Arlo askotariko 40 profesional eta ikertzailek baino gehiagok COVID-19aren Liburu Zuria plazaratu dute. Nabarmendu dutenez, ez da dokumentu itxia, «zirriborroa» baizik. Horrekin, eztabaida sustatu nahi dute gizartean, eta aurrerantzean, orain arte jorratu dituzten arloetan sakondu eta jorratu gabe gelditu direnak landu nahi dituzte.
Ugo Mayor EHUko Ikerbasque ikertzaileak eta Oier Ateka Donostiako ESIko Barne Medikuntza zerbitzuko medikuak esan dutenez, joan den abenduan egindako mahai inguru bat izan zen txostena egin duen taldearen sorburua. Orduan hasi ziren pentsatzen egokia izan zitekeela «arlo askotako adituak biltzea eta elkarrekin gogoeta egitea», betiere «proposamen zehatzak», egiteko xedez.
Arazo konplexua da COVID-19arena, arlo askotan eragiten duena: osasungintzan, nola ez, baina baita ere alor juridikoan, ekonomian, psikologian, hezkuntzan eta beste zenbait esparrutan. Eta jakinik arazo konplexuei irtenbide sinplerik ezin zaiela eman, ikuspuntu askotatik heldu nahi izan diote aferari, Mayorrek esan duenez: «Gai izan gara elkar ulertzeko. Beste ikerketa batzuekin alderatuta, uste dut honen berezitasuna dela atal bakoitza elikatu dela gainerako ataletako ekarpenetatik».
«Errudunak» bilatu barik
Askotariko begirada horien emaitza da Liburu Zuria, eta han agertzen diren 175 proposamenak. Txostena egin dutenek badakite munta horretako arazo bati aurre egitea ez dela erraza, eta askotan, erabakiak hartu behar izan dituztenek ez dutela gogoetarako denbora handirik izan, erantzunak berehalakoak izan behar zutelako. «Horregatik, beharrezkoa da atzera begiratzea», adierazi du Mayorrek, «eta aztertzea zertan asmatu dugun eta zertan huts egin dugun, baina ez inor errudun egiteko, hobetzeko baizik».
Txostenaren aurkezpenean, egileek ez dute edukietan larregi sakondu nahi izan. Esan dutenez, egin dituzten proposamen guztiak «garrantzitsuak» dira, eta baten bat nabarmentzekotan, beste guztiak alboratuta geratuko ote diren beldur dira. Baina argi dute orain arte zer hobetu badagoela: «Pandemiak orain arte zenbait olatu izan ditu», azaldu du Atekak, «horri aurre egiteko neurri batzuk hartu dira, eta ikusi dugu olatua apaldu den bakoitzean geroago arazoak errepikatu egin direla. Ez badugu aldatzen egiten duguna, leku berdinera itzuliko gara beti».
Mayorrek esan duenez, «ez da oso zentzuzkoa hamabost hilabeteren ondoren hasieran bezala edo antzera egotea». Baina berriro nabarmendu du «okerretan baino gehiago, irtenbideetan» jarri nahi izan dutela fokua: «Aztertu nahi izan dugu zer egiten ari garen, eta horretatik zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, litekeena delako funtzionatzen ez duen zerbait egiten aritu izana orain arte».
Txostenean agertzen diren proposamenak mota askotakoak dira. Adibidez, aire zabalean egiten diren jarduerak hobestea proposatzen dute, «batzuetan, horrelakoak galaraziz, jendea leku itxietan batzea indartu delako, eta hori askoz arriskutsuagoa da». Telelana sustatzea, lehen arretako sarea bultzatzea, arlo publikoa indartzea eta horrelako neurriak agertzen dira Liburu Zurian: «Ez dira iritziak», azaldu du Mayorrek, «datuetan oinarritutako proposamenak baizik».
Lehenagoko arazoak
Oier Atekak esan duenez, pandemiak «lehenagotik zetozen arazoak» azaleratu ditu, arazo berriak aurkezteaz gain. Adibidez, arlo publikoak azken urteotan izan duen ahultzea bere gordinean agertu da pandemiak eraso egin duenean: «Beharrezkoa da arlo publikoa indartzea, lehen arreta sustatzea, prebentzioa eta osasungintza lehenestea eta abar. Gaur egun, osasungintzara bideratzen den aurrekontuaren heren bat arlo pribatura doa. Datu hori alderatzen badugu pandemia honetan arlo publikoari eta arlo pribatuari egin zaizkien eskaera maila desberdinekin, ondorioren bat atera beharko dugu».
«Gardentasun eta datu falta» ere deitoratu dute adituek. Adibidez, Atekak gogorarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirus kasuen %90 jatorri ezezagunekoak direla, ez delako zehaztu kutsatzea non gertatu den, eta Eusko Jaurlaritza dela kutsatzeen jatorriari buruzko datuak ematen ez dituen erakunde bakanetako bat.
Adituek esan dutenez, txosten horrekin «hondar aletxoa» ekarri nahi izan dute gizartean egin beharreko eztabaida sustatzeko. Horregatik, edozein herritarrek lor dezake dokumentua taldearen web orrian, covid19liburuzuria.eus helbidean. Bestalde, iragarri dute EAEko babes zibileko planaren aholku kontseilu Labi teknikoa osatzen dutenei eta Nafarroako osasun agintariei helarazi dietela, eta laster eztabaidak eta mahai inguruak antolatuko dituztela txostena oinarri hartuta.
Koronabirusa
Aro beltzerako liburu zuria
Zenbait arlotako 40 ikerlarik baino gehiagok 'COVID-19aren Liburu Zuria' aurkeztu dute. Jakintza arlo askotatik aztertu nahi izan dute pandemiak ekarritako egoera. 175 proposamen zehatz egin dituzte, «datuetan oinarrituta»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu