enekoitz esnaola
Udalen osaketa Hego Euskal Herrian. ANALISIA

Zaharra berri Hegoaldean

2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Garden geratu da Hego Euskal Herriko norabide instituzionala, klarki ulertzen da: Nafarroan erregimena, EAEn EAJ-PSE. Alkateen inbestidura saioetan ikusi da bestelako kolorerik —batik bat, EH Bildurena, alkatetza ugari baitu; batzuk, udalerri handi samarretan—, baina norabideak zaharra du berri.

Uxue Barkos (Geroa Bai) Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariak garbi esan du, inbestidurak aztertuta: PSN ez da zain egon abuztura arte erabakia hartzeko; atzora aurreratu zuen. Izan ere, PSNk aukerarik txikiena ere ez die eman Nafarroako azkeneko lau urteetako aldaketaren indarrei —funtsean, EH Bilduren bazterketagatik—, eta atea zabaldu dio Navarra Sumari (UPN, PP, C's). Iruñean, Lizarran, Burlatan edota Barañainen, gobernu progresistarik ez; Sartagudako kasua, ankerra. Erregimenaren garaira itzuli nahi izan du PSNk, erreparorik gabe. Horrek, jakina, gobernua hartzea eragotziko dio, ulertezina bailitzateke Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak Maria Txibite sostengatzea—aurkeztuko al litzateke, bestela ere?—, eta EH Bildu abstenitzea.

Talde abertzaleek (Geroa Bai, EH Bildu), euren 111.000 forubotoekin —1999an, abertzaleek 63.000 boz—, alkatetza esanguratsuekin —Tafalla, Altsasu, Atarrabia, Zizur Nagusia, Berriozar, Gares, Baztan...—, eta Iruñean edota Lizarran duten indar instituzional eta sozialarekin, oinarria zabaltzen segitzeko aukera dute. Urteotan ikusiko da Navarra Sumaren alternatiba abertzalea eraikitzeko modurik baden.

EAEn ere zaharra berri, espero zen bezala, hor oso bestelako egoera bat egoteko zenbakiak badiren arren. Bestelako egoera baterako entsegu bat egin zen orain bi hamarkada. 1998ko uztailaren 30ean, elkarrekin beroketa ariketa batzuk egin ondoren, ETAk dokumentu bat aurkeztu zien EAJri eta EAri, eta, bigarren puntuan, proposatu zien «Euskal Herriaren eraikuntza edota Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aldeko indarrekin, oinarrizko eta gutxiengo beharren inguruan, unean uneko eta ikuspegi luzeagoko akordioak lotzeko eta dinamikak eragiteko konpromisoa» hartzea. ETAk hori proposatu aurretik, EAEn hasia zen bide berri bat: 1998ko martxoan, Ajuriaeneko Ituna hautsi zen, eta, ekainean, EAJ-PSE koalizio instituzionala —esaterako, Jaurlaritzan 1987tik elkarrekin zeuden—. ETAren planteamenduak ez zuen soilik balio Euskal Herriaren eraikuntzarako eta eskubide demokratikoen alde egiteko, baita —nagusiki— EAEko instituzio asko eta askoren egonkortasunerako ere —EAJ, EA eta HB/EH gehiengo ziren, oro har—. Handik bi astera erantzun zioten EAk eta EAJk ETAri, eta, aipatutako gaiaz, zioten: «Aurrerantzean, tokian tokiko erakundeen gobernabidea eta egonkortasuna lortzearren, beste indar batzuen partaidetza beharrezkoa bada, Euskal Nazioaren defentsaren ikuspegitik gobernu formula egokienak aurkitzen saiatuko gara». Egun bereko (1998-8-13) datarekin, EAJren EBBk, eskutitz baten bidez, ETAri: «[...] Euskal Erkidego Autonomoan, Nafarroan eta Iparraldean [...] ezinbestekoa da hiruron [EAJ, HB, EA] artean gehiengoa osatzea, eta bestela, laugarren bati (edo behar direnei) sarrera ematea, izan ere, ezin baitugu utzi euskal instituzioen egonkortasuna eta berauen kontrola abertzale ez direnen eskuetan». Euskal bide subiranista hura azkar bukatu zen, elkarren arteko desadostasun klasikoak zirela medio.

Biratzea

Ezker abertzaleak estrategia aldatu zuen gero —negoziazio eskema, Madrilekin berriro—. Baita EAJk ere; batik bat, 2004an EBBn buruzagi aldaketa egon zenean: Xabier Arzalluzen partez, Josu Jon Imaz. Biratzea hasi zen EAJn. Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak 2004an bertan Eusko Legebiltzarrean atera zuen aurrera EAEko estatutu berriaren egitasmoa, baina ez zuen bere alderdi EAJren nahikoa babes izan ondoren, Espainiako Kongresuak kolpe batez atea itxi zionean-eta; 2008an ere onartu zuten legebiltzarrean Galdeketa Legea, baina, Auzitegi Konstituzionalak berehala atzera bota zuenean, Ibarretxek atzera begiratu zuen, eta bakarrik zegoen. EAEko 2009ko bozetarako Madrilek ezker abertzale ofiziala legez kanpo utzi zuen, baina EBBk, jakin arren Jaurlaritza gal zezakeela lehen aldiz, ez zuen eskubide zibil eta politikoen bazterketa hura borrokatu, eta Ibarretxek politika utzi zuen, bozen ostean PSE-PP itunarekin Patxi Lopez jarri zenean Ajuriaenean. 2008rako, Iñigo Urkullu zegoen EBBko buru; biratzeak aurrera jarraitzen zuen. 2012an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, Urkullu bera izan zen EAJren lehendakarigaia, eta lortu zuen Jaurlaritzara iristea. EBBko buru ondoren, haren ildoko bat: Andoni Ortuzar. 2013an hasi ziren gehiago finkatzen biratzea, PSErekin «erakundeen egonkortasunerako» hitzarmena sinatuta. 2015ean, alkateen inbestidura saioen bezperan, EAEko aldundiak eta udalak bereganatzeko ituna izenpetu zuten bi alderdiek. 2016an, Jaurlaritzarako hitzarmena; eta, aste honetan, berriro hiru lurraldeetako erakundeetarakoa. EAJk badu plan jakin bat, badu PSE bezalako aliatu leial bat, eta badauka, besteak beste, herritarren sostengu elektoral zabala ere.

Joan den maiatzaren 26ko hauteskundeen ondoren, Irunen Xabier Iridoi EAJko kideak alkatetzarako aurkeztuko zela berretsi izanak urduritasuna eragin zuen PSEn. Iridoi alkate hautatzeak pitzaduraren bat sor zezakeen bi alderdien aliantzan —batik bat, Gipuzkoan—, eta gertatu behar zena gertatu zen: hautagaitza erretiratu zuen Iridoik. EBBk ez zuen nahi inolako higadurarik; zertarako hasi bazterrak nahasten? Egin kontu datorren urtean borobildu nahi duela EAJk erkidegoko mapa instituzionala, PSErekin legebiltzarrean gehiengo osoa lortuta. Egungo estrapolazioek gehiengo absolutua ematen diete, eta baliteke bozak aurreratzea. Horrek denak airean utziko luke hainbat kontu; adibidez, joera subiranista bateko estatus politikoa.

Zenbakiei so egin eta zientzia fikzioa egiten hasita, EH Bilduk eta EAJk erkidegoko ia instituzio publiko den-denak kontrolatuko lituzkete. 1998an baino hautetsi gehiago dauzkate talde abertzaleek, eta ez lituzkete utziko «euskal instituzioen egonkortasuna eta berauen kontrola abertzale ez direnen eskuetan». Ordea, EBBk ez du jite horretako gobernurik nahi, eta ez du gura, aldez edo moldez, herritarrek EH Bildu gobernu talde modura ikusterik. EAEko zirkulua ixtera doa EAJ hurrengo hauteskundeekin.

Ikusteko dago EH Bildurentzat puntu eta aparte bat izango den sasoi hau EAEn. Urteak daramatza EAJri «herri akordioak» eskaintzen. Gaitza du, eta bazterretan badago denbora galdu duen inpresioa. Gaur-gaurkoz, aliantza instituzionala ElkarrekinPodemosekin baino ezin dezake egin; hasi dira zerbaiten biak.

Hegoaldeko politikan, azken urteetan nagusi izan dira instituzioetako jarduera —Nafarroan bazukeen esplikaziorik— eta demokratizazioa. Protagonismo handiegia bereganatu dute talde politikoek —eta, aldika, itxurakoa Gure Esku-k—, eta nahikoa alboan utzi dira nazio eraikuntza eta kohesioa. Beti dago premia hor, eta kontzientzia nazionala apalduz doa —zientoka adibideetako bat, atzo; EITBk: «251 euskal udal eratuko dira»—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.