Lander Cerrillo Donostiako dantzari profesional bat da, 24 urte dauzka eta iazko abuztuan joan zen Israelera bizitzera. Kamea dantza konpainiak kontratatu zuen, eta, ordutik, Beer-Sheva hirian bizi da. Larunbat goizaldean hasi zen Israelen eta Gazaren arteko gerra, ehunka hildako eta zauritu eragiten ari dena. Cerrillok esan du larunbat goizaldean hasi zela bere bizitzako «esperientziarik okerrenetakoa», eta atzo goizean bukatu zen, Hondarribiko aireportura (Gipuzkoa) iritsi ahal izan zenean.
«Israelera lanera joatea onartu nuenean abisatu ziguten alarmak [bonba abisuak] eta bonbak egongo zirela, baina ez ziguten azaldu —haiek ere ezin zutelako irudikatu— oraingoa bezalakorik gertatuko zenik», aitortu du Donostiako bere etxetik. Larunbat goizaldean hiru emozio nagusitu ziren bere etxean. Lehenik, lasaitasuna: «06:30 aldera hasi zen, eta hasieran pisukideak eta ni lasai geunden. Esan genuen: 'Alarma bat da, bonbak eroriko dira, eta kito'». Bigarrenik, kezka: «Kezkatzen hasi ginen ia lau orduz egon zirelako alarmak eta bonbak, eta albistegia ikustea erabaki genuen». Azkenik, beldurra: «Gertatzen ari zen guztia ikusi genuenean hasi ginen beldurtzen».
Lehenengo egin zuten gauza haien etxeko bunkerrean sartzea izan zen; etxe askok dute. «Gela bat da, baina kanpotik metalez dago indartuta. Bahiketak saihesteko, etxeko atea itxi genuen, eta mahai bat jarri genuen haren kontra», azaldu du. Larunbat goizaldetik herenegungo eguerdira arte egon ziren bunkerrean.
Bonben eztandak ikusten zituen urrutira: «Israelek antimisila du, eta hau da egiten duena: begiratzen dute misilak zein ibilbide duen, eta, erortzekoa den lekuaren arabera, eztanda egiten du edo ez. Basamorturantz doazenek eztanda egin ohi dute, eta, urrutira, eztanda horiek ikusten genituen; bereziki, eragiten zuen kea».
Ikusi ez ezik, entzun ere egiten zituzten: «Eztandak gertu entzuten genituen, hau da, geure gainean». Beren etxea dardararazten zuen horrek, azaldu duenez: «Baina, zorionez, ez genuen gertutik ikusi nola erortzen ziren lurrera».
Cerrillok kontatu du Beer-Xevako giroa «tentsio handikoa» dela: «Egunak aurrera joan ahala, egoera gero eta okerragoa zen. Kalera atera eta ez itzultzeko beldurra nabarmentzen zen». Gazako zerrendaren mugatik 45 kilometrora dago hiria, eta Tel Avivetik ordubetera.
Herenegungoa «egun txarra» izan zela aitortu du. Pisukideek beren sorterriko enbaxaden erantzunak bazituzten, etxera itzultzeko argibideekin. Hark, ordea, oraindik Espainiako enbaxadaren erantzunik ez zeukan. Jaso zuen, azkenean: «Ez genekien zer egin. Idatzi zidaten, eta horrek pixka bat lasaitu ninduen. Baina erantzuna jaso arte, nik ez nekien ezta ateratzea segurua izango ote zen ere».
Espainiako enbaxadak esan zion herenegungo 20:00etarako Tel Aviveko aireportuan egoteko, eta mezua jaso bezain laster abiatu zen hara, pisukideekin, taxiz: «Bidean ikusi genuen nola kamioiek tanke erraldoiak atoian eramaten zituzten, eta dena zegoen militar armatuz beteta».
Aireratzean, «tentsioa»
Espainiako Gobernuaren hegazkin militar batean sartu zen herenengungo 23:00etan. Une horretan, «tentsioa» sentitu zuela esan du: «Hasieran tentsioa zegoen, bereziki aireratu baino lehen. Ez genekien aireratu ahalko ginen, eta ez ote ziguten tiro egingo momentu horretan». Baina iritsi zen Madrilera, eta handik Hondarribira, atzo. Ama eta txakurra joan zitzaizkion bila, «hunkituta».
Datozen asteetan hausnartzea dagokiola azaldu du Cerrillok: «Une honetan egin nahi dudan azken gauza Israelera itzultzea da, baina ni han ari naiz lanean. Geure nagusiek esan ziguten itxaroteko gobernuak esan arte segurua dela Israelen egotea, eta gero itzultzeko. Garai honetan, hausnartuko dut ea itzuli nahi dudan han segitzeko, edo nire gauzak jaso eta Donostiara itzultzeko».
Palestinako gatazka
Gerratik etxerako bidea egin du
Lander Cerrillo dantzari donostiarra Israelgo Beer-Sheva hirian harrapatu du Gazaren eta Israelen arteko gerrak. Euskal Herrira itzultzea lortu du, bunker batean babestuta egon ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu