Gurutze Ezkurdia Arteaga.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

Publikoa ala pribatua, berriz matraka bera

2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
COVID-19aren gorabeheran arduratuta bagabiltza ere, badira arduratzen gaituzten beste gai batzuk. Espainiako Hezkuntza lege berriak eraginda piztu da, berriz ere, eztabaida. 1993ko Euskal Eskola Publikoaren Legearen ondorioz aldaketa erabakiorra gertatu zen EAEko hezkuntzan: hiru saretan —publiko, pribatu eta ikastolak— antolatuta izatetik, Espainiako Hezkuntza sistemaren eredu bikoitira, publiko-pribatura egokitu behar izan zen, haserre eta eztabaida sakonen artean.

Ikastetxe Kontzertatuak, ekintza partikularretik sortutako ikastetxeak ditu oinarri. Ekimen pribatutik edaten duen hezkuntza eredua zaintzen eta partekatzen du. Oinarrizko irakaskuntza, hots, 6 eta 16urte bitartekoa derrigorrezkoa eta doakoa denez, gobernuak doakotasuna zaintzeko, kontzertuen bidez adostutako diru kopurua ematen die ikastetxe pribatuei.

Eskola Publikoa, Estatuari edo administrazioari lotua dago. Administrazioak, gure kasuan administrazio autonomikoak zuzenean kudeatutako eskola da, edonoren hezkuntza eskubidea bermatzen du anitza, inklusiboa, doakotasun osokoa.

Ikastolak sortu zirenetik euskal eskola nazionala izateko asmoarekin jaio ziren, non euskal curriculuma lantzen zen. Sorreran, beste publikotasun kontzeptutik jaioak ziren, pertsona batzuk bildu eta ekimen kolektiboa bultzatzearen ondoriozko ekimenak izanik. 1993ko Legearen arabera, aukera egin behar izan zuten eskola publiko izatera pasatzeko ala eskola kontzertatu gisa aritzeko. Banaketa honek eztabaida garratza sortu zuen, batez ere, kolokan jartzen zelako eskola nazional euskaldunaren egitasmoa. Ordutik hona, 28 urte hauetan, Ikastolen egitasmoa egonkortu egin da, eta Euskal Eskola Publikoaren egitasmoa indartu. Erabakiak hartzen direnean, ondorio luzeak izaten dituzte eta denbora nahiko pasa da honetaz jabetzeko.

LOMLOEK, Espainia mailan proposatzen duen eskola publikoaren indar berritzeak bere eraginak izango ditu, berriz ere, EAEko hezkuntza sisteman, neurri baten, barriro ere plazaratzen digulako eztabaida zaharra. Gatazka ez dago Eskola Publikoan ala Kontzertatuan, ezta Eskola Publikoan ala Ikastolan ere. Gaur egun, orduan bezala, eztabaida eskola ereduan dago, Euskal Eskolaren izaeran. Oraindik ere, nagusia Estatua dugu, eta gure ahalmen bakarra, herri ekimena da.

Denbora guzti honetan, gure ahultasun autonomikotik, ahaleginak egin dira hezkuntza eredu propioa eraikitzeko eta mantentzeko, non integrazioa eta euskalduntzea helburu izan diren. Bada garaia, orain arteko morrontzetatik ihes egiteko. Asmatu beharko dugu, gure historian ohi izan den bezala, egoera berriari, herri eta kultura modura bizirauteko behar ditugun erantzunak eta tresnak sortzen, elkarren arteko lanean, auzolanean. Eztabaidak ezin gaitu ahuldu gehiago, Eskola Publiko indartsu bat behar dugulako, eta, Euskal Eskola nazionala behar dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.