ana galarraga aiestaran
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Mutazioak, izua eta zuhurtzia

2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Aurretik izandako beste izurriekin alderatuta, COVID-19aren berezitasunetako bat da haren gaineko informazioa sortu ahala iristen dela gizartera, alderdi guztiei buruzko jario etengabean: zenbat hildako, ospitaleratu eta kutsatu eragiten ari den eta non; noiz hasiko diren txertaketak eta nola egingo den dosien banaketa; zertan ari diren ikertzen eta zein diren azken aurrerapenak; zer neurri hartu diren tokian-tokian...

Unean uneko informazioaren gaindosiak, hainbati nekea eta antsietatea eragiteaz gain, zaildu egiten du ikuspegi osoa eta neurritsua izatea. Horren adibide garbia da Erresuma Batuan identifikatu duten SARS-CoV-2aren aldaera berriak sortutako erantzuna. Nonbait, dituen mutazioek kutsakorragoa egiten dute, eta, badaezpada ere, herrialde batzuek bertan behera utzi dituzte handik datozen hegaldiak, ez dadin haienean ere zabaldu.

Hori ikusita, ez da harritzekoa batzuek beldurra sentitzea, egoera are okerragoa izan daitekeelakoan. Noiz eta bazirudienean tunelaren amaierako lehen argi-izpiak ikusten hasiak ginela, txertoei esker. Eta txertoak ez badira eraginkorrak aldaera berriarekiko? Edo, aldaera honekiko eraginkorrak izanda ere, gerta liteke berriz mutatzea, eta txertoek eraginkortasuna galtzea? Zentzuzko galderak dira, baina, une hauetan, batzuen beldurraren bazka ere badira, aldi berean.

Beldurraren antidotorik onenak ezagutza eta ziurtasuna dira, baina ikertzaileak oraindik aztertzen ari dira aldaera berriaren ezaugarriak eta ekar ditzakeen ondorioak. Ezin dute, beraz, ziurtasun handirik eskaini. Horrenbestez, gehiago jakin arte, albisteak tentuz hartzea komeni da.

Birus guztiek mutatzen dute. Mutazio horiek zoriz gertatzen dira, eta sarritan ez dute inolako aldaketarik eragiten birusaren ezaugarrietan. Beste batzuek, berriz, abantailaren bat ematen diote birusari, eta, horri esker, gain hartzen die beste aldaerei. Horrek, ordea, ez du esan nahi birusa hilgarriagoa bihurtzen denik. Alderantziz: birus letalenak ez dira asko hedatzen, ostalaria hiltzen baitute. Errazago hedatzen dira birus ez hain kaltegarriak, ostalariek bizirik jarraitzen dutelako eta haien bidez transmititzen delako.

Izatez, SARS-CoV-2 birusak ez du askorik mutatzen; haren genoma nahiko egonkorra da, batez ere, beste beste birus batzuenarekin alderatuta (GIBa, gripearena). Maiz gertatzen den bezala, litekeena da SARS-CoV-2aren hiltzeko ahalmena apaltzea denborarekin, eta sasoiko birus bihurtzea, burutik beherakoak edo hotzeriak eragiten dituzten beste koronabirusen antzera. Baina, hori baino lehen, ezin da baztertu beste olatu epidemiko gogor batzuk eragingo dituela. Hori gertatu izan da aurreko pandemietan, eta oraingoan ere badago arriskua, nahiz eta badagoen itxaropena txertoei esker hurrengo olatuak leunagoak izango diren.

Erresuma Batuan isolatutako aldaeraren kasuan, badirudi mutazioek kutsakorragoa egin dutela: % 70 aldiz azkarrago transmititzen da, ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroaren arabera. Eragiten duen infekzioa, dena den, ez da larriagoa.

Mutazioek PCR bidezko diagnostikoan, txertoen eraginkortasunean eta berriz infektatzeko arriskuan eraginik ote duten eta zenbaterainokoak diren ikertzen ari dira, eta hedapenari jarraipen estua egiten ari zaizkio.

Horrekin batera, Eguberrietako jaien atarian agertu dela nabarmendu dute; hau da, birusa hedatzeko arriskua areagotzen duten jarduerak egiten diren sasoian. Horregatik, transmisioa eragozteko neurriak are gehiago zorrozteko eskatu du ECDCk. Zuhur eta zentzuz jokatzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.