«Gehiagotan liluratuko gaitu; ziur gaude»

Eduardo Cellesek eta Ander Padurak Rahmen balentria goratu dute. Urrutira iristeko gaitasuna duela nabarmendu dute

Mikel O. Iribar.
2021eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Txikitan zuen ametsa egia bihurtu du Jon Rahm golflariak. «14 urte zituela, garbi esan zidan: 'Noizbait munduko rankingean lehena izango naiz». Eduardo Cellesen (Getxo, Bizkaia, 1966) aitorpena da, Rahmen betiko entrenatzailearena. Pozarren eta konplizitate osoz mintzatu da Celles, haren «ikasle kuttunak» AEBtako Irekia irabazi eta biharamunean. «Kalifornian jokatzen zenez, gaueko hirurak arte egon nintzen esna. Lo gutxi egin dut, baina merezi izan du».

Txapelketa handiek prestigio eta balio berezia dutela badakite goi mailako golflariek. «Akats txikiena ez egitera joan behar duzu; bestela, jai duzu». Bederatzigarren zulotik aurrera hasten da «benetako dema», Cellesen esanetan. «Momentu horretatik aurrera, jokalariek presio handiagoa sentitzen dute, irabazteko aukera handiagoa dutelako». Entrenatzaile getxoztarrak, ordea, ez zion urduritasunaren zantzurik atzeman Rahmi; aurkakoa baizik. «Lasai zegoen. Adinean aurrera egin ahala, eskarmentu eta heldutasun handiagoa metatu du». Golflari handiek tenplea mantentzeko gaitasuna dute. Rahm da horietako bat.

Patxadak eta soseguak eraman zuten Barrikako (Bizkaia) golflaria garaipenaren bidera. Azken bi zuloetan asmatzea izan zen gakoa. Eta bai asmatu ere. Cellesek ongi iltzatuta dauzka une horiek. «Bi birdie-rako putt ikusgarri egin zituen, oso zailak zirenak». Baina Rahmek «inolako zailtasunik izan gabe» sartu zuen pilota bi zuloetan: garbi-garbi. Nola da posible? Ander Padura (Amurrio, Araba, 1980) Larrabea golf zelaiko arduradunak honela arrazoitu du: «Azken bi zulo horiek Larrabeako bi zuloen ezaugarri oso antzekoak dituzte: malda, belar mota, diseinua...». Hain justu, Rahmek Arabako zelai horretan eman zizkion lehen kolpeak pilotari. «Txapelketaren amaieran, argi esan zuen etxean bezala sentitu zela. Larrabearen izena lau haizeetara zabaltzeak harro sentiarazten gaitu».

Padura «pozik» zen atzo Rahmek lortutako garaipenarekin. «Gauean bertan, bazkideok hainbat mezu bidali genizkion elkarri». Larrabeako arduradunak argi zuen Rahmek noizbait balentria handiren bat egingo zuela. «Irabaziko duen ustea beti duzu buruan, eta iritsi da eguna. Sinesgaitza da benetan». Telebistaz ikusi zuen txapeldunaren une loriatsua. «Oso zentratuta ikusi nuen txapelketan. Burua hotz zuela, zuhur jokatu zuen, baita akatsak saihestea lortu ere». Azken aldian, putter-arekin egindako aldaketei esker, Barrikakoak emaitza onak lortzeko erraztasuna izan duela dio. «Ahalegin horrek eman dio benetako saria».

Eta hori guztia, duela bi aste COVID-19agatik itxialdian egon eta gero. Erdietsitako garaipenak balio bikoitza duela azpimarratu du Cellesek. «Mentalki oso indartsua izan da». Zehazki, koronabirusean positibo eman zuenean, Memorial torneoko garaikurra esku-eskura zuen. «Historia egingo zukeen; inork ez baitu txapelketa bi urtez jarraian irabazi. Ez zuen lortu, ordea. Dena dela, kirolari profesionalek egoera zail horiei aurre egiteko gaitasuna izan behar dute. Eta Jonek badu dohain hori».

Ez dauka mugarik

«Etengabekoa» da bien arteko harremana, nahiz eta txapelketan ez duten askorik hitz egin. «Joni ahalik eta gutxien molestatzen saiatzen naiz, bere horretan zentratuta egon dadin. Aholkuren bat emateko eskatzen badit, emango diot, baina, oro har, berari uzten diot». Zergatik, bada? «Irakaskuntzan, ikasleak autosufiziente izan eta egindako akatsak eurek bakarrik zuzentzeko gaitasuna izan dezaten lortu behar du irakasleak». Alde horretatik, ez du kezkarik.«Ez du erreferentzia askorik behar».

Cellesek ez du ukatu Rahmek egindako balentriaren zati txiki bat berea dela. «Harro nago Jonen ibilbidean nire hondar alea jarri izanaz». Zehazki, Barrikakoak hain barneratuta daukan swing mugimendua harengatik datorkio. «Irakasle-ikasleak izateaz gain, lagunak gara, eta hori bizitza osoan mantenduko dugu. Bion arteko harremana eta maitasuna kirolaren gainetik dago». Bestalde, Rahm garai gozoan dagoela ez dago baztertzerik. «Aurrera begira ere ez dauka mugarik», Cellesek azaldu duenez. «Jonek dohain izugarriak ditu barruan, eta laster aterako ditu kanpora. Hemendik aurrera, gehiagotan liluratuko gaitu; ziur gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.