Milaka lagunek eskatu dute ez oztopatzeko presoen etxeratzea

Manifestazioa egin dute Bilbon, 'Etxera bidea gertu' lelopean. Sarek esan du amaitzear dagoen urruntze politikak «sufrimendu handia» ekarri duela. «Elkartasuna eta enpatia» azaldu diete biktimei

Jendetzak bete zuen Bilboko Autonomia kale osoa, goitik behera. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Pandemiak ezarritako parentesiaren ostean, hiru urte geroago milaka lagunek Bilboko kaleak bete zituzten atzo ostera ere, Sare Herritarrak deituta, Etxera bidea gertu goiburupean. Euskal presoen urruntzea amaitzear dagoela, manifestariek eskatu zuten presoei ezartzen zaien «salbuespen politika» bertan behera uzteko, eta horiek «etxeratzeko bidean» jartzen ari diren oztopoak kentzeko.


Manifestazioaren osteko amaiera ekitaldian, Sareko eledun Joseba Azkarragak eta Bake Bidea mugimenduko kide Anaiz Funosasek nabarmendu zuten «benetako bakea eta bizikidetza lortzeko oztopo garrantzitsuak» daudela, horien artean «Espainiako eta Frantziako auzitegi berezi eta fiskaltza antiterroristak».

«Justizia esaten zaion horrek, mendekuaren gainean oinarrituta, hemendik ehunka kilometrora erabakitzen du gutxi ezagutu eta interesatzen ez zaizkien pertsonei askatasuna eman ala ez», azaldu zuten, eta gogorarazi erabaki horiek hartzeko orduan ez dutela aintzat hartzen «kondena luzeen ondorioz askatasunik gabe dauden pertsonen bilakaera positiboa», eta, kasu askotan, espetxeetako teknikarien iritziaren kontra jarduten dutela.

Horretarako «legeak bihurritzen jarraitzen dutenen mendekurako grina» gaitzetsi zuten Azkarragak eta Funosasek, «are gehiago ikusita ez dagoela inor kartzelan torturatzeagatik edo estatu krimenak egiteagatik».

Urruntze eta sakabanatze politikak hizpide hartu zituzten bi bozeramaileek, eta «itxaropena eta poztasuna» agertu zituzten: «Mendekuaren aurkako bataila irabazten ari gara. Gorrotoaren eta errebantxaren gainetik etxerako bidea hurbilago jarri dugu».

«Denon artean» irabazi

Gogorarazi zuten neurri horiek hiru hamarkada baino gehiago iraun dutela: «Zaila izan da, baina etapa hori gainditu egin dugu. Guztion artean irabazi dugu», esan zuen Funosasek. Hizlarien ustez, euskal gizartearen «borondate irmoa» baitezpadakoa izan da urruntzearen aro hori gainditu ahal izateko.

Horregatik, eskerrak eman zizkioten euskal gizarteari, «eskuzabaltasunagatik eta eskubideen urraketen kontra egiteagatik», eta balioetsi egin zuten «gehiengo politikoak eta sindikatu guztiek hartutako konpromisoa». Edonola ere, ez zuten ahaztu nahi izan prozesu horrek «sufrimendu handia» eragin duela, «kalte moral larria eta kostu ekonomiko itzela», eta bereziki gogoratu zituzten presoak bisitatzera zihoazenean edo bisitatik bueltan errepidean hil diren hamasei lagunak. Funosasek txalo artean irakurri zituen haien izenak.

Ikusi gehiago:Horrela kontatu du BERRIAk manifestazioa

Aro hori gaindituta, «etorkizunari begira» jartzea proposatu dute Sarek eta Bake Bideak. Azkarragak eta Funosasek esan zutenez, Euskal Herrian etorkizun hori nolakoa izango den erabakitzea euskal gizarteari dagokio: «Euskal presoak gure gizarteko parte diren heinean, herri honi dagokio erabakitzea noiz eta nola itzuliko diren etxera eta nola gizarteratuko diren». Haien ustez, euskal presoen gizarteratzeari buruzko erabakiak Euskal Herrian hartzea «subiranotasuna erabiltzea» da: «Hori da demokratikoa».

Eraiki beharreko etorkizun horretan, biktimak ere ez dituzte ahaztu Azkarragak eta Funosasek. «Elkartasuna eta enpatia» erakutsi diete, indarkeria guztien biktima guztientzat «tratu bera» eskatu zuten, eta nabarmendu zuten gizarteak biktima guztiei «behar duten begirunea ematen ez dien bitartean» ezin dela «elkarbizitzaz» hitz egin.

Konponbidean «parte aktiboa izateko konpromisoa» berretsi dute Sarek eta Bake Bideak: «Lanean jarraituko dugu, guztioi mina eragiten digun egoera bidegabe honi amaiera emateko». Haien ustez, euskal gizarteak «aurrerantz» begiratu nahi du, eta «sufrimendua» desagerrarazi. «Ildo horretan, bide bakarra dugu: mobilizazio sozialak eta euskal gehiengo politiko eta sindikalaren borondateak baino ezin dute lortu bidea leuntzea».

Ezohiko moldea

Mobilizazioak ezohiko moldea izan du. Casilla plazatik abiatu beharrean, antolatzaileek eskatu zioten jendetzari Autonomia kalean kokatzeko, kale osoa betetzeko asmoz. Xedea lortu egin dute: mobilizazioa hasi eta ordu erdira, Autonomia kalea mukuru beterik zegoen, Casillatik Zabalbururaino.

Jendetzak bazterrak hartzen zituen bitartean, ekitaldi txiki bat egin zuten, kantu eta irrintziekin. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolariek bertsoak bota zituzten, eta «presondegirik gabeko herri bat eraikitzeko» deia egin zuten. Huntza taldeak Txoria txori abestia kantatu zuen.

Ikusi gehiago:Argazki bilduma

Orduan, bederatzi metro zabal eta 30 metro luze zen olana handi bat eraman zuten Casillatik Zabalbururaino, olatu bat eginez eta kalea betetzen zuten manifestarien buruen gainetik. Salbuespen neurriei stop. Etxera - Retour - Return leloak zeuzkan pankartak idatzirik. Olana Zabalburura iritsi zenean, bukatutzat eman zuten mobilizazioaren zati hori.

Lehenengo helburua beteta, manifestazioa abiarazi zuten Zabalburu plazatik. Joseba Azkarragak, Anaiz Funosasek, Begoña Atxak, ETAk hildako Joseba Goikoetxea ertzainburuaren alargun Rosa Roderok, Fermin Muguruza musikariak eta beste zenbait lagunek eutsi zioten hasierako pankartari. Atzetik zihoazen eragile politiko, sindikal eta nazioartekoen ordezkariak, eta, jarraian, manifestariak.

Manifestazioa abiatu aurretik, Azkarragak eta Atxak adierazpenak egin zituzten hedabideen aurrean. Atxak azaldu zuen helburu nagusia «salbuespen legeria bertan behera uztea» dela: «Egia da urruntzearen amaieraren atarian gaudela, baina oraindik lan handia gelditzen zaigu egiteko etxeratze prozesua azken bururaino eramateko».

«Eremu judizialak, gorroto eta mendekua alde batera utzi, eta etxeratze prozesua bideratu behar du», esan zuen Atxak. Horretarako, «lege arrunta aplikatzea» baino ez lukete egin behar: Sareko eledunek emandako datuen arabera, egungo legeria arrunta aplikatuko balitz, 110 preso, hots, presoen %64, hirugarren gradua lortzeko moduan egongo lirateke, hau da, erdi aske edo baldintzapean aske.

Manifestazioak Zabalburutik Hurtado Ametzaga kalera jo zuen, «Euskal presoak etxera» oihu artean, eta, zenbaitetan, euripean. Etapa berri honetarako Sarek diseinaturiko ikur berria lehen aldiz agertu da mobilizazio honetan, eta manifestari ugarik horrelako ikurrak zeramatzaten. Hurtado Ametzaga kalean, Ernai erakundeko gazteek pankarta handi bat eskegi zuten eta bengalak piztu zituzten, apirilean Elorrion (Bizkaia) antolatuko duten Gazte Topagunerako dei egiteko.

Plaza Zirkularrera iritsita, Buenos Aires kalean barrena egin zuten manifestariek eta udaletxera heldu ziren. Hamar minutu geroago hasi zen ekitaldi politikoa, jendetza oraindik udaletxeko zubitik hara iristen ari zen bitartean.

Ikusi gehiago:Presoen eskubideen alde, aho batez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.