Konfinamenduak herritarren egunerokoak aldarazi dituen heinean aldatu ditu erosketa eta salmenta ereduak ere. Osasun krisiak hankaz gora jarri ditu zenbait sektore, eta kalteak nabarmenak dira gehienentzat dagoeneko. Eragina nabarmena izaten ari da lehen sektorean, esaterako. Nekazariak zailtasun ugari izaten ari dira beren produktuak saltzeko. Jende pilaketak saihesteko aitzakian, baserritarren azokak egitea debekatu dute hainbat herritan; gutxi batzuek eutsi diete, baina neurri zorrotzekin. Arazo horri irtenbide bat emateko asmoz, egitasmo ugari aurkeztu dituzte azken egunetan nekazariek eta erakundeek, batzuetan nork bere aldetik, besteetan elkarlanean.
www.lekuko.com webgunea da egitasmoetarik bat. Atzo aurkeztu zuten, eta astelehenetik aitzina izanen da erabilgarri. Idoki etxe ekoizleen elkarteak, BLE Biharko Lurraren Elkarteak, EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eta ELB sindikatuak sortu dute. Asteroko banaketa sistema bat abiatuko dute, hogei bat herritan, herrietako zerbitzu teknikoen laguntzarekin.
Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak astelehen arratsean iragarri zuen merkatu irekiak debekatuko zituela; astebetean prestatu dute Interneteko plataforma, laborariaren eta kontsumitzailearen arteko zuzeneko harremana egiteko. Orotara, Ipar Euskal Herriko ehun bat etxaldetako mozkinak izanen dira eskuragai. «Kontsumitzaileak bere herrian banatuko duten laborarien zerrenda ikusiko du webgunean, saltzen dituen mozkinekin eta prezioekin», azaldu du Patrick Sallaberri Idoki etxe ekoizleen elkarteko kideak. Laborariarekin zuzeneko tratua eginen dute kontsumitzaileek, eta transferentzia bidez ala txekez ordaindu.
Banaketak astean behin edo bitan eginen dituzte, lekuen arabera. «Helburua da ahal bezain kontaktu gutxien izatea». Edozein dendatako drive zerbitzuak bezala funtzionatuko du: herritarra autoz hurbilduko da banaketa gunera, eta laborariak autoaren maletategian sartuko dio eskatutakoa. Oinez hurbilduko direnentzat, distantziak errespetatzeko neurriak hartuko dituzte. Mozkinak garraiatzeko, banaketa puntu bereko laborariak elkarren artean antolatuko dira.
Lekukoa.com webguneaz gain bestelako aukerak ere badirela oroitarazi du Saleberrik: etxaldeetako salmenta, erosketa taldeak, ekoizle saltegiak… «Krisiari erantzuteko eta presaka sortu dugu tresna berri hau. Espero dugu herritarren eta laborarien arteko harremana gehiago lantzeko balioko duela». Hori baita, haren ustez, geroari buruz izan beharreko gogoeta. «Denok dugu ardura; gure ekonomia birtokiratu behar dugu».
'Baserrikoplaza.eus'
EHKolektiboa agroekologiaren aldeko baserritar eta herritarren sarea ere ari da antolatzen. Atari bat ireki dute sarean; azoka birtual bat, plaza bat, non nekazariek produktuak saltzeko aukera izango duten. Webguneak Baserrikoplaza.eus du izena, eta egituraketa fasean dago une honetan, Leire Rodriguez plataformaren dinamizatzaileak azaldu duenez. «Ahal den heinean garatzen ari garen tresna bat da. Une honetan, informatikarien laguntza lortzen ari gara, barne egituraketa eta garatze lan handia duelako. Baserritarren informazio fitxak ere egiten ari gara, nongoak diren eta zer produktu dituzten jakiteko». EHKolektiboarekin batera ari dira Freedoo informatika zerbitzuak, Talaios kooperatiba eta Amanzosc aholkularitza.
Webgunea ez dago martxan, eta ez dute zabaltzeko datarik ere aurreikusi oraingoz. Antolaketa zehazten ari dira, Rodriguezek esan duenez. «Ez dakigu ongi nola funtzionatuko duen, baina hasierako planteamendua litzateke eskualdekako taldeak egitea, zeinak konektatuko dituen tokiko baserritarrak bertako erosleekin». Xehetasun ugari adostu behar dira ataria abiatu aurretik, ez baita gauza bera esnekiak dituen ekoizle bat izan, edo bere bezeroak finkatuak dituen baserritar bat.«Inguruan duenari egokitu behar da. Ez da bakoitzak nahi duen hori eskuratzeko modu bat», azaldu du Josebe Blanco Antzuolako (Gipuzkoa) Pikunieta baserriko nekazari eta EHKolektiboko kideak.
Egitasmoaren sustatzaileek argi dute ezen plazak, birtuala izanik ere, baserritarrek eta herritarrek elkarrekin harremantzeko toki bat izan behar duela. «Gure asmoa ez da Internet bidezko supermerkatu bat antolatzea. Filosofia da baserritarrek eta kaleko herritarrek bide bat izatea harremanetarako. Gure lana janaria egitea da, eta horri jarraitzen diogu».
