LPEE+ taldeak petrolio ekoizpena murriztu izanak erregaia garestitu du azken hilabeteetan, baina bereziki gasolioarena. Azken egunotan, gainera, joera desberdina izaten ari dira gasolioa eta E5 gasolina (95 zena).
Zenbat garestitu dira erregaiak?
Aurtengo preziorik merkeena maiatzean izan zuen gasolioak. Euskal Herri osoan, batez beste, 1,462 euroan salerosi zen gasolio litroa; urriko lehen egun hauetan, 1,735 euroan. Hau da, 27 zentimo garestitu dela lau hilabetean, %18,5. Garestitzea mugaren bi aldeetan gertatu da, baina pixka bat gehiago Hegoaldean (+%19), Iparraldean baino (+%14). Edonola ere, alde handia dago oraindik ere, eta hogei zentimo merkeagoa da hegoaldean.p
>>Gasolina ere garestitu da maiatzetik hona, baina gutxiago: hamalau zentimo, edo %8,7. Igoera osorik Hegoaldeari dagokio, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan praktikoki prezio berean baitago.
Zergatik garestitu dira?
Hasteko, maiatzetik hona petrolio gordinaren prezioa ere handitu egin delako, neurri handi batean, LPEE+ taldeak eguneko 1,5 milioi upel kendu dituelako merkatutik. Gainera, gutxika bada ere, Txinan kontsumoa suspertu egin da, eta horrek estutu egin du ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko aldea. Ekainean, 72 dolarrean zegoen upela, eta atzo arratsaldean 87 dolarrean salerosi zen, %21 garestiago. Baina joan den astean bertan 97,5 dolarrean zegoen (+%35).p
>>Petrolio gordinaren eta finduaren prezioen arteko lotura ez da zuzena. Upelaren prezioa salneurriaren heren bat inguru da; prezioaren erdia dagokio zergei, eta azken zatian sartzen dira garraioaren kostuak, findegiarenak, eta enpresen eta banatzaileen mozkina.
Zergatik garestitu da gehiago diesela?
Gehiago kontsumitzen denez, bizkorrago husten dira haren biltegiak, eta, hori dela eta, gasolioari are gehiago eragiten diote prezioen gorabeherek. Gainera, EBn bederen, haren hornidura katea ahulagoa da. Eurostaten arabera, 2022an, ibilgailuek EBn egiten duten erregai kontsumoaren %73 dagokio gasolioari eta %27 gasolinari. Horri gehitu behar zaio diesela oraindik erruz erabiltzen dela etxeak berotzeko: 42.850 milioi tona.p
>>Baten zein bestearen kontsumoak pandemiaren aurretik jo zuen goia: gasolinak, 2019an, eta gasolioak, 2018an. 2020an eta 2021ean, koronabirusaren ondorioz kontsumoa amildu egin zen, baina 2022an haren aurreko kopuruetara ez da iritsi: %2,2 jaitsi da gasolinaren kontsumoa, eta %5,5 dieselarena.p
>>Ibilgailuak gasolio egarri diren arren, EBko findegietan gasolina gehiago ekoizten dute diesela baino, eta azken urteetan sektore horrek izandako gainbeherak —hamalau findegi itxi dituzte— eragin du inportazioekiko menpekotasun handiagoa izatea.
Nondik inportatzen du gasolioa EBk ?
Hori da garestitzearen beste gakoetako bat. Historikoki, Errusia izan da EBren diesel hornitzaile nagusia, gertu baitago eta gasolioa ekoizteko beharrezkoa den gasa ere erruz ekoizten baitu. Errusiak egunero milioi bat upel diesel esportatzen zituen, eta horietatik bi heren EBra eta Erresuma Batura zihoazen. Baina aurtengo otsailean, Ukrainaren inbasioa zigortzeko, debekatu egin zuen handik petrolioaren eratorriak inportatzea.p
>>Zeharka bada ere, EBk Errusiako diesela inportatzen jarraitzen du. Izan ere, Indiak, Turkiak eta Txinako findegiek bete dute Errusiaren lekua, baina kasu askotan Errusiatik inportatu duten petrolio gordinetik dator gasolio hori. Garraio gastu handiagoak ditu gasolio horrek.
Zer gertatuko da orain?
Zaila da energiaren merkatuetan ezer iragartzea, baina badago gehiago garestitu dezakeen faktore bat: irailaren 21ean, Errusiako Gobernuak iragarri zuen diesel esportazioak eten egingo zituela. lehentasuna emateko bere merkatua hornitzeari eta han prezioak jaisteari. Errusiako Gobernuak atzo bertan esan zuen ez dakiela noiz kenduko duen debekua, baina nazioarteko analistek ez dute espero hilabete asko irautea, esportaziorik gabe, biltegiak bizkor dituelako eta, uzta bilketa amaituta, nekazariek egindako kontsumoa asko jaisten delako.