GERRARAKO DIRUAK

Ukrainako gerra dela eta, gastu militarra handitu dute Europako gobernuek, eta armagintzaren sektorea azken hamarkadetako garairik oparoenean dago. Euskal Herriko enpresak NATOren eta Europako Batasunaren egitasmo ugaritan parte hartzen ari dira.

AEBetako, Espainiako eta Sener enpresako ordezkariak, uztailean. SENER.
jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Europara Gerra Hotza itzuli da. Gobernuek ahaztuak dituzte defentsarako diru sailak murrizten zituzten garaiak, eta 1980ko hamarkadako politiketara bueltatu dira. Ukrainako gerrak bultzatuta, armamentua erosteko gastu publikoa handitzen ari dira, NATOk eskatu bezala edo berriki Europako Batzordeak proposatu dien bezala, besteak beste, Next Generation funtsetako dirua helburu horretara bideratuz. Armagintzaren sektorea eskuak igurzten ari da, baita Euskal Herrian ere.

2016an NATOk helburu bat jarri zien aliantzako kideei: haien aurrekontuetan BPG barne produktu gordinaren %2 gastu militarrerako izatea. Ofizialki, 31 herrialdeetatik zazpik bakarrik egiten dute hori: AEBek, Erresuma Batuak, Estoniak, Letoniak, Lituaniak, Greziak eta Poloniak. Frantzia taldean sartzear dago —BPGaren %1,9 baitu, 2022ko aurrekontuen arabera—. Espainiako Gobernua, berriz, iaz konprometitu zen helburu horretara 2029an heltzeko, baina aurten jauzi handia egin du, eta lortu du, halakorik aitortu ez arren.

Kataluniako Centre Delas d'Estudis per la Pau erakundearen arabera, Defentsa Ministerioaz gain, besteek —bereziki Industriak— armagintzako egitasmoetarako dituzten diru sailak kontuan hartuta, BPGaren %2,17ra iritsi da Espainia. Aurtengo aurrekontuetan, 14.400 milioi euro da Defentsa Ministerioko gastua —BPGaren %1—, baina gastu militar osoa zenbatuta — NATOk egiten duen moduan— ia 28.000 milioi euro da. Hala, 2023ko aurrekontuetan iazkoetan baino ia 5.000 milioi gehiago jarri ditu.

Ikusi gehiago:Hamar urtean %30 handitu da gastu militarra Europan

Delas zentroaren iritzian, hazkunderik «eskandalagarriena» Industria Ministerioak egin du: egitasmo militarrentzako ikerketa eta garapen kredituak izugarri handitu ditu, %126: 1.600 milioi guztira. Baina, horrekin lotuta, badago beste datu are esanguratsuago bat. Espainiako Gobernuak 2023an inbertsioetarako izango dituen baliabide guztien ia %30 — inbertsio errealak eta ikerketa eta garapeneko maileguak kontuan hartuta— armagintza sektorerako izango dira. 7.743 milioi guztira, autonomia erkidegoetako inbertsioak zenbatu gabe. Diru horrekin, besteak beste, Espainiako Gobernua sektoreko enpresen kapitalean sartzen ari da, eta enpresen kontzentrazioa bultzatzen ari da, inbertsioak eta erosleak erakartzeko.

Aurrekontuez gain, beste iturri bat du gobernuak: Europako Batasuneko defentsa funtsa. 1.200 milioi eman dizkio, eta 2027ra arte beste 10.000 milioi gehiago ematea aurreikusten da.

Eusko labeldun armak

Euskal Herrira dirua iristen hasi da. Tedae Defentsa, Aeronautika eta Espazioko Teknologien Elkartearen arabera, armak edo gerrako ibilgailuak ekoizten dituzten puntako hogei enpresa inguru daude Hego Euskal Herrian, eta 1.058 pertsonak egiten dute lan zuzenean. Garrantzitsuenak: Sener, Sapa, ITP Aero, Aernnova, MTorres, Aciturri eta Satlantis. Alor militarra soilik kontuan hartuz, 800 milioi euro inguru fakturatu zituzten iaz. Ipar Euskal Herrian bi konpainia handi daude: Dassault eta Turbomeca. Eta horiekin guztiekin batera, beste 100 bat, azpikontratatuak eta hornitzaileak. Eta zehazki zer egiten dute? Bereziki, gerra ibilgailuetarako edo kanpoan muntatzen diren misilentzako piezak.

Baina sektoreak ezaugarri nagusi bat badu, hori gardentasun falta da. Oso zaila da jakitea enpresa horiek zer kontratu zehatz dituzten eta norekin. Espainiako legediak debekatu egiten die enpresei gerran dauden edo giza eskubideak urratzen dituzten herrialdeei armak saltzea. Baina zaila da jakitea hori benetan hala den. Izan ere, ministerioen arteko batzorde bat arduratzen da armen salerosketen inguruko auziaz, eta Sekretu Ofizialen Legeak babesten du haren jarduera.

Euskal enpresen artean, azken aldian, Sener ingeniaritzak eman du informazio gehien bere jardunaz. Gaur egun, Europako Defentsa Funtsaren bederatzi proiektutan parte hartzen ari da. Horietako bat Hydef da, 110 milioikoa: misilen aurkako sistema bat garatzea du helburu. Gainera, Getxon egoitza duen enpresa hori Commands proiektuaren buru da; gerrarako ibilgailu autonomoak sortzeko helburua du, eta 24 milioiko finantzabidea. Halaber, beste lautan parte hartzen du —Swat-Shoal, Odin 's Eye II, Latacc eta Spider —, 220 milioi ingurukoa. Eta Eurodrone programaren parte da, 11 tonako hegazkin bat diseinatzeko, tripulaziorik gabekoa.

Baina Espainiaz eta Europako Batasunaz gain baditu beste bezero handi batzuk. Uztailean, AEBetako Raytheon enpresarekin hitzarmen bat sinatu zuen GEM-T misilak diseinatzen laguntzeko. Misil horiek NATOren Patriot aireko defentsa sistema ezagunaren parte dira, eta Senerrek «estrategikotzat» jo du akordioa. Guztira 300 milioiko eskari zorroa du.

Senerrekin batera, Andoaingo Sapa ere nabarmentzen da. Jokin Aperribai Realeko presidentearen konpainia ezaguna da euskal enpresen artean, ekoizpena ia esklusiboki armagintzara bideratzen duelako. Ofizialki, bezero bakarra du: Espainiako armada, eta Dragon 8x8 tankeen propultsio sistema fabrikatzen du. Guztira 350 ibilgailuko kontratua egin zuen 2021ean, 2.100 milioikoa.

Sapak ere zabaldu nahi du bere bezero zorroa, eta azken urteetan garrantzi handiko mugimendu batzuk egin ditu. 2021ean Indra konpainian zuen parte hartzea %5etik %8,5era handitu zuen, eta eserleku bat eskuratu administrazio kontseiluan. Indra estrategikoa izaten ari da Europako diru laguntzak erakartzeko Espainiako Gobernua bultzatzen ari den enpresa kontzentrazioan. Gobernua da enpresaren akziodun nagusia, eta Indra armagintza sektorearen motorra bilakatu da.

Zerutik eroritako dirua

Euskal industrian aeronautikak ere harreman oparoa du armagintzarekin. Hegan klusterrak dioenez, sektorearen fakturazioaren %10 inguru baino ez da iristen da alor horretatik, baina datozen urteetan kopurua nabarmen handitzea espero dute.

Enpresa nagusietako bat ITP Aero da. 1.047 milioi fakturatu zituen iaz, %20 armagintzatik. 1989an sortu zuten. —besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta Senerren babesarekin—, Eurofighter hegazkinaren motorra garatzeko. Gobernuek enpresan zituzten akzioak saldu zituzten, baina berriki itzuli dira, sektorea hartzen ari den pisua kontuan hartuz. Hala egin zuen Jaurlaritzak iaz, %6 erosita —100 milioi euro inguru—. Eta aste honetan Madrilek%9,5 eskuratu du, Indraren bitartez.

ITPk eta Indrak lankidetza hitzarmena sinatu dute FCAS programara batera aurkezteko. 8.000 milioiko aurrekontua du eta Europako aire gerra-sistema berria diseinatzea du helburu. Euskal Herrian lantegiak dituzten Aernnovak eta Dassaultek ere hartzen dute parte proiektuan. Aernnovak, halaber, Superpuma eta Tiger gerra helikopteroen fabrikazioan parte hartzen du, eta F18 hegazkinenean: 515 milioi fakturatu zituen iaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.