Koronabirusa

Metajardunaldiak pandemiaz

'Pandemiak, distopiak eta mundu berriak' jardunaldia izan zen atzo, Usurbilen; UEUk eta Jakinek antolatutako laugarrena. Hego Euskal Herrian maskararen derrigorrezko erabilera arautu eta egun batera. Krisiaren kudeaketaz, ondorioez, datorrenaz aritu dira adituak, maila teoriko zein praktikoan.

UEUk eta Jakinek antolatutako jardunaldietan goizeko hitzaldietan aritu ziren kideak: Irati Zubia, Mario Zubiaga, Arantza Etxeberria eta Joseba Azkarraga. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maider Galardi
Usurbil
2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun

Hizlariek paperean idatzita esateko dutena unean bertan gertatzen ari dela dirudi Usurbilen (Gipuzkoa), Jakinek eta UEUk elkarlanean antolatutako Pandemiak, distopiak eta mundu berriak jardunaldian. Tantaka heldu ziren atzo entzuleak, norbera bere maskara jantzita, eta sarreran eskuak gel hidroalkoholikoz garbituta. Metro eta erdiko distantzian eseri dira Udarregi ikastolako jantokian, eta hizlarien mikrofonoak eta mahaiak garbitzen dabil UEUko kide bat hitzaldi bakoitzaren ostean. Inork ez du kendu maskara goiz osoan, hamaiketakoa jateko eta kafea edateko ez bada.

Atzo sartu zen indarrean maskararen derrigorrezko erabilera, eta denak ari dira araua zorrotz betetzen. Bada jardunaldietan egon behar baina koronabirusaren agerraldi batek gertu harrapatu duelako agertu ez denik ere: «Horrek erakusten du gaia pil-pilean dagoela, eta datorrenaz baino gertatzen ari denaz hausnartuko dugula gaur», dio Jakineko Xabier Eizagirrek hitzaurrean. Eta, hala, salbuespen egoera betean eman diote hasiera Jakinek eta UEUk elkarlanean antolatutako laugarren mintegiari. Teoria eta praktika, biak uztartu dituzte halabeharrez: goizean Mario Zubiaga EHUko irakasle eta politologoak, Arantza Etxeberria EHUko Zientzia eta Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakasleak, Joseba Azkarraga EHUko soziologia irakasleak eta Irati Zubia filosofian graduatuak hartu dute hitza. Arratsaldean, berriz, Teresa Larruzea filosofian graduatua eta doktoregaiaren hitzaldiaren ostean, Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrieta eta Aizpea Otaegi Errenteriako (Gipuzkoa) alkatea aritu dira.«Ongi etorri salbuespenezko hitzaldi honetara», hasi da Zubiaga.

Koronabirusaren krisiaren dimentsio politikoaz aritu da, baina hasi aurretik abisua eman du: «Ez dago ezer berririk eguzkipean». Haren ustez, krisiaren hastapenean «dena aldatuko zelako» ustea bazegoen ere, argi gelditu da halakorik ez dela gertatuko: «Hasieran, kapitalismoa akabatzera zetorren birusa, baina ez ote duen sendotu, horra kezka».

Ezer berririk izan ez arren, aitortu du COVID-19aren krisiak hainbat ezaugarri berezi izan dituela: ustekabekoa izan da krisia, nahiz eta gaiari buruz asko zegoen idatzita dagoeneko —pelikula eta liburu distopikoak aipatu ditu—; gizarteak eta gizabanakoak eragiteko duen ahalmena auzitan jarri da; eta birusak «biluzi» egin du errealitatea.

Eta, biluzte horretan, nabarmendu du agerian gelditu dela diziplinatzailea bezain «errendimenduzkoa» dela egungo sistema. Alegia, gobernuek etxekotu dutela jendea, baina aldi berean ekoizten segitzeko neurriak jarri dituela merkatuak. Eta, horrekin lotuta, uste du iraultza teknologikoak behar zuen bultzada jaso duela: «Eremu publikoa kendu digutenez, horren mundu paraleloa sortu dugu sarean». Baina politologoak azpimarratu du horrek klase arrakala berriak sortu dituela ere txanponaren beste aldean.

