Fernando Gonzalez Alaguero. Rebelion Cientifica-ko koordinazio taldeko kidea

«Zientzialariek lehen lerroan jarri behar dute, ekintzaile izan»

Zientzialariak laborategietatik mobilizazioetara pasatzea nahi du Scientist Rebellionek, klima larrialdiaren kontra eredu izateko eta egoeraren larritasuna gizartera iristeko.

GORKA RUBIO / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Nekatuta iritsi da elkarrizketara Fernando Gonzalez Alaguero(Leon, Espainia, 1994). 06:00etan heldu da autobusean Donostiara, eta lo gutxi egin du. Eskertu du kafesne bero eta bizkorgarria. Ez zaio lo faltarik nabari galderak erantzuten hasi denean. Psikologoa da. Scientist Rebellion (zientzialarien iraultza) mugimenduarekin bat egin zuen, eta Espainiako taldearen —Rebelion Cientifica— koordinazio taldeko kidea da. Zientzialariei eskatzen diete ekintzaile izateko klima larrialdiaren kontrako borrokan, desobedientzia zibileko ekintzetan parte hartzeko. 35 herrialdetan sortu dira taldeak, eta 3.000 bat zientzialarik bat egin dute. Euskal Herrian taldea sortzen ari da. Gonzalez Alaguerok EHUren Bilboko Hezkuntza fakultatean hitz egingo du gaur, 11:30ean.

Zerk eragin zuen Scientist Rebellionen sorrera?

Erresuma Batuko hiru ikertzailek abiatu zuten. Extinction Rebellion mugimenduaren barruan zientzialarien talde bat zegoen. Gatazka izan zuten: zientzialari batzuek esaten zuten klima larrialdiaren mobilizazioen eta borrokaren lehen lerroan jarri behar zutela, desobedientzia zibilez-biolentoa egin behar zutela; besteek, ezetz, neutralak izan behar zutela, teknikari izaten jarraitu. Desobedientzia zibil ez-biolentoaren aldeko hiru ikertzailek sortu zuten Scientist Rebellion.

Ekintzarik egin zuten?

2020ko irailean pintura berdea bota zuten Royal College zientzia akademiaren sarrerako zutabeetara, salatzeko akademiak badakiela klima larrialdiarekin zer gertatzen ari den, baina ez duela ezer egiten.

Zientzialariek ekintzaile ere izan behar dute?

Scientist Rebellionek paradigma aldaketa planteatu zuen. Jakiteko pribilegioa dutenek, datuak inork baino hobeto ulertzeko pribilegioa dutenek alegia, zientzialariek, ekintzaile izan behar dute: lehen lerroan jarri, beren burua arriskuan jarri eta eredu izan. Dibulgazio asko egin dugu, baina orain mugitzeko garaia da.

Zientzialarien lana ez al da ikertzea? Klima larrialdiaren kasuan, gertatzen ari dena eta gerta daitekeena azaltzea?

Ez da nahikoa. Pentsa, gu biok eraikin batean gaude. Ni zientzialaria naiz, eta eraikinaren datu guztiak jasotzen ditut. Esan dizut eraikinean sute bat dagoela, eta biok hilko gaituela, baina datuak aztertzen eta ikerketa idazten jarraitu dut. Jokabide hori emozionalki koherentea al da? Nitaz fidatuko zinateke? Mezu horretan ez dago koherentzia emozionalik. Horixe gertatzen ari da klima larrialdiarekin.

Zientzialari eta ekintzaile. Oximorona dirudi.

Zientziak eta ikerkuntzak aktibismoarekin lotuta egon beharko lukete. Historikoki lotuta egon dira. Aldaketa sozialak bultzatu dituzten mugimenduek beti izan dituzte intelektualak. Unibertsitatea beti izan da aldaketa iraultzaileen habia, eta izan beharko luke, baina ez da. Teknikariak sortzeko lekua da batez ere.

Zientzialariena oso kolektibo sakabanatua eta espezializatua da. Haien lanetan oso zentratua. Hori ez al da eragozpen handia haiek mobilizatzeko?

Eta lanez gainezka daude.

Zer eskatzen diezue zientzialariei?

Lehen lerroan jar daitezela, desobedientzia zibileko ekintzetan parte har dezatela.

Arriskuan jartzea aipatu duzu lehen.

Arrisku handiko rol bakarra ezer ez egitea da. Ezin zaio mundu guztiari eskatu Poliziak atxilotzeko prest egotea; baina ondo legoke bakoitzak bere buruari galdetzea zer eskain dezakeen eta zer egingo duen.

Lehen lerroan agertzeak zientzialarien mezua indartuko luke?

Egoeraren larritasuna erakutsiko luke, eta gizarteari mezu koherente emango lioke. Gizarteak ez baldin badaki zeri aurre egin behar dion, nekez mobilizatuko da aldaketa bat eskatzeko. Scientist Rebellion ideia horrekin jaio zen, eta hori da bere funtzioa. Ikertzaile ezagun batek horrelako ekintza batean atxilotua izateko arriskua onartzeak oso mezu indartsua eta koherentea zabaltzen du. Komunitate zientifikoak benetako konpromisoa hartu behar du.

Gizartea esnatzeko era bat da?

Mezu oso indartsua bidaltzeko modu bat. Pentsa ikertzaileak gobernuaren aurrean jartzen direla eta premiazko neurriak eskatzen dizkiotela ekintza sendoekin. Horrek presio handia eragiten die gobernuei. Historikoki hala egin da: ausardia eta sakrifizio kolektiboaren bidez herritarrek lortu dute aldaketak onartzea eta egoerak iraultzea. Uste dugu arrazoi hau legitimoa dela bide hau hartzeko. Ikerketa soziologikoek erakusten dute desobedientzia zibil masibo eta ez-biolentoa eraginkorra dela.

Gizarteak badaki egoera oso txarra dela. Ez du barneratu egoeraren larritasuna eta neurriak berehala hartzeko premia?

Klima larrialdiak jendea kezkatzen du, baina ez dio interesa sortzen gehiengoari. Erresistentziak sortzen dira, mezua beldurgarria delako. Hurrengo urteetan izu-ikara sozialeko momentu bat izango da, eskala handian. Uste dut jendea beldurtzen hasi dela, oso gauza larriak gertatzen hasi direlako. Baina gehienek ez dakite zer egoeratan gauden. Herrialde aberatsetako herritarrok ez dugu larrialdia sentitzen. Guztiok galdetu beharko genioke geure buruari zer egingo dugun. Milioika pertsonaren bizitza dago jokoan.

Datozen urteak funtsezkoak dira?

Zerbait egiteko tartea oso txikia da, bost urte ingurukoa. Hurrengo urteetan egiten dugunak baldintzatuko du gure espeziearen etorkizuna. Ez dut nik esaten, David Kingek baizik, Erresuma Batuko gobernuaren aholkulari zientifiko nagusia izandakoak.

Urtea joan, urtea etorri, klima larrialdiaren kontrako goi bilerak egiten dira, txostenak kaleratzen dira... Horrek ez du egoeraren larritasuna lausotzen? Zerbait egiten dela eman bai, baina praktikan ezer aldatu ez?

Zer ari dira egiten? COP bat urtean [NBEren klima aldaketari buruzko biltzarrak]? Grafikoak ikusiz gero, erakusten dute egindako ezerk ez duela eraginik izan karbono isurien kurban. Kontua ez da ez dela lortu isuriak moteltzea, baizik eta ez diogula utzi prozesua azkartzeari.

IPCCk eta gobernuek mezu eztituak zabaltzen dituzte?

Bai. Nahi dugu publikoki onar dezatela hil egin dela tenperatura globalaren batez besteko igoera 1,5 gradura mugatzeko asmoa. Parisko Akordioak porrot egin duela. Eredu baikorrenek ere esaten dute gaindituko dugula. Lider zientifikoei eskatzen diegu publikoki esan dezatela pribatuan esaten dutena. Gizarteari mezu baikorrak emateari utzi behar diote guztiek, ez baitatoz bat errealitatearekin. Jakin behar dugu gauzak zer gaizki dauden, egoerari egokitutako neurriak hartzeko. Politikariek oso ondo dakite egoera zein den, baina ez dute ezer egin eta ez daukate intentziorik ezer egiteko, benetako neurriak hartzeko. Garrantzitsua da mezu hori gizartera iristea.

Zergatik?

Karbono isuriak geratzeak esan nahi du ekonomiaren desazkundea bultzatu behar dela eta neurri ekonomiko konplikatuak hartu behar direla, sistemaren beraren egiturari eragiten diotenak. Desazkundea bultzatu behar da, ez dago beste modurik. Ez dugu beste erremediorik izango, Lurraren muga biofisikoengatik.

Kapitalismoa baztertu eta ordezkatu.

Bizi izan garen sistema, kapitalismo fosila, materialen eta energiaren oparotasunean oinarritzen da. Gizarteak hain abiadura azkarrean eraiki ditugu, energia erre eta atmosferara isuri dugulako. Sekulako kopuruetan. Kapitalismoa hazkundean oinarritzen da, baina hazkunde eredu hori jada ez da bideragarria. Ezin da aukeratu: gizarteek erritmoa moteldu beharko dute nahitaez.

Denbora gutxi dago, eta munduaren antolaketa aldatu behar da. Nola egin daiteke aldaketa?

Lurreratze prozesu bat behar da. Gure proposamenak hiru oinarritu ditu: lehenik, desazkundea, sozialki justua, berehalako deskarbonizazioa bultzatzeko eta guztiok hobeto bizitzeko; bigarrenik, aberastasuna birbanatzeko eta desberdintasun sozialak gutxitzeko premiazko neurriak; eta, azkenik, prozesu hori guztia oso garestia izango denez, munduko %1 aberatsenek eta pribilegiatuenek ordaindu dezatela. Larrialdi egoera batean gaude, baina prozesuak justua izan behar du.

Hori guztia ezin da bost urtean egin.

Ez. Prozesua gogorra izango da, eta sufrimendu asko eragingo du.

Hurrengo urteetako planeta okerragoa izango da. Gizartea?

Gizarte hobea edo okerragoa izango dugun dago jokoan. Gizarte hobe bat lor dezakegu bakarrik bultza eginez, askok bultza eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.