Hemezortzi aldiz saiatu naiz The game [jokoa] egiten, baina Kroaziako Poliziak guztietan harrapatu eta bueltan ekarri nau. Orain negua noiz igaroko zain nago hurrengo saiakera egiteko, eta, Jainkoak nahi badu, oraingoan Milanera iritsiko naiz». Wasim duela bi urte iritsi zen Bosnia eta Herzegovinara, Pakistandik EB Europako Batasunera eramango zuen ibilbidea jarraituta. Lehenago Grezian egon zen, baina han bere asilo eskaera bi aldiz baztertu zutenez, herrialdea utzi, Mazedonia eta Serbia gurutzatu eta Bosniako ipar-mendebaldeko Una-Sana kantonamenduraino bidaiatu zuen, berriro ere EBko gotorlekuaren ateetan egoteko.
[YouTube]https://youtu.be/PDuK-V8-VAk[/YouTube]
Hemen dauden migratzaile gehienen helburua da EBko muga gurutzatzea, eta Kroazia eta Eslovenia oinez zeharkatuz Italiaraino iristea. Horretarako, ordea, mendiak, basoak eta ibaiak gurutzatu behar izaten dituzte, eta Europara heltzeko ibilbide arriskutsu horri The game esaten diote, nahiz eta jolasetik ezer gutxi izan.
Wasim Lipako errefuxiatu kanpalekuan bizi da orain, baldintza zeharo lazgarrietan, eta egoera berean dauden beste 900 lagunekin batera. Baina oraindik ez du bere ametsetako Europara iristeko asmoa burutik kendu, ezta kenduko ere: «Eguraldi onarekin, 11 egun barru Esloveniara hel naiteke, baita sei egun geroago Italian egon ere. Ez dakit noiz izango den hori, baina azkenean lortuko dut».
Handik hogei kilometrora, Bihac hiriburuaren kanpoaldeko fabrika abandonatu batean, zazpi gazte afganiarrek motxilak eta lo zakuak prestatzen dituzte ordu gutxi barru Kroaziarako bidaiari ekiteko. Nahiko lasai dirudite nazioarteko muga bat legez kanpo gurutzatzear egoteko: «Ez daukagu beste aukerarik. Gauez aterako gara, eta mugikorraren GPSa baliatuz egingo dugu ibilbidea, basoak eta mendiak zeharkatuz. Ezin gara herrietatik ez bide nagusietatik joan, bertako bizilagunek ikusten bagaituzte komandoei deitzen diotelako».
Kroaziako Poliziarekin topo egiteak jokoaren amaiera dakar, hain zuzen, migratzaileak EBren lurretan atzemanak izan arren, ia kasu guztietan legez kanpo Bosniara itzularazten dituztelako, asiloa eskatzeko aukerarik eman gabe. Mugako eskubide urraketak dokumentatzen dituen BVMN Mugako Indarkeria Ikuskatzeko Sarearen estimazioen arabera, 2020an 20.000 pertsona baino gehiago itzularazi zituzten legez kanpo Kroaziatik Bosniara, eta kasu askotan Poliziak biolentzia fisikoa eta tortura erabiltzen dituela salatu dute migratzaileek eta gobernuz kanpoko erakundeek.
«Jipoitu egin gaituzte»
Kroaziako mugari itsatsita dagoen Velika Kladusa herrian, Marokoko lau gaztek atseden hartzen dute supermerkatu baten aparkalekuan, guztiz burumakur: «Kroaziatik bota berri gaituzte, eta oinez etorri behar izan dugu herri honetara. Ez dakigu non gauden ere, Poliziak mugikorrak eta diru guztia kendu dizkigulako, eta ez dakigu gaua non pasatuko dugun. Zer egingo dugu orain?».
Muga gurutzatzeko egin duten lehen saiakera izan da, eta harrituta dirudite Kroaziako Poliziak haiekin izan duen jarrerarekin: «Jipoitu ere egin gaituzte. Zergatik egiten dute hori?». Ordu batzuk geroago, No Name Kitchen elkarteko zenbait kide haiengana hurbildu dira elikagaiak eta arropak banatzeko. Elkarte horrek hiru urte daramatza Bosniako Una-Sana kantoian harrapaturik dauden migratzaileei laguntza eskaintzen, eta mugako ehunka bizipen entzun dituzte haien ahotatik: «Ez gara kasu bakan batzuetaz hitz egiten ari: biolentzia, torturak eta lapurretak sistematikoki baliatzen ditu Poliziak, ez soilik gizonen aurka, baita familien eta haurren aurka ere».
Ez da zurrumurru bat. Kroaziako Poliziak migratzaileen aurka erabiltzen dituen metodo basatiak ezagunak dira mugan zein Europako goi kargudunen artean, 2018tik hona horiek frogatzen dituzten irudi ugari zabaldu direlako sare sozialetan.
BVMNko kideek ere gehiegikerien berri ematen duten hainbat txosten argitaratu dituzte azken hilabeteotan. Baina haien lanak izan duen eragina ikusita, EBko arduradunen immobilismo «konplizeaz» kexu dira orain: «Gertatzen ari diren eskubide urraketak azaleratu arren, inork ez du ezer egiten, eta egoera okerrera doa. Azkenaldian suzko armen erabilera eta txakurrekin eginiko erasoak nabarmen ugaritu dira».
Bidaian atzemana izan den edozein migratzailerekin hitz eginez gero, biolentziaren erabilera horren atzean disuasio estrategia bat dagoela iragarri daiteke: «Poliziek Kroaziara inoiz ez bueltatzeko esan digute; hurrengoan okerragoa izango dela». Davor Bozinovic lehen ministroak, ordea, gezurtatu egin ditu bere gobernuaren aurkako salaketak, Kroaziak EBko lurreko mugarik luzeena «legea betez» babesten duela argudiatuz.
Horiek hala, urtarrilaren 30ean Europako Parlamentuko diputatu italiarren delegazio bat Kroazia eta Bosnia arteko muga bisitatzera joan zen bertako egoeraren ikuskatze bat egiteko, baina mugatik gertu zeudela, Poliziak bidea galarazi zien. Gertakizun horren harira, eta parlamentariek eginiko salaketari erantzunez, Bozinovicek «Kroaziaren izen onari kalte egiteko asmo garbi batekin» aritzea leporatu zien.
Ylva Johansson Europako Barne komisarioak, berriz, ez zuen ukatu legez kanpoko itzulketak izan bazirela, joan den astean, Lipako kanpalekura eginiko bisitan, kazetariek gaiari buruz galdetu ziotenean. Legez kanpoko jokabideei aurre egiteko asmoa azpimarratuz, Kroaziako Barne Ministerioarekin batera mugako eskubide urraketak ikuskatuko dituen «monitorizazio mekanismo independente baten sorrera» aztertzen ari direla iragarri zuen, baina ez zuen neurri horren inguruko zehaztasun gehiagorik eman.
Heriotza bidean
Bruselatik funtsezko neurriak iritsi bitartean, eta mugak gurutzatzeko korridore seguru baten faltan, egunero ehunka lagunek egiten dute negu betean Kroazia zeharkatzeko saiakera. Bide horretan, ordea, mendiak eta ibaiak gurutzatu behar izaten dituzte, eta horiek gaindituta ere, basoaren erdian hotzez hiltzeko arriskuari ere egin behar izaten diote aurre.
Zoritxarrez, bide horretan hiltzen direnen kopurua jakitea ezinezkoa dela azaldu BVMN-ek: «Jendea basoan hiltzen ari da, baina ezin da jakin zenbat diren. Duela egun gutxi bi hildakoren berri izan genuen, baina beste askoren gorpuak mendi eta ibaietan galduta geratzen dira, eta aurkitzen badituzte ere, Kroaziako agintariek ez dute guztien berri ematen».
Bosnian dauden migratzaileek informazioa partekatzeko erabili ohi duten Facebookeko orrialde batean, norbaitek senide baten argazki bat partekatu du, etsipen mezu batekin: «Hau nire anaia Oussama da; bi hilabete daramatzagu haren berririk izan gabe. Norbaitek zerbait jakingo balu, mesedez informa gaitzala». Halako mezu gehiago daude, argazki eta izenekin, Balkanetako bidean zehar galdu diren senide edo lagunei buruz galdetzen dutenak.
Bihaceko hilerriaren izkina batean, bestalde, NN siglak (Nomen Nescio, latinez Ez dut izena ezagutzen) agertzen dituzten egurrezko hainbat hilarri daude. Ez dute lorerik, eta ia denek lurra lautu gabe daukate. Bosnia eta Kroazia arteko muga horretan hil diren dozena bat migratzaile daude hor lurperatuta, milaka kilometroko bide gogorraren ostean Europako ateetan bizitzak eta izenak galdu dituztenak. Haien alde ezer gutxi egin daiteke orain. Baina beste asko, ordea, haiek utzitako bide berean daude oraindik ere, etorkizun hobe bat izateko bizitza arriskatu beharrean.