Klima politika zorrotzagoak, murrizketa handiagoetarako

Frans Timmermans Europako Batzordeko klima burua. OLIVIER MATTHYS / EFE.
2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Murrizketa helburu handinahiagoekin, derrigorrezkoa da klima larrialdiari aurre egiteko arau guztiak moldatzea haiek zorrozteko, eta lege berriak sortzea ere bai. Datorren astean hamahiru arlotarako proposamenak aurkeztuko ditu Europako Batzordeak.

MOLDAKETAK
Karbonoa isurtzegatik ordaindu beharko dute errepide garraioak eta etxebizitzek. Emisio Eskubideen Salerosketarako Eskema (EU ETS) Batasunaren tresna nagusia izan da azken urteetan. 10.000 bat lantegiri emisioak mugatu dizkio, kasu batzuetan doan jaso eta gero saleros daitezkeen emisio eskubideen bidez, eta muga, hots, karbono isuriak urtetik urtera txikituz.
Orain arte, argindar sektorea, industriako lantegi handiak, altzairutegiak, zementugileak eta Europako barneko hegaldiak sartu dira eskeman (EBko berotegi emisioen %40), baina orain sektore gehiago sartu nahi ditu Batzordeak: itsas garraioa zuzenean sartuko litzateke, eta propio sortuko den eskema berezi batean, errepide garraioa eta etxebizitzen berokuntza. Bi sektore horiek, beraz, ordaindu egin beharko dute isuriengatik, eta murriztuz joango zaie isuri ahalko duten kopurua.
Deskarbonizazio helburu berriekin, zenbat emisio eskubide, eta haiek nola banatu edo saldu eztabaida egongo da. Baita eskematik ateratzen den dirua zertarako erabiliko den ere.
Nekazaritzaren isuriak konpentsatu egin behar. Landa erabileraren eta basogintzaren arauak. Araudi horrek herrialdeak behartzen ditu nekazaritzak eta basogintzak berak konpentsatzera sektoreak sortzen dituen karbono isuri guztiak. Aurten bihurtuko da lege, baina dagoeneko berritu behar da helburu berrietarako egokitzeko. Filtrazioen arabera, Batzordeak konpentsatu beharreko karbono kopurua handitu nahi du 225 milioi tonatik 310 milioi tonara.
Herrialdeentzako murrizketa helburu berriak. Eskubideen eskemak karbono isurien %40 hartzen baditu, isurien gainerako %60 xedea murriztea ahalegin partekatuaren araudiarena izan da. Herrialde bakoitzari isurien murrizketa helburuak ezartzen dizkio, BPGaren arabera. Orain ikusi beharko da hori nola uztartu errepide garraioarentzat eta eraikuntzarentzat sortuko duen isurien eskubide eskema bereziarekin.
Energia berriztagarriek toki handiagoa mix-ean. Deskarbonizazioa soilik energia berriztagarriekin lortuko da, eta haiek egungoa baino askoz ere zati handiagoa hartu beharko dute energia mix-ean. Gaur egun, EBko energia mixaren %20 inguru hartzen dute berriztagarriek, eta helburua izan da 2030erako %32 izatea. Baina gehiago beharko da %55eko murrizketa helbururako. %38-%40 inguru, Batzordearen ustez. Gai honetan, isuri txikiko erregaiek (gas naturalak) zein toki izango duten, ziur, eztabaida piztuko da.
Efizientzia helburuak, bete beharrekoak. Energiaren%32,5 aurrezteko helburua derrigorrezko bihurtu nahi du Batzordeak. Horretan, eztabaida da helburu horrek Batasun mailakoa izan behar duen, edo herrialde bakoitza derrigortu behar duen.
Hiru milioi kargaleku hamar urtean. Ibilgailu elektrikoentzako kargalekuen eta prezioen inguruko araudia berrikusi nahi du Batzordeak, kontsumitzaileei erraztasunak eta gardentasuna emateko, eta kargaleku kopurua 2030ean hiru milioira eramateko.
Autoetan errekuntza motorrik ez, 2035etik aurrera. 2020. urteaz geroztik, merkaturatzen dituzten autoentzako karbono aurrekontu bat ezartzen zaie automobilgileei.
Orain arteko araudiak dio EBn saltzen diren ibilgailu arinen emisioen batezbestekoak %37 txikiagoak izan behar dutela 2030ean, 2021eko mugarekiko (95g CO2 kilometroko). Batzordeak orain helburu hori %65era handitu nahi duela diote filtratutako zirriborroek, eta 2035etik aurrera auto berriek errekuntza motorrik ez izatea, hots, ez isurtzea karbonorik. Automobilek egiten dituzte Batasuneko CO2 isurien %12.
Erregaien gaineko zergen eguneratzea. Energiaren gaineko zerga tasak ezartzen dituen arauan aldaketa asko ikusten ditu beharrezko Batzordeak. 2003. urteaz geroztik ez dira berritu gutxieneko tasak; horrez gain, tasak txikiagoak dira erregai fosilentzako argindarrarentzako, noiz eta helburua denean ekonomia ahalik eta gehien elektrifikatzea. Erregai fosilen artean bertan, aldeak deigarriak dira: hegazkinen kerosenoa ez da zergapetzen, eta dieselak gutxiago ordaintzen du gasolinak baino.

NEURRI ETA LEGE BERRIAK
Karbonoarentzako muga zerga. Batasuneko industriari eta negozioei isuriak murrizteko eskatzeak ez du zertan ekarri CO2 gutxiago isurtzea; arriskua hor dago eta argia da, isurketa horiek murrizketarik gabeko eta ekoizpen kostu txikiko herrialdeetara joatea, lantegiekin eta lanpostuekin batera. Baita Europako konpainien lehiakortasunari kalte egiteko arriskua ere. Hori eragozteko sortu nahi du karbono muga-zerga Europako Batzordeak. Filtrazioen arabera, lehen pauso bat izango da, oso mugatua, zementu, ongarri, altzairu argindar eta aluminio inportazioei ezarriko zaiena. Mekanismoa eta emisioen eskemako doako eskubideak nola bateratu eztabaidagai dago hor, baita garapen bidean dauden herrialdeetako inportazioak zergapetu behar ote diren ere. Karbonoaren muga zergak, gainera, bateragarritasuna bilatu behar du Munduko Merkataritza Erakundearen arauekin.
Zaurgarrienei laguntzeko funtsa. Klima ekintzarako gizarte tresna. Herritarren artean oso eragin desberdina izango du errepide garraioko eta eraikuntzetako emisioak mugatu eta murrizteko eskubideen eskema berriak. Mundu guztiak ez du aukera ekonomiko bera auto elektriko garesti bat erosteko edota etxebizitza isolatzeko. Inpaktu sozialari aurre egiteko, Frans Timmermans komisarioak funts bat osatu nahi du, eskematik lortutako diru sarreren zati batekin (erdia edo), herritar zaurgarrienak trantsizioaren kostuekin laguntzeko, klima ekintzarako gizarte tresna deitu dio.
Basoentzako estrategia berria. Basoak babesteko neurri berriak nahi ditu Batzordeak, eta, dirudienez, lehenetsi nahi ditu baso primarioak eta hazkunde zaharrekoak. Basogintza handia duten herrialdeak kontra daude.
Erregai jasangarriak. Batzordeak nahi du hegazkinek erregai fosilak nahasten hastea erregai berdeekin (bioerregaiak eta elektroerregaiak). Portzentajeak ezarriko ditu, kontuak izanik halako erregaien ekoizpena oraindik txikia dela. Hidrogeno berdearekin sortutako erregai sintetikoentzako sarbidea ere proposatuko du.
Europako itsaso eremuen berdatzea. Itsas garraioan ere erregai jasangarriagoen erabilera sustatu nahi du Batzordeak. Ziurrenez, gas natural likidotuaren erabilera babestuko du, baita bioerregaiak ere, beste erregai jasangarriagoak oraindik ez direlako ekoizten neurri berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.