Euskara. Oldarraldiaren aurkako manifestaziora begira

Herritarren eskubideak erdigunean jartzeko deia egin du Kontseiluak

Idurre Eskisabelek ohartarazi du orain are arrazoi gehiago daudela azaroaren 4an manifestatzeko. Botere judizialaren «esku hartzea» kritikatu du, epaiek euskararen normalizazioa oztopatzen dutelako

Azaroaren 4ko manifestazioan pankarta eramango duten ordezkariekin agerraldia egin zuen atzo Euskalgintzaren Kontseiluak, Bilboko Euskalduna jauregian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Euskararen aurrerabideen kontra izan diren epaiak salatzeko, Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 10ean deitu zuen azaroaren 4ko manifestaziora. «Ordu hartan, arrazoiak bagenituen», gogoratu zuen atzo Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak. Lau hilabete geroago, irailaren 26an, mobilizatzeko arrazoiak berresteaz gain, «areagotu» egin zirela adierazi zuen. Bada, atzo, Kontseiluak beste agerraldi bat egin zuen: «Oraingo honetan ere, zoritxarrez, arrazoiak areagotu egin zaizkigu». Izan ere, irailaren 26tik gaur arte, EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin ditu udal legearen garapen dekretuko hainbat artikulu. «Esan eta esan ari gara: larria da egoera: euskararen aldeko hizkuntza politikak egiteko tresneriarik gabe geratzen ari gara», ohartarazi zuen Eskisabelek. Herritarren eskubideak erdigunean jartzeko, larunbatean Bilboko kaleak hartzera deitu zuen.

Eskisabelen arabera, nahiz eta epai bakoitzak bere berezitasuna izan, agerikoa da «sakonean» jarraitutasuna dagoela: «Euskararen aldeko hizkuntza politika egiteko eta euskararen aldeko politika publikoak egiteko tresneria desegiten ari dira». Izan ere, azken epaiek «muturrera» eraman dute hori, «esplizitatzeraino udalei ez dagokiela hizkuntza planifikazioa egitea». Erantsi du epaiek