Koronabirusa

Hilekoa aparte utzi dute

Sareko zenbait mezuk ohartarazi dute txertoek emakumeengan izan dezaketen nahi gabeko ondorio bati buruz: hilekoan gorabeherak eragin dizkie askori. Ez dago argi hori zerk eragiten duen, gaiari buruzko ikerketa gutxi baitaude.

Emakume bat, txertoa hartzen. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2021eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Txertoaren nahi gabeko ondorio posible bat da, baina ohartarazpena ez dute jaso erabilera orrian: Twitterren hartu du oihartzuna. Gero eta ugariagoak dira txertoa hartu ondoren hilekoan eragin diela dioten emakumeen mezuak. «Gorabeherak izan dituzte hilerokoaren ugaritasunean, iraupenean, erregulartasunean, baita sintometan ere», azaldu du Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak. Hilekoa dutenek soilik ez, jada menopausiara heldu diren emakumeek edo hormonak hartu dituzten gizon transek ere jakinarazi dituzte ondorio horiek.

Eta horrek nolabaiteko kezka sortu du, txertoa inguratzen duen zalantzaren eta beldurraren lainoa opakuagoa bilaka dezakeelako. Baina erreakzio hori txertoak gorputzean eragindako estresaren ondorio izan daitekeela uste du Gorka Barrenetxea Reproduccion Bilbao klinikako ginekologo eta EHUko irakasleak. «Estresa diodanean, edozein motatakoa izan daiteke, fisikoa edo psikologikoa; azken finean, gorputzeko aldaketa bat da, erreakzio bat», azaldu du. Haren hitzetan, hilekoa erregulatzen duen sistema endokrinoa «oso sentikorra» da, eta erraza da oreka haustea. «Eta oreka hori apurtzen denean, baliteke odola jariatzea».

Baina txertoak, bere hartan, ez du eraginik hilekoan: hori uste du Barrenetxeak. Txertoak gorputzean sortzen duen aktibazio immunologikoari lotuago dagoela uste du, zenbaiti inflamazioa eragin baitie, eta horrek gorputzari estresa sorrarazten baitio: «Ez dut uste erreakzio immunologikoak zuzenean eragin dezakeenik; baliteke, ordea, estresa sortzea eta horrek hilekoan eragitea».

Hori da, Basterretxearen iritziz, fenomenoak duen azalpena. Eta, oraingoz, ez dago bestelako teoriarik. Baina Galarragak aurkitu ditu bi hipotesi, Illinoisko (AEBak) eta Granadako (Espainia) unibertsitateak egiten ari diren ikerketetan, eta horiek ere egoera azaldu dezaketela dio.

Lehenengoak zera dio: hilekoak inflamazioa sortzen duela, endometrioa berritzen delako. Eta berritze horretan, immunitate sistemako zelulek ere parte hartzen dute: «Azalpen bat izan daiteke txertoa ematen dizutenean immunitate sistema aktibatzen denez interakzio bat egotea endometrioa berritzen dabiltzan zelulekin». Bigarrenak SARS-COV-2 birusak gorputzean sartzeko erabiltzen duen errezeptore bat jarri du jomugan: ACE2a. «Gorputzeko leku askotan daude errezeptore horiek, baita umetokian ere. Txertoak errezeptore horietan eragiten du; orduan, baliteke horregatik izatea gorabeherak hilekoan».

Zientzia ez da salbuespena

Espainiako Gobernuak erregistratutako kasuak baliatuta, txertatutako milioi bat emakumetik 29k ondorio horiek pairatu dituztela ondorioztatu du Galarragak: «Erresuma Batuan handiagoa da kopurua, milioi bakoitzeko ia 600».

«Baina baliteke gehiago izatea». Izan ere, hilekoak izan dituen gorabeherak ez dira agertzen txertoaren nahi gabeko kalte ofizialetan, eta ondorioz, jasan dituztenetako askok ez dituzte jakinarazi. Hori ez da kasualitatea, Galarragaren ustetan: «Horrekin zerikusi handia du osasungintzan emakumeok tratatzeko duten erak. Askotan, gutxiesteko joera dago, eta, horregatik, jakinarazten direnak baino kasu gehiago izango dira errealitatean, ziur asko». Ez da kasualitatea, ezta ere, txertoak hilekoan izan dezakeen eraginari buruzko ikerketarik apenas egotea, jakinarazitako kasuak onartuta dauden zenbait nahi gabeko ondoriok baino intzidentzia askoz handiagoa badute ere. Eta hori zientzian ere «emakumeen aurkako diskriminazio sistematiko» bat dagoelako gertatzen da, sinpleki. Galarragaren hitzetan: «Emakumezkoak ez dira berariaz aztertzen».

Horren adibide da ikerketan erabilitako emakumeen kopurua. Galarragak salatu du, esaterako, ACE2 errezeptorearen ikerketa guztien %70en gizonezkoek bakarrik parte hartu dutela: «Eta hori emakume eta gizonei berdin eragiten dien errezeptore bat izanda, ustez». Bada, zer esanik ez, emakume gehienei lotutako nahi gabeko ondorioak ikertzean. Hori irudikatzen duen adibide bat jarri du: «Hasieran, txertoak zakila altxatzeko arazoak ekar zitzakeela zioten esamesak zabaldu ziren. Eta hori oso zorrotz ikertu zuten: beldur handia zuten hori asko zabalduz gero gizonezko askok uko egingo lioketela txertatzeari. Ikerketa sakonak egin dira frogatzeko faltsua dela, hori ez dela horrela, eta gizonak lasaitu daitezen. Ez da horrelakorik gertatu emakumeokin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.