Azoken gabeziak bultzatuta ekin diote proiektuari. Azokak baitira nekazarientzat beren negozioaren eta komunitatearen epizentro. Horregatik kexu da Blanco bertan behera uztearen arrazoiekin; batez ere, supermerkatuetan ere argudioak berberak direlako. Lehen egunetako pilaketak jarri ditu horren eredu: «Etsigarria da; ez da justua». Blancoren hitzetan, azokan egin daitezkeen kontrolak eraginkorragoak dira. Salgaien katea da horren erakusgarri: «Supermerkatuetako apaletan dauden horien katea luzea da, eta arrisku gehiago dute. Azokan, aldiz, badakizu baserritarrak bakarrik ukitu duela janaria, eta zuk ukituko duzula hurrena; beraz, kontrola zorrotzago ezarri ahal da».
EHKolektiboak ez du baztertzen beren egitasmoa beste nekazari batzuengana zabaltzea. Hala ere, tokian-tokian antolatu dira arazoari irtenbidea emateko bestelako egitasmoak ere. Etxeko Azoka da horietako bat. Donostia inguruko ekoizle ekologiko batzuek sortu dute proiektua, ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren babesarekin, etxez etxeko banaketari ekiteko. «Aurreko urteetan Biolur elkartearekin batera garatutako hornitze kolektiborako proiektuaren emaitza da. Proiektu hari esker, Gipuzkoako baserritar ekologikoen talde bat bildu zen Donostiako jatetxe, kontsumo talde eta beste kolektibo batzuei elikagai ekologikoen eskaintza kolektiboa egiteko. Gaur egungo egoera ikusita, baina, sortzen ari ginen plataforma baliatua dute etxez etxeko banaketari ekiteko», azaldu du Ugutz Falzes ENEEKeko kideak.
Sareko.net webgunea egokitu dute horretarako, eta aldez aurretik izena eman behar daparte hartzeko. Eskaerak, gutxienez, berrogei eurokoa izan beharko du, eta astean bi aldiz egingo dituzte banaketak: asteartean eta ostegunean. Oraingoz, Donostian bakarrik jarri dute abian Etxeko Azoka egitasmoa, baina beste eremu batzuetara zabaltzea da sustatzaileen asmoa: «Egunotan epeez hitz egitea ez da erraza, baina, gurea iragarri eta lehenengo orduetan izan dugun erantzun paregabea ikusita, argi dago kontsumitzaileen artean eskaria eta nahia badagoela».
Erakundeen neurriak
Eusko Jaurlaritzak ere baserritarren salgaiak jaso eta merkaturatzeko zerbitzu bat abiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Datorren astean jarriko da martxan, eta Lurrarte Baserriko Uzta enpresa arduratuko da banaketaz, Haziko teknikarien, landa garapeneko agentzien eta udalen laguntzarekin. Aurrerago Arabara eta Bizkaira ere zabaltzea da asmoa.
Akitania Berria eskualdeak ere sortu du plataforma bat heldu den astetik aitzina erabiltzen ahalko dena. Haatik, mota guzietako ekoizle eta elikagai saltegiak izanen dira ikusgai bertan. Kontsumitzaileak geolokalizatzeko aukera izanen du, eta, gisa horretara, bere inguruan diren elikagai salmenten berri izanen du. Xehetasun gutxi eman badute ere, badirudi elikagaiak zuzenean etxeetara eramateko zerbitzua antolatu nahi dutela, baina dendetan berreskuratzeko aukera ere eskainiko dute.
Tokian-tokian, bestelako proposamenak ere egin dituzte. Angelun (Lapurdi), adibidez, ostegun eta igandeetan Quintaou plazan egiten den merkatuko elikagai saltzaileen zerrenda eta kontaktuak plazaratu dituzte herriko webgunean. Helburua zuzeneko salmenta martxan jartzea da, astean behin, ostegun goizetan, Quintaou plazan banaketa puntu bat antolatuta. Herriko etxea ari da zerbitzua antolatzen.
Baionan ere proposamen bat baino gehiago aurkeztu ditu herriko etxeak. Hiri erdiko merkatu estalia irekitzeko baimena onartu du Pirinio Atlantikoetako prefeturak, eta baldintzak zorroztu dituzte jende kopurua mugatzeko. Halaber, merkatu estaliko dendariek etxez etxeko banaketa ere eskainiko dute. Horrez gain, hirian diren bost baratzezainek saskiak proposatuko dituzte. Telefonoz egin beharko da eskaera, eta hiriko hiru gunetan banatuko dituzte, astearte, asteazken eta larunbat goizetan.
Herriko etxeek aukera dute Pirinio Atlantikoetako prefeturari merkatu irekiak antolatu ahal izateko salbuespenak eskatzeko. Ondoko asteetan ikusi beharko da Ipar Euskal Herriko herriei halakorik onartzen dieten.
Koronabirusa. Lehen sektorea
Sarean dira azoka plazak
Baserritarrek eta erakundeek askotariko egitasmoak jarri dituzte martxan produktuak saltzeko, herrietan antolatzen diren elikagai azoka anitz bertan behera gelditu ondotik. Interneteko plataformen bidez, kontsumitzailearen eta ekoizlearen arteko harreman zuzena lantzen ari dira kasu gehienetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu