Hizkuntza, bozen lehian murgilduta

PSCk murgiltze eredua «malgutzea» proposatu du, eta horrek kezka eragin du sistema horren aldeko eragile eta alderdietan: iruditzen zaie Ciudadanosen botoak lortzeko ahalegin bat dela erabakia. Hizkuntzaren inguruan izan den adostasun zabala apurtzea leporatu diote.

Bartzelona. 2011ko irailean, murgiltze ereduaren alde manifestatzera deitu zuten Kataluniako hezkuntzako sindikatu guztiek. TONI ALBIR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Katalunian, adostasun zabala izan da hizkuntzaren arloko bi ardatzen bueltan: katalana gizarte kohesiorako hizkuntza izatea eta, horri dagokionez, murgiltze eredua bultzatzea hezkuntzan. Alderdi katalanista guztiek babestu dute eredu hori azken berrogei urteotan. Erakundeak 1980ko hamarkadan hasi ziren lehen probak egiten, eta eredua finkatu zuten Kataluniako hezkuntza legearekin, 2009an. CiU, PSC, ERC eta ICV-EUiA alderdiek babestu zuten. Orain arte, Ciudadanos eta PP agertu dira soilik ereduaren aurka. Berriki, baina, PSCk kontsentsu horren oinarriak astindu ditu, murgiltze eredua «malgutzeko» eskatuta. Katalunia kanpainaurre giroan dagoenean aurkeztu du proposamena; hain justu, Ciudadanosek Espainiako bozetan porrota jaso ostean. PSCren jarrerak kezka eragin du katalanaren normalizazioaren alde lanean ari diren hainbat eragileren artean.

PSCk hamalaugarren kongresua egingo du abenduaren 13tik 15era bitartean, eta bertan eztabaidatuko den txostenean islatu du irizpide aldaketa: 2016ko kongresuan «murgiltze eredua» aipatu zuen, eta orain «eredu eleaniztuna» defendatu du. Honela dio txostenak 36. puntuan: «Kataluniako hizkuntza aniztasuna aktibo bihurtuko dugu, katalana eta gaztelera defendatuko ditugu eredu eleaniztun baten bidez, gure herrialdeko errealitate soziolinguistikoak exijitzen duen malgutasunarekin».

Dokumentuak ez du zalantzan jartzen katalanak izan behar duenik hezkuntza arloko irakaskuntza hizkuntza nagusia, baina eredua tokian tokiko errealitatera moldatzea proposatzen du, katalana nagusi den eremuetan gaztelera indartzeko eta gaztelera nagusi denetan katalana bultzatzeko. Hala adierazi du Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak: «Gaztelera gehiago behar den lekuan, gaztelera jarriko dugu; katalan gehiago behar denean, katalan gehiago, eta ingelesa, toki guztietan». Icetak ukatu egin du helburua murgiltze eredua bera dela, «bi hizkuntza erabat menperatzea baizik». Proposamenak ezinegona eragin du murgiltze eredua defendatzen duten eragileen artean, ez baitute ikusten sistema malgutzeko arrazoirik dagoenik; kontrakoa baizik.

Hizkuntza eta 'procés'-a

Inori ez zaio oharkabean pasatzen: indar independentisten batasun faltaren ondorioz, baliteke hauteskundeak gertu egotea Katalunian. Gauzak horrela, zenbait eragilek alderdi interesekin lotu dute PSCk murgiltze eredua malgutzea eskatu izana.

Ernest Maragall Kataluniako Hezkuntza kontseilari ohi eta ERCren Bartzelonako udal taldeko bozeramaileak adierazi du PSCk «katalanismo aurrerakoiaren azken aztarna» ezabatu duela bere programatik, eta Ciudadanosena egin duela bere. CUPen esanetan, PSCk moztu egin du katalanismoarekin lotzen zuen «azken haria». Murgiltzearekin lotutako gaietan Ciudadanosekin batera bozkatuko al duen galdetu dio JxCk PSCri, eta En Comu Podemek ohartarazi dio murgiltzearen gaineko adostasunak boto batzuk baino gehiago balio duela.

Ciudadanos alderdiak jaso zituen boto gehien Kataluniako azken hauteskunde autonomikoetan, eta murgiltze ereduaren kontra egitea izan du lehentasunen artean, alderdia sortu zenetik 2006an. Ordutik salatu duenez, murgiltze eredua «doktrinatzeko» erreminta da, mugimendu independentisten esanetara dagoena.

Horren urrun joan gabe, PSCk prozesu subiranistarekin lotu du hizkuntza politikei buruzko eztabaida, alderdiaren kongresurako aurkeztu duen txostenean. 35. puntuak dioenez, «arlo linguistikoan azken hamarkadetan izan den akordioa hautsi egin da, nazionalismoek hizkuntza erabili dutelako prozesu subiranistaren mesedetan». Testuak dio independentistek beren helburu politikoekin lotu dutela katalana.

Oscar Escuder Plataforma per la Llengua elkarteko presidentearen iritziz, PSCk murgiltze ereduari buruz egin dituen adierazpenen artean horiek dira larrienak; hizkuntza eta independentismoa nahasten dituelako. «Oraindik ez dugu hitz egin PSCrekin horren harira, baina hitz egin beharra daukagu». Escuderrek gogora ekarri du PSCko hainbat kide ezagunek parte hartu dutela aurten Plataforma per la Llenguak bultzatu duen El català, llengua comuna [Katalana, hizkuntza komuna] kanpainan, eta horren helburu nagusia izan dela katalana gizarte integraziorako hizkuntza gisa defendatzea, herritarren jatorria edozein dela ere. «Kanpaina horretan PSCn pisua duten hainbat kidek parte hartu zuten; Jose Montilla [Kataluniako] presidente ohiak eta Nuria Parlon Santa Coloma de Grameneteko alkateak, esaterako». Orain, baina, PSCk apurtutzat jo du adostasun hori.

Escuderrek gaineratu duenez, independentismoak une oro utzi du argi ez zuela inor diskriminatuko jatorri edo hizkuntza arrazoiengatik. «Alderdi politikoek prozesuaren hasieratik nabarmendu dute katalana eta gaztelera, biak izango zirela hizkuntza ofizialak balizko errepublika independente batean».

PSCren salaketa gezurtatu du Carme Junyent hizkuntzalari eta Bartzelonako Unibertsitateko Filologia fakultateko irakasleak ere. Are gehiago, adierazi du independentismoak «orokorrean» ez diola «jaramonik egin hizkuntzari». Haren iritziz, saihestu egin du Kataluniako Errepublikak izan beharko lukeen hizkuntza politikari buruzko eztabaida. «Ez da ireki, beldur zirelako».

Gaztelera non indartu

Junyentek uste du ezjakintasunez mintzatu dela PSC. Ziurtatu du alderdi sozialistaren proposamenak ez duela zerikusirik katalanak eta gaztelerak herrialdean duten egoerarekin. Junyenten arabera, PSCk argi adierazi beharko luke non indartu behar den gaztelera. «Nik ez dut ezagutu ikaslerik gazteleraz trebea ez denik, eta Kataluniako alde guztietako ehun institutu baino gehiagotan izan naiz».

Eskolan katalana nagusi izanagatik ere, ikasleek gazteleraz trebatzeko behar duten ingurunea bermatuta dutela azaldu du Junyentek, gazteen erreferente kultural gehienak gaztelerazkoak eta ingelesezkoak direlako; baita katalanaren presentzia handiena den eskualdeetan ere. «Azaltzen badigute nola bermatuko dugun ikasle guztiek katalana ikastea, orduan bai, zerbait aurreratuko dugu. Baina hori ez da gertatzen, eta hori da azaltzen ez dutena».

Ohartarazi du murgiltze ereduaren aplikazioa behar baino ahulagoa dela, bereziki institutuetan. Hain justu, duela bi aste, Katalana Bigarren Hezkuntzan izeneko jardunaldia antolatu du Junyent buru duen GELA Hizkuntza Mehatxatuen Azterketa Taldeak. «Murgiltzerik ez balego bezala jardun dute eskola askok Bigarren Hezkuntzan. Hau da, inertziagatik edo dena delakoagatik, eskolak gazteleraz ematen zituzten irakasleek ez zuten lana egiteko modua aldatu. Jokaera hori gero eta ohikoagoa dela uste dut». Junyentek nabarmendu du arazoa ez dela Bartzelonako hirigunera mugatzen, eta lurralde osora hedatu dela.

Gabezia horiek direla medio, Junyenten iritziz, ezin da jakin murgiltzea erreminta egokia den ala ez. «Gutxik esperimentatu dute eskolaren eta institutuaren arteko jarraitutasuna».

Escuderrek ere kezka agertu du murgiltze eredua ez delako egoki aplikatzen ikastetxe askotan, eta horrek ondorio kaltegarriak dituelako. Plataforma per la Llenguak ikerketa bat egin du eskola eta institutuetako atsedenaldietan katalana zenbat erabiltzen den aztertzeko. 36.000 biztanle baino gehiagoko herrietan egin zuten, eta 50 ikastetxetan bildu zituzten datuak. Kezkagarriak dira emaitzak. Lehen hezkuntzatik bigarrenera pasatzean, katalanaren erabilera nabarmen murriztu da ikasleen artean: %35etik %15era. Beherakada nabari da irakasleen eta ikasleen arteko elkarrizketetan ere.

Katalanaren egoera zein den kontuan izanik, Junyenten eta Escuderren iritziz, arduragabea da eredua malgutzeko eskatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.