Nerea Zusberro Alberro.
HARMAILATIK AULKIRA

Errebelde izatetik txapeldun izatera

2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Errebelde izatetik txapeldun izatera urtebete baino gutxiagoan. Aurreko Eurokopako final-laurdenetan Ingalaterraren aurka kanporatuak izatetik aurkari berari Munduko Kopako finalean irabaztera. Espainiako selekzioak bere atala idatzi du historian, kirol munduko garaikurrik desiratuenetako bat altxatuta. Patri Guijarro Espainiako kapitain ohiak Espainiak titulu handiak lortzeko taldea zuela esan zuen 2022ko irailaren 1ean emandako prentsaurrekoan, deialdiari uko egin baino lehen. Eta ez zebilen oker.

Finaleko zalantza nagusietako bat zen nola egokituko zen Ingalaterra baloiarekin ekimena eramango zuen aurkari batera. Finalera arte, txapelketan zehar topatu zituen lehiakide guztiek eman zioten baloia. Sarina Wiegmanen taldeak garapen ona izan zuen posizio-erasoan, jokaldiaren hasiera gunean aukera ezberdinak landuz eta praktikotasunaren aldeko azken apustua eginez. Baina ez zegoen aurrekaririk jakiteko ea nola jokatuko zuen baloia gabe aurkariak baloia zuen fase luzeetan. Eta aukera guztietatik txarrena aukeratu zuen.

Ordea, jakina zen zerk egiten zion min Espainiari. Japoniak, selekzioaren hamaikakoan iraultza eragin zuen taldeak, Jorge Vildaren taldea gainditu zuen bloke ertain-baxu batetik abiatuta. Hori eginda, barruko harrerarik ez egotea, zenbakizko nagusitasunak bertan behera uztea eta jokalari bakar batek ere abantailarik ez izatea lortu zuten japoniarrek. Baita kontraerasoan ateratzea ere. Hala ere, Ingalaterrak Herbehereek Espainiaren aurka egindakoa errepikatzea eta plan erratu bat kopiatzea erabaki zuen. Hori gutxi ez, eta marrazki bera erabili zuen: 3-5-2 sistema bat, zeinetan hegaleko atzelari erasokorrek aurkariaren hegaletara salto egiten duten. Eta testuinguru horretan, Espainiak, lehen presioak gainditzen abila denez, gozatu egin zuen.

Atzelari erasokorrak. Espainiak jokalariak pilatzen zituen ezker profilean, eta lehen abantaila sortzen zuen Ingalaterrarekiko hastapen-fasean. Bronze Olga Carmonaren pare jarri zen presioan, eta Ingalaterrako talde osoa Espainiako baloiaren irteeran oinarritu zen. Vildak entrenatutakoek bi aukera zituzten: kontrako aldera mugitzea, eta eskuinetik aurrera egitea Aitana eta Alba Redondoren diagonalekin, edo sakontasuna zuzenean bilatzea. Eta aukerarik errazena ez zirudien arren, gehiagotan aukeratu zuten bigarrena.

Salmaren zentzua. Salma Paralluelo, Suediaren aurkako finalerdian ondo aritu zena, posizio berean agertu zen partidaren hasieratik. Nahiz eta aurrelari gisa hasi, ezkerretara erori zen. Partidaren analisi ezin hobea egin zuen, Carter erdiko atzelariarekin parekatzeko eta jokaldiari jarraipena emateko. Mariona barrurantz mugitu zen, beti egiten duen bezala, ingelesen zelai erdiarekiko nagusitasuna sortzeko. Alba Redondok, berriz, area zapaldu zuen etengabe, Salmak uzten zuen hutsunea betetzeko. Makineriak primeran funtzionatu zuen.

Euskal jokalariak, bikain. Ingalaterrak pase luzeen bidez aurrera egiteko planari eutsi zion, baina kontrako erasoko jokoa egin zuen. Australiaren aurka ezkerretik atera bazen, Espainiaren aurka eskuinetik egin zuen aurrera. Baloi luze guztiek Bronzeren luzapena bilatu zuten, Russok baloia jaso, eta Hemp, selekzioko jokalari mugikorrena, bila zezan. Eta hor, defentsa-zaintza zail horietan, Irene Paredes bikain aritu zen. Bigarren zatian ere nabarmendu zen erdiko atzelari legazpiarra. Espainiak atzera egin zuen, eta Paredes sendo aritu zen area barruan.

Oihane Hernandez sopeloztarra ere erabakigarria izan zen Vildak egindako zelai-zuzendaritzaren bitartez. Ingalaterra 4-3-3 sistemara aldatu zen bigarren zatian, eta entrenatzaileak hegal bikoitza ipini zuen eskuinean, zelaira irten berri zen James oztopatzeko. Eta Espainia horma bihurtu zen finala irabazteko.

Espainiak aldaketen Munduko Kopa irabazi du. 32 selekziok jokatu dute, lehen aldiz, gizonezkoen txapelketan bezala. Eta urtebeteko polemika, joan-etorri, uko eta itzuleren ondoren lortu du titulua. Espainiaren garaipena apustu arriskutsuen garaipena da; erresilientziaren garaipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.