Ibai Zabala Gandarias
IRITZIA

Kontzientzia galtzak bezain garbi

2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Badator otsailaren 26a, Oinatz Bengoetxeak pilota profesionalari agur esango dion eguna. Aurrerantzean ere jarraituko du herriz herri, frontoiz frontoi, urrian Leitzako plazako frontoian betiko agur esango dion arte. Bere nahia urrira arteko tarte hori Baikon egin eta profesional gisa hogei urte betetzea zen arren, enpresak ez zion horretarako aukerarik eskaini. Kirol arloari erreparatuko bagenio, zaila da ulertzen Oinatzen mailako pilotari bati kontratua ez berritzea, maila bikaina ematen aritzeaz gain, asko baitauka oraindik gazteei irakasteko. Eta, ikuspuntu komertzialetik, are ulergaitzagoa da, uda garaian amu goxoa izan baitzitekeen bere agurra enpresak han eta hemen jaialdiak saltzeko. Beste arrazoiren bat egon beharko da orduan: zein ote? Datorren larunbatean oroigarri eta besarkada bana emango dioten horiei galdetu beharko.

Arrazoiak arrazoi, txapeldun handi baten agurraren atarian gaude; hemeretzi urte baino gehiagoz ehunka partida jokatu, milaka esku zarta jaso, eta hiru txapel nagusiak irabaztea lortu duen norbaiten agurraren aurrean. Gutxi dira hiru txapelak dituztenen olinpoan daudenak, eta leitzarra horietako bat da. Hala ere, bada beti 22 tanto eginagatik ezin irabaz daitekeen txapel bat, pilotazalearen maitasunarena; eta hori ere badauka Oinatzek.

Pilotari eta pertsona berezia da: momenturik gaitzenetan bizitzaren alde onari begira diharduena, pilotazaleentzat beti irribarre bat eta besarkada bat izan dituena, kantxan lagun duen horrentzat une oro hitz goxoak dauzkana. Azken hori izan da Oinatz gazteentzat beti bikotekide bikaina izateko arrazoi nagusia; kantxan ahalik eta gehien laguntzeaz gain, sekula ez baitio aurpegi txarrik jartzen bikotekideari, etengabe animatu baizik. Hori ere ikasi beharko lukete gaur egungo gazteek eta ez hain gazte diren batzuek berarengandik, lagunari besoak altxa edo begirada zorrotzak bota ordez, bete-beteko babesa eskaintzen. Nik Binakako Txapelketan lehenbizikoz parte hartu nuenean, bera izan nuen lagun: 2010ean, Gonzalez eta Laskurainen aurka. Estreinako partida horretarako nor hoberik! Geroztik, hainbat eta hainbat partida jokatu genituen elkarrekin, tartean bere orkatilako lesio gogor batekin bukatu zen Binakako Txapelketa bat, baita nire agur partida ere. Partida hori berarekin beren-beregi jokatzea eskatu nuen.

Baina Oinatzi pilotan jokatzeko berezko gaitasun eta kalitateaz gain, zerbait aitortu behar bazaio, hori, mila aldiz eroriagatik, berriz altxatu eta aurrera egiteko indarra da. Sekula ez dut ahaztuko 2016ko udan Irunberrin, elkarrekin jokatu ondoren, aldagelan porru eginda ikusi nuen Oinatz hura. Goibel, burumakur: «Ez dut ezer jokatzen, Ibai; ez dakit zer gertatzen zaidan». Hilabete gogor batzuk bizitzetik zetorren, enpresak, beste behin, albo batera utzita zuen garai batetik. Barruak tristuraz bete zitzaizkidan beti irribarrez ikusten nuen hura horren ilun ikustean. Hurrengo egunetan izan genuen elkarrizketaren bat edo beste, baita partida bat jokatzeko Salamancarako bidaia ere. Bidaia hartatik bueltan gogoratzen dut zera esan zidala: «Lurrean etzanda nahi naute, baina nik zutik bizitzea dut gogoko». Bada, hiru hilabete beranduago, lau eta erdiko txapela jantzi zuen Jokin Altunaren aurka, ondoren, Mikel Larunberekin 2017ko Binakako Txapelketaren finala jokatu, eta Iker Irribarriari buruz buruko txapela irabazi. Bederatzi hilabetean hankaz gora jarri zuen guztia. A zer ahala, harrigarria.

Hala ere, Bengoetxea pilotazaleen bihotzetan iltzatuta egoteko arrazoi nagusia, kantxan zein kantxatik kanpo erakutsi duen izaera berezi eta alai hori da. Izan partida gogor baten ondoren frontoian bertan, sagardotegi bateko bazkari batean, edo goizeko ordu txikietan edozein herritako taberna zuloan, beti izan ditu esker oneko hitz eta jardunak hurbildu zaizkion pilotazale guztiekin. Aste honetan egin dioten elkarrizketa batean, bera beti izpiritu aske bat izan dela irakurri diot, errebelde samarra, horregatik ez diola enpresari fideltasunik eskatu. Nik esango nuke Oinatz pilotari, pilotazaleei eta bere kideei izan zaiela leialago, enpresari baino; eta hori ere eskertu diola pilotazaleak.

Kideekiko duen leialtasun horretan kokatuko nuke 2020an zenbait pilotarik egin genuen eta greba batekin bukatu zen borroka hartan berak ere parte hartu izana. Ez parte hartu bakarrik, baita aurpegia eman ere, kolektibo gisa Tolosan egin genuen lehen agerraldi hartan egin zuen bezala. Bera zen taldean pisu handiena zuen kidea, eta ez zion ardura horri iskinik egin. Errazagoa zatekeen beretzat, ez ikusiarena egin, enpresaren ondoan kokatu eta «nik ez dakit ezer» esatea. Hori egin izan balu, ez dut uste orain, otsailean, bere agur partidarako lerro hauek idazten egongo nintzatekeenik, urrian baizik. Baina, hori egin izan balu, ez litzateke Oinatz izango. Sebastian Lizasok Azpeitian egin zioten omenaldian bota zion bertsoan bikain borobildu zuen guztia: «Zuriz jantzita hasi hintzen eta/ zikindu gabe bukatu». Kontzientzia galtzak bezain garbi duzula esango duzu agur, eta ez dago gauza ederragorik. Besarkada bat, lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.