Gogoeta prozesu baten ondoren, etapa baten itxiera ekarri zuen 2019an Zarautzen egindako Kilometroak festak, eta jaiari beste forma eta molde bat ematea erabaki zuten Gipuzkoako ikastolek: txikiagoa eta parte hartzaileagoa izatea, aldarrikapen kutsua berreskuratuta. Pandemia iritsi zen gero, eta erabat baldintzatuta egin dira azken bi Kilometroak. Bada, aurtengoa izango da aro berriko lehen jaia. Ibarran ari dira ospatzen, Uzturpe ikastolak antolatuta. Mikel Egibar Kilometroakeko koordinatzaileak azaldu du «normaltasunera itzultzeko» festa dela, baita eredu berria lehen aldiz aplikatzekoa ere: «Aspalditik landuta eta planifikatuta daukagun eredu berriaren gauzatze jaia izango da aurten Ibarran egingo duguna».
Hainbat arrazoi dela medio sumatu zuten festa berrasmatzeko beharra: «Kilometroak jaia Gipuzkoako ikastolen jaia da; alegia, ikastolen mugimenduak antolatzen duen jaia, eta historikoki beti izan da, nolabait, egun ludiko bat, ongi pasatzeko gune bat. Baina aldi berean, baita aldarrikatzeko gune bat ere». Aldarrikapen horien artean kokatu ditu ikastolen, hezkuntza sarearen, defentsa eta euskal hezkuntza sistemaren erreibindikazioa: «Ikastolen Elkarteak sare nazionala osatzen dugu, eta proiektu nazional bat lantzen dugu, elkarrekin eta koordinatuta». Bada, eredu berriaren asmoa da aldarrikapen zentzu hori indartzea eta bultzatzea.
Ibarrako Kilometroak mugarria izatea nahiko lukete, jaiari beste kolore bat emanez. Egibarrek adierazi du jaia hitzak egun «ikuspuntu uniforme bat» duela, eta parrandarekin lotzen dela sarri: «Egun izaten diren jai ereduak desinhibizio horren arabera izaten dira; orokorrean, kontsumoan oinarritutako jaiak». Molde horretatik aldendu nahi dute, Kilometroak gozatzeko espazio parte hartzaile bat bilakatuz.
Hala, aurten, Ibarrako herriak dituen ezaugarrien arabera finkatu dituzte ildo nagusiak. Sormenak eta gastronomiak toki berezia izango dute: «Ibarran baratzearen presentzia ikaragarri handia da, beraz, gastronomiak garrantzi handia izango du, eta nola ez, Ibarrako piparrak». Labur eta argi azaldu du nolako jaia izango den: «Hurbila, parte hartzailea eta bertatik sortutakoa».
Musika arloan ere izango dira aldaketak; Badok BERRIAren musika atariarekin aritu dira lankidetzan: «Ez ditugu besterik gabe kontzertuak eskaini nahi, baizik euskal musikaren ibilbidea eskaini nahi dugu. Leku batetik bestera joanez gero estilo desberdinak ezagutzeko aukera ematen duen ibilbide bat diseinatu dugu». Euskal kulturari plaza bat eskaini nahi izan diote, eta adin guztientzako egitaraua atondu dute. Egibarren arabera, lan pedagogiko sakona egin dute.
Beraz, zein dira eredu berriaren ezaugarri nagusiak? Hala dio Egibarrek: «Gure jaiak misio bat eduki behar du, aldarrikapen bat. Kilometroak sortua dago euskal hezkuntza sistemaren defentsa egiteko, baina nola ez, euskarari plazak eskaini eta horiek egonkorrak bihurtzeko».
Urtean zeharrekoak
Aurten hainbat egitasmo egin dira Kilometroak jaiaren barruan: herri kirolak, bertso saioak, eskultura erakusketa, Infinitu Irribarra egitasmoa... Horretan ere badu pisua eredu aldaketak: eguneko festa txikiagoa izango da, eta urtean zehar egindako ekimenekin osatuko dute. Balorazio positiboa egin dute, eta azaldu ikuspuntu kualitatiboa lehenetsi dutela. Beste ideia bat ere argi dute: urtero ez dituzte egitasmoak inertziaz eta sistematikoki errepikatuko. «Eredu berriaren bidez fisosofia aldatu da. Urtetik urtera jakin behar dugu dauden beharretara doitzen, eta ikastola bakoitzak finkatzen dituen helburuen araberako jaia izaten». Errenterian izango dira hurrengo Kilometroak, eta Egibarrek azpimarratu du dagoeneko ari direla urteko dinamika antolatzen.
Bidean, noski, beti izango dira hobetu beharrekoak, baina erronka bat zehaztu du, luzera begirakoa: auzolanaren filosofia indartzen jarraitzea. Haren esanetan, hor dago «klabea», eta argi du: «Jaiaren oinarririk finkoena da auzolana».
Gogoeta prozesuaren emaitza
Aro berriko lehen Kilometroak izango dira aurtengoak. Antolatzaileek esan dute jaiak aldarrikapen kutsua berreskuratzea eta parte hartzaileagoa izatea nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu