Veronika Tsepkalo. Bielorrusiako oposizioko kidea

«Guretzat Lukaxenko iragana da, ez oraina edo etorkizuna»

Tsekpalorentzat Bielorrusiako presidenteak sinesgarritasun osoa galdu du. Hura agintetik kentzea eta «presidentetzarako hauteskunde askeak» egitea du lehentasun nagusia.

TATYANA ZENKOVICH / EFE.
Alex Bustos
Mosku
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Veronika Tsepkalo, Bielorrusiako oposizioko hiruko buruzagitzako kideak, Varsoviatik hitz egin du BERRIArekin. Han dago senarrarekin, Valeri Tsepkalorekin, batera. Senarra ezin izan zen presidentetzarako hauteskundeetara aurkeztu, jazarpenaren beldur. Veronika Tsepkalok taldea osatu zuen Maria Kolesnikovarekin eta Svetlana Tikhanovskaiarekin,horrek presidentetza lor zezan. Haren helburu nagusiak ziren hauteskunde askeak egin ahal izatea eta preso politikoak askatzea.

Hauteskunde Batzorde Zentralak agintean 26 urte daramatza Aleksandr Lukaxenko garailetzat jo ostean, eta «hauteskunde iruzurra» salatzen hasi ziren manifestazioetan. Milaka manifestari atxilotu dituzte, eta gutxienez bi hildako salatu.

Konstituzioa erreformatzeko aukera jarri du Lukaxenkok mahai gainean. Zer iritzi duzue oposiziokoek?

Ez dugu Lukaxenkok dioena sinesten. 26 urtez egon da boterean, eta badakigu zer egiten duen hauteskundeak baino lehen eta haiek egiten diren bitartean, gauza asko hitzematen dizkio Bielorrusiako herriari. Konstituzioa erreformatzeko negoziazioak ere has ditzake. Baina prozedura inoiz ez da gardena, inoiz ez du erakusten nola egingo duen. «Zerbaitetan lan egiten ari» dela baino ez du esaten, eta gero esaten du ez zaizkiola gustatzen proposatu dizkioten aldaketak, eta ez ditu indarrean sartzen. Horrela aritu da urte askoan. Ez diogu gehiago sinesten.

Protestak geldiarazteko ahaleginetan ari da, hori du ohiko estrategia. Jendeak protesta baketsuetan parte hartu du, eta ez du amore eman nahi. Lukaxenkok ez du inoiz herritarrekin hitz egiten. Gure helburu nagusia da haren erregimena amaitzea. Tikhanovskaia jarduneko presidentea izatea nahi dugu, eta berak iragarditzala presidentetzarako hauteskundeak. Eta horietan nahi duen guztia aurkeztu ahal izango da bere programarekin. Lukaxenko guretzat iragana da, ez oraina edo etorkizuna.

Zer eskatuko zeniokete Europako Batasunari? Nahikoa egiten ari da?

Ulertzen dugu Europako Batasuna; Bielorrusian egoera zaila da. Lehenik, ulertzen dugu estatu kide asko direla erabaki bat hartzeko. Europako Parlamentuak iragarri zuen persona non grata izendatu zutela Lukaxenko, eta zigorrak ezarriko zizkiola berari eta haren inguruko arduradunei. Jazarpena jasan duten bielorrusiarrei lagundu beharko genieke. Horregatik eskatzen diegu Europako herrialdeei eman dezatela dirua jende horri laguntzeko. Orain, ahalik eta sinadurarik gehiena biltzen ari gara Change.org atarian, Europako buruzagiei eskaria bidaltzeko.

Bruselatik eskatu behar dute preso politikoak aske uzteko, Bielorrusia delako Europan espetxeratu gehien dituzten herrialdeetan hirugarrena. Ikusi dugu espetxeetan egunean bitan jipoitzen dituztela presoak. Jendeak jasotzen duen tratu onartezinari buruzko istorio izugarriak entzun ditugu. Ankerkeria horiek egin zituztenak zigortu nahi ditugu.

Zein da zuen bide orria?

Behar dugun lehen gauza da Svetlana Tikhanovskaia presidente izendatzea. Orduan, berak askatuko ditu preso politikoak, eta, aurrerago presidentetzarako beste kanpaina bat iragarriko du, non hautagai guztiek aurkeztu ahal izango dituzten euren programak. Svetlanak ez zuen programarik, haren puntu bakarra hauteskunde askeak ziren. Datozen bozen ondoren, parte hartzaileek euren programa ezarri ahal izango dituzte, eta Bielorrusiak datozen bost urteetan egin beharreko bidea zehaztu.

Nor aurkeztuko litzateke beste hauteskunde batzuetara?

Nire senarra aurkeztuko litzateke (Valeri), berak hartuko du parte presidentetzarako hauteskundeetan iragartzen dituztenean. Oso programa indartsua du, oporretan lanean aritu delako urte askoan. Garatutako hainbat estatutatik ikasi du; asko bidaiatu dugu eta elkarrekin egin dugu lan, Malaysiako, Singapurreko, AEBetako eta Europako Batasuneko ereduak ikertu ditu. Nola kudeatzen duten herrialdea, hezkuntza, eta abar. Ekonomia erreformatuko du; duela urte asko egin behar zen zerbait da hori. Baina gure lehentasun nagusia Lukaxenko kentzea da.

Familia eredu tradizionala da gurea; nik emakumeen gauzak egiten ditut, eta berak bereak. Ama langile bat naiz, eta multinazional handietan egin dut lan. Hasieran, oporrak eskatu nituen kanpainan parte hartu ahal izateko, eta oso opor «lasaigarriak» izan dira. Senarra hauteskundeetarako zerrendetatik kendu zutenean, nire babesa eman nion, eta gure kanpainari eustea erabaki genuen, denok genuelako helburu bera, erregimena amaitzea. Etxera itzuli nahi dut ahalik eta azkarrena.

Badago aukerarik Lukaxenkori edo hark hasitako bideari jarraitu nahi dion beste norbait aurkezteko presidentetzarako hurrengo bozetara?

Ez. Lukaxenko agintean egon den 26 urteotan herritarrek sufritu dutena kontuan hartuta, uste dut berak beste norbait aukeratuko balu edo hautagai jakin baten alde ondo hitz egingo balu askok susmo txarrak hartuko lioketela, ez dugulako nahi Lukaxenkorengandik datorren inor. Ikusi duzue nola ari garen borrokan, nola gure jendeak erregimenaren aurka egiten duen, nola aurre egitendioten Lukaxenkori. Ez dugu nahi ez bera eta ez haren antzeko besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.