Guraso askok arazoak izan dituzte urteotan. Haurra izan, izen bat jarri nahi, eta Espainiako Erregistro Zibilak baimenik eman ez. Arrazoia: Euskaltzaindiaren arabera, izen hori ez dagokio umearen sexuari. Akademiak kexuak jaso ditu urteotan. Aldatzeko urratsak egiten hasi da. Izendegiaren bertsio berritua egin dute, eta, lehen aldiz, izen neutroak sartu dituzte listan. Adibidez, orain arte Euskaltzaindiak ez zuen ontzat jotzen alabari Amaiur izena jartzea, edo semeari Aloña. Aurrerantzean, horretarako modua izango da 500 izen ingururekin, «neutrotzat» jo baitituzte, bai gizonei bai emakumeei jartzeko modukotzat. Baina ez kasu guztietan: izen gehienak sexuaren arabera bereizita daude.
Onomastika jardunaldia egin du Euskaltzaindiak, eta atzo aurkeztu zuten Onomastika Batzordeak azkenaldian egindako lana. Tartean dago pertsona izenen zerrenda berritua. Akademiak 2001ean argitaratu zuen orain arteko mugarri nagusia, paperean. 2011n, moldaketa bat egin zuen. Izendegi berritua webgunean dago, eta ez du papereko argitalpenik izango: zerrenda «dinamikoa eta irekia» izatea nahi dute. Hala azaldu du Paskual Rekalde Onomastika Batzordeko kideak. Beraz, atea zabalik utzi dute orain egin gabeko aldaketak sartzeko.
Euskaltzaindiaren izendegiak eragin handia du haurrei izenak jartzean, Erregistro Zibilak hura hartzen baitu oinarri. Akademiak, urteetan, argudio bat erabili du: Espainiako legeek behartu egiten dutela izenak sexuaren arabera bereiztera —1957ko lege bati buruz ari da—. Are, tradizioa eman izan du argudiotzat: «Euskaraz ez da inoiz egon izen mistorik, beti bereizi dira gizon eta emakume izenak». Rekaldek aitortu du urteetan «tradizioari» jarraitu diotela hitz arruntak eta toponimoak izendegian zer sexurekin lotu erabakitzeko —Sabino Aranaren eta Jose Maria Satrustegiren izendegiei segituz, adibidez—.
«Malgutasun» eske Madrili
Banaketa horrek zer polemika zekarren ikusita, Euskaltzaindiak eskari bat bidali zion iaz Espainiako Gobernuari; ohartarazi zion euskaraz badirela genero markarik gabeko izenak, eta irizpideak «malguago» aplikatzeko eskatu zion. Berez, 2011ko lege batek bertan behera utzia du izenak sexuaren arabera bereizteko betebeharra, baina, Euskaltzaindiaren arabera, oraindik ez dago indarrean.
Irizpideak aldatzea erabaki du, hala ere, Euskaltzaindiak. Rekaldek iradoki du Euskaltzaindi barruan denbora eman dutela auzia aztertzen: «Ez da atzo goizeko erabakia». Orain arte, bi multzo izan ditu izendegiak: gizon izenak eta emakume izenak. Beste bat sartu dute orain: izen epizenoak. Hor daude bi sexuentzat onartu dituzten izenak. Leku izenak dira gehienak. Kontuan izatekoa da, gainera, egoera bitxiak sortu dituela aldaketa horrek. Adibidez: bi sexuentzat onartu dituzte Haize, Alai eta Nahi izenak, baina andreen izendegian bakarrik sartu dituzte Haizea, Alaia eta Nahia.
Izatez, izen neutroen zerrenda zabaldu duten arren, izendegiko zatirik handiena sexuen araberako banaketaren araberakoa da oraindik. Elizarekin lotutako izenak daude tartean —santuenak eta ama birjinenak—, baina badira toki izenak ere, edo naturarekin lotutakoak. Esate baterako, oraindik gizonen zerrendan daude Iraitz, Ekhi eta Aratz, eta emakumeenean Ilargi, Izaro eta Lur. Aldatzeko aukera badagoela esan du Euskaltzaindiak: «Datuen argitan frogatuko balitz sail horretako izen batzuek esleitua duten generoaz gain beste generoarekin ere erabili edo erabiltzen direla, datuak egokitu beharko lirateke». Eustaten datu bat: neska jaioberrien izenetan, 27. lekuan dago Maren izena, eta gizonetan ez da lehen ehun izenetan ageri. Izendegian, gizonen listan dago.
Idoia Trenor: «Ez gara geure izenen jabe»
Izendegia. Euskaltzaindiaren aldaketa
Lehen zirrikitua izen neutroentzat
Euskaltzaindiak euskal izendegia aldatzeko urrats bat egin du: genero marka kendu die izen batzuei. Atea zabalik utzi dute aldaketa gehiagorako: «Izaera irekia du izendegiak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu