko eta neure buruarekin bakean gelditzeko».

Izan ere, urteetako isiltasunak orbain sakona utzi dio. «Orain 65 urte ditut, erretiratua nago, eta gauzak beste perspektiba batekin bizi ditut, baina ez dakizu zenbat urtez bizi izan naizen sinetsita ni izan nintzela probokatzailea. Errua nirea zela».

Sentsazio hori, gainera, areagotu egiten zen bere erasotzailea kalean ikusten zuen aldiro. «Hainbat urtez, hura ikusi behar izan dut, behin eta berriro. Haren etxetik ehun bat metrora bizi ginen; hortaz, oso gertu zegoen beti. Lagun batekin pasieran ateratzen nintzen, eta, moilara iritsita, hortxe zegoen apaiza», gogoratu du Maitek. Ez zuen damurik erakutsi urte horietan guztietan: «Lotsarik gabe ibiltzen zen, ausart. Nire alabengana ere hurbildu izan zen noizbait, 4-5 urte zituztela. 'Hauek bai neska politak, zatozte, zatozte', esan zien. Nik irakatsi nien apaiza ikusi orduko korrikan atera behar zutela, eta etxeraino itzuli».

Egoera hori, baina, jasangaitz bihurtu zela iritzi zuten Maitek eta haren bikotekideak, eta erasotzaileari aurre egitea erabaki zuten. «Nazka-nazka eginda geunden. Beldurrez eta atsekabez. Horregatik, mutil laguna eta biok apaizaren etxera joan ginen, eta mehatxu egin genion: 'Gure umeengana edo gugana berriz hurbiltzen bazara, herria afixez beteko dugu, zer egin zenuen kontatuz'».

«Ez naiz bakarra»

Ordutik, Olaizola apaizarekin lotura duten beste hainbat gertakariren berri izan du Maitek, zeharka bada ere. «Badakit ez nintzela bakarra izan. Behin, Arroa auzoko emakume bat ezagutu nuen, eta, kasualitatez, Olaizolaren izena atera zen solasaldian. Aurpegia aldatu zitzaion, eta zurbil jarri zen. Antza, gizona apaiz aritua zen Arroako elizan ere. Emakume hark kontatu zidan, txikitan, magalean eserarazten zuela, ukituak egiteko. Morroiak ba omen zuen fama hori inguruko herrietan: gustuko zuela haurrak ukitzea».

Halako sexu eraso batek utzitako arrastoa «ezabatu ezina» dela uste du bilbotarrak, eta penaz erreparatzen die isilean eman dituen urteei: «Askotan egin izan dut amets harekin. Imajinatzen nuen harengana korrika joan eta moilatik behera botatzen nuela itsasora, edo beste era batera hiltzen nuela. Baina ez nuen inoiz egin. Zaharraren zaharrez hil zen. Baina ordura arte pasarazi zizkidan lotsa, beldurra eta amorrua... hori ezin da azaldu».

Arartekora, auzitegira edo elizbarrutira jo daiteke salaketak egiteko. BERRIAri lekukotza bat eman nahi izanez gero: [email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.