'Radical Vitality'
Koreografiak, ahots-partiturak, bideoa, eszenografia, tresneria: Marie Chouinard. Argiak: Marie Chouinard, Axel Morgentahler (7.ean). Jantziak: Marie Chouinard, Liz Vandal (2., 6. eta 22.ean).Musika: Louis Dufort, Georg Friedrich Haendel, Carlos Santos. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoak 6.Hogeita lau dantza laburrez osatutako egitarau batekin etorri da Bilboko Arriaga antzokira Marie Chouinard konpainia quebectarra. Haietariko lehenean, ia biluzik agertu den neska dantzariak kaskabilo bat urre koloreko kuleroaren aurrealdetik sartu, eta, dantza-pauso batzuen ostean, ahotik atera, eta hor amaitu da dena. Bigarrenean, mahuka gabeko txabusinaz etorri den neskak ur baso batetik edan, eta beste eskuan zekarren baldean egin du txiza, eta hor amaitu da dena. Hirugarren batean, ia biluzik zegoen gizon estatiko bat musuz jan nahi izan du kirol-arropaz jantzitako neska batek.
Ikusten denez, erdi umoretsu erdi probokatzaile etorri zaigu Chouinard Radical Vitality izeneko proposamenean, eta egitaraua osatzeko, forma berria eman die tiraderan aspaldi gordetako ideiei, beste batzuk sortzeaz gain. Hasieran deskribatu ditugunetatik ondorioztatzen denez, iraupen laburrekoak dira haiek guztiak —37 segundokoa laburrena eta zazpi minutu pasatxokoa luzeena—, Last Pert kenduta, hura hamahiru minutu eta erdikoa izan delako, haren luzera bereziak justifikazio nahikorik ez zuen arren.
Gauza jakina da pieza laburren segida etengabeak ikusleen nekea eragin dezakeela, eta, alde horretatik, argi dago erronka handia hartu duela bere gain koreografoak. Baina, beste ikuspuntu batetik hartuta, izan liteke lan laburretarako bai, baina koreografia handietarako sen nahikorik ez edukitzea, edo haiei ekin nahi ez izatea, batek daki. Bestetik, fitxa teknikoari erreparatuta, harrigarri egiten zaigu Chouinardek hartutako arloen zerrenda, zazpi guztira; hots, gehien-gehienak, musikarena izan ezik. Horrek ere zerbait esaten digu sortzailearen gaitasunez, baina aldi berean iradoki diezaguke haren isolamendu estetikoa, edo dena kontrolpean edukitzearen obsesioa.
Pieza askotan pantomima kutsua nagusitu da, eta gehienetan mimikatik hurbilegi egotearen sentsazioa izan dugu, batez ere piezak ahots, orro, irri, oihu eta txilioekin hornitzeko duen temagatik. Ahots-partiturak deitzen die berak, nahiko era ponposoan, baina niri behintzat astunak egin zaizkit. Eta gauza bera esan dezaket maskaren erabilera errepikatuaz, lau aurpegiko emakumearen kasuan izan ezik, Solo and 4 Heads pieza artegagarrian.
Beren laburrean umoretsuak eta inspiratuak izan dira atal gehienak, eta den-denak etorri zaizkigu jantzi eta musika egoki eta politetan bilduta. Gainera, haietariko bi heldu dira dantzaren goi kategoriara: Haendelen Lascia ch'io pianga aria gaindiezinarekin etorri den duoan Valeria Galluccioren hanka luze-luzeak are luzeagoak egin dira puntetan dantzatzean, eta edertasun fisiko horrekin batera hautsita geratu da duo klasikoen izaera erromantikoa; eta beste pasarte gogoangarrian —Duet (Soft Virtuosity, sitll humid, on the Edge)— zuri-beltz gamako jantziekin agertu den bikoteak duo artegagarri eta sublimea eskaini digu teklatu sintetizatuen notetan bilduta.