Arrauna. Kontxako Bandera

Tosta bereko hezur eta mami

Kontxako Banderarako sailkatzea lortu zuten joan den astean, eta lehen jardunaldia jokatzetik datoz. Ametsa bizitzen ari dira Miren Garrastazu eta Argia Ibar, Getariako ama-alabak. Bigarren urtez dabiltza elkarrekin Telmo Deun arraun elkartean, eta gauza handiak ari dira bizitzen

Miren Garrastazu eta Argia Ibar, Zumaian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
pettan uralde
Zumaia
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Ama-alaba gehienek Kontxako Bandera telebistatik edo Donostiako portutik ikusten duten bitartean, Miren Garrastazuk (Getaria, Gipuzkoa, 1979) eta Argia Ibarrek (Getaria, Gipuzkoa, 2005) traineru barrutik bizi dute. Sinestezina badirudi ere, hala da. Garrastazu eta Ibar Zumaiako Telmo Deuna arraun elkarteko arraunlariak dira, eta bigarren urtez ari dira batera arraunean. Bitxikeria moduan, tosta berean egiten dute arraun, soinez soin. Garrastazuk gaztetan egin zuen arraun, baina utzia zuen hogei urtez baino gehiagoz. Ibarrek, ordea, hasi berria zuen ibilbidea, baina etorkizuna ezbaian: Zumaiako neska taldeak arraunlariak behar zituen ur gainean jarraitzeko. Jendea behar, eta amari zabaldu zion gonbidapena; eta gaur arte. Garrastazurentzat, «sekulako esperientzia»da, eta alabarekin arraun egitea betirako geratuko zaio grabatuta. Ibarrentzat ere «oso esperientzia polita» da.

Garai desberdinetan, baina biek egin dituzte bide antzekoak. Getarian hasi, eta Zumaian buka. Garrastazuri dagokionez, 14 urterekin hasi zuen bidaia. «Garai hartan, batelak eta trainerillak zeuden; ez zegoen nesken trainerurik. Baina Getariako neska taldea desegin egin zen, eta nik jarraitzeko gogoa nuen. Zumaian bazegoen talde bat, eta hona etorri nintzen. Denboraldi bat egin, eta 18 edo 19 urterekin utzi nuen, 42 urterekin itzuli nintzen arte». Ibarrek ere goiz hasi zuen ibilbidea, eta amaren moduan egin zuen bidea. «Ni ere Getarian hasi nintzen, infantil kategorian, baina taldea desegin zen, eta Zumaiara etorri nintzen. Ama hemen ibilitakoa zen, eta jendea ezagutzen genuen; beraz, animatu egin nintzen».

Baina deigarria ez da biek ibilbide paraleloak egin izana, 26 urteren aldearekin traineru berean aritzea baizik, tosta berean gainera. Etxean nahikoa elkar ikusi ez, eta etxetik kanpo ere batera elkar aritzera ohitu dira Getariako ama-alabak. Ibarrentzat, hasieran arraroa izan zen ama aldamenean ikustea, baina gerora ohitu egin da. Garrastazuk, ordea, nahikoa izan zuen trainerura egokitzearekin. «Argiak gazte mailako lehen urtea zuen, eta lehen aldiz aritu zen traineruan; nik ere lehen aldia nuen. Ondoren, egia da biak tosta berean gaudela, baina bakoitza beste aldera begira. Hor bertan ez zara jabetzen; bakoitzak bere lana egiten du, eta nahikoa dugu horrekin».

Dagoeneko bigarren urtea dute Telmo Deun gainean arraun egiten, eta, bizitza askorik aldatu ez bazaie ere, elkarrekin esperientzia hau bizitzea «berezia» dela diote. Garrastazurentzat, alaba «taldekide bat gehiago da», eta etxera iristen direnean «baztertu» egiten du arrauna, nahikoa duelakoan pareta horien barruan dutenarekin. «Ez nuke esango bizitza aldatu zaigunik, baina niretzat, guraso gisa, aberastasun handia da. Agian, hor bertan ez naiz konturatzen, baina, gero, argazkiak ikusi, eta asko betetzen nau». Ibarrek ere antzera bizi du bien arteko harremana talde barruan nahiz kanpoan, baina alde positiboak ere aurkitzen ditu, noski. «Alde ona, kotxean etorri naitekeela [barrez]. Agian ez naiz jabetzen, azkenean ama baita, baina talde barruan beste taldekide bat gehiago da».

Itxuraz erraza dela erakusten duten arren, horrelako harreman batek ongi moldatzea baino gehiago eskatzen du. Mirenek ondo baino hobeto ezagutzen du Argia, eta alabak ama zer esanik ez. Elkarren arteko errespetua eta konfiantza bistakoa da, eta horrek egiten du bikoteak benetan funtzionatzea. Garrastazuk, adibidez, badaki alabak noiz behar duen bere lekua. «Egun txarra badugu, agian hotzago gaude, eta ez naiz joaten galdetzera ea zer gertatzen zaion. Ulertzen ditugu momentu horiek, eta bakoitzak bere erara bizitzen ditu».

Baina, astearen bukaeran zenbaketa egin, eta ama-alabek ordu dezente igarotzen dituzte batera. Egoera horretan, etxeko kontuak arraunera eramaten dituzten galdetu, eta biek barre egiten dute. Ekiditen saiatzen badira ere, Garrastazuk noiz edo noiz eraman izan ditu muturrak entrenatzera, «gauza handiak izaten ez diren arren». Gutxitan gertatzen bazaie ere, normaltasunez kontatzen du Ibarrek ere. «Batzuetan, muturtuta bai, baina ezagutzen dugu elkar, eta badakigu noiz aldatzen zaigun aurpegia».

Traineru kanpokoa azpimarragarria da, baina barruan egiten ari direna ere, nabarmentzekoa. ETE liga bigarren postuan amaitu dute, lehen postutik lau puntura, eta estropada guztiak lehen hiru postuen barruan bukatuta. Aspaldiko emaitza onenak bildu ditu Telmo Deun ontziak, eta Euskotren ligara igotzeko kanporaketetan izango da hilaren 16an eta 17an. Baina ezustean etorri dena, eta poz handiena eman diena, aurreko astean lortutako Kontxako Banderaren sailkapena izan da. Sailkatze estropadan, laugarren izan zen Zumaia, eta joan den igandean Kontxako lehen jardunaldia jokatu zuten. Zazpigarren izan zen Telmo Deun. Garrastazuk azpimarratu du oso pozik daudela denak, baina «hankak lurrean» dituztela. «Badakigu hau ez dela igandean bukatzen, eta oraindik lana dugula aurretik». Ibarrek ere mezu bera berretsi du, eta taldean ez du ezer ikusten aldatu denik. «Uretara irteten gara, eta bakoitzak badaki bere lana egin behar duela».

Lehen jardunaldia jokatuta, bigarrena eta bereziena geratzen zaie oraindik gozatzeko. Bientzat lehen aldia da Kontxan, eta bizitzen ari diren esperientzia horretan sakondu dute. Ibarrek urduritasuna nabarmendu du batez ere. «Taldekide askorentzat, lehen aldia izan da Kontxan. Bertara joaten zara, eta dena aldatzen da. Sailkatze estropada eta lehen jardunaldia alderatuta, ni behintzat lasaiago egon nintzen igandean. Azkenean, badakizu barruan zaudela, eta ez duzula bandera irabaziko; beraz, ez dago hainbesteko presiorik». Garrastazuk, bestetik, azken egunetan gainean duen tentsioa azpimarratu du. «Sailkatzea lortu genuenetik, kosta egiten zait lo egitea. Tentsio handiko egunak dira, eta espero dut igande honetan lasaiago egotea. Uste dut, oro har, hobeto arituko garela denok. Gehienentzat lehen aldia izan zen, eta orain gutxienez ezagutzen dugu zer den Kontxa».

Esperientziaren ahotsa

Horrelako egun garrantzitsuetan, lagungarria izaten da esperientziadun jendea ondoan izatea. Zumaian, ETE ligako talde gehienetan bezala, neska gazteak dira gehiengoa. Baina tartean badago beteranoren bat, hala nola Helena Albizu eta Aintzane Urbieta. Garrastazurentzat, nahasketa hori «polita eta onuragarria» da, eta esperientziadun jendeak duen garrantzia berretsi du. «Aberasgarria iruditzen zait, batez ere gazteentzat. Hurrengo denboraldian pasatuko dira Senior mailara; oraindik gazte mailakoak dira, eta gu, ordea, beteranoak gara. Aintzanek beti hitz egiten du estropada hasi aurretik. Kontxan, adibidez; kamerak ahazteko, beste traineruak ere ahazteko, eta gure lanean zentratzeko aholkua eman zigun». Ibarrentzat ere, ia hasiberri moduan, laguntza handia da horrelako aholkuak jasotzea. «Erakutsi egiten digute, eta gauzak ez direnean nahi bezain ondo ateratzen, lasaitu egiten gaituzte. Adibidez, Aintzanek hitz egiten digunean, lasaitu egiten gara, eta laguntza handia da».

Kontxarekin gozatzearekin nahikoa dute oraingoz ama-alabek, baina ez diote begia kentzen igoerako kanporaketari. «Benetako erronka» bi estropada horietan jarri dute, eta esan dute Kontxa lagungarria izaten ari dela hori prestatzeko. Sailkapena lortuta, kanporaketan topatuko dituzten Hibaika eta Kaikurekin alderatzea da Garrastazurentzat helburu nagusia. «Hibaikak estropada oso ona egin zuen aurreko igandean, eta ligan aurretik izan duen Hondarribia baino azkarrago aritu zen. Kaikurekin parekoago ikusten dugu geure burua, baina oso ondo aritu dira, eta oso arraunlari onak dituzte». Ibar ere bat dator amak esaten duenarekin, eta lehia horretatik atera dezaketenaz mintzo da. «Egoera aldetik, nahiago dugu itsaso txarra baldin badago, hobeto moldatzen baikara. Hibaika eta Kaikuren ondoan ahalik eta ondoen aritzeko asmoz irten ginen, eta pozik geratu ginen emaitzarekin. Ea sentsazio horiek hobetzen ditugun aste honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.