Itxialdiak ere izan ditu bestelako eraginak: gizarteak frogatu du mundua aurrera doala gizakirik gabe, eta gizarteak egin duela aurrera «kanpoan mundua » izanda ere. Kanpo eta barne jokoari ere heldu dio: «Birusa gure parte ere bada, bada gu garena».

Hain justu, hari horri tiraka segitu du Etxeberriak. Zientziaren eta teknologiaren filosofiaren betaurrekoetatik heldu dio gaiari: «Biziduna bere ingurumenaren araberakoa ere bada». Birusa denaz eta ez denaz izandako eztabaida historikoei heldu die segidan: «Birusa beti lotu izan da gaixotasunarekin». Haren ustez, ordea, orain arte egindako ikerketek frogatu nahi izan dute birusak ez direla bizidunak, beste batzuen zelulen «bizkarroi» bizi direlako, eta elkarrekintza behar dutelako iraun ahal izateko. «Nik ez dut esango bizidunak direla, baina egozten zaien gabezia da elkarrekintza baten ondorioz egiten dituztela gauzak. Nik defendatzen dudana, hortaz, zera da: bizia ez al da hori? Ez al da gauzak elkarrekintzan egitea? Birus bati esaten badiogu burujabea ez delako ez dela biziduna, elkarrekintza galtzen dugu». Horrekin lotuta, ontologia holobiontea defendatu du, bizidunak autonomoak ez direla eta ekosistema modukoak direla, alegia: «Hori da interesatzen zaiguna: askotariko zelulen edo izakien sistema garela».

Bestelako gogoetak ere egin ditu pandemiaren harira. Besteak beste, proposatu du gaixotasunen historia egitea: «Oso interesgarria da gaixotasunen historia egitea, ez delako soilik ibilbide biologiko bat, historia soziala ere badelako». Osasunaz ere egin du gogoeta: «Ondorioetako bat da osasuna ez dela ezagutzen galtzen den arte». Eta ausartu da ondorio handiago bat mahai gainean ere jartzen: «Pandemiak erakutsi digu naturaren krisialdi sakona».

Ereduaren leherketa

Azkarragak ere krisi horietan jarri du arreta: lehenagotik zetozenetan eta atzeraezinak diren horietan. Lau aipatu ditu, zehazki: finantza arlokoa, bioaniztasunaren krisia, energiarena eta klimarena. 2005etik hona gai horien bueltan lanean dabil soziologoa, eta ohartarazi du pandemia «datorrenaren entrenamendu bat» izan dela: «Gogorra da, baina partida luzeagoa datorkigu».

Eman ditu hainbat datu mintzagai duen «sistemaren leherketa» azaltzeko: «Kolapsoa ez da arrisku bat, ez da urrunean ikusten dugun zerbait. Leherketa gertatzen ari da». Aztarna ekologikoa eta erregai fosilen beherakada aipatu ditu, besteak beste, eta salatu du ez dela urrats sendorik egin sistema aldatzeko, duela zenbait hamarkadatik hona hori aldarrikatu arren. Aitortu du, halaber, orain arte «iraultza handiek» berekin ekarri dutela «gehiagora» jotzeko joera: «Sekula ez dugu emantzipazioa gutxiagora joanez planteatu. Hobera joatea beti izan da gehiagora joatea. Baina orain ezin da».

Bide berriak urratzeko

Alde horretatik, uste du eskala txikiagoan eragin behar dela, eta desazkundearen bidea urratu: «Gu planteatzen ari garena ez da pobretze material bat, baizik eta bizitza duinak bermatzea».

Horixe proposatu du Zubiagak ere, tokiko demokratizazioa, eta publikoaren, pribatuaren eta komunitatearen arteko lotura. Halakorik ezean, Larruzeak ohar egin du estatuak alarma egoeran hartutako neurrien kontra borrokatu direnak klase pribilegiatuetakoak izan direla, eta, finean, estatuaren interbentzioetaz kexu diren liberalek proposatzen duten gobernu ereduan, enpresak direla gobernatzen dutenak. Hau da, estatuak horrenbeste agindu ez dezan eskatzen duen kritika eta eredu liberalak merkatuak agintzea inplikatzen duela.

Hori eragozteko, bizitza duinak defendatzeko aldarria egin du Zubiagak; «Biziraute horren mugak eta baldintzak politikoki definitu behar dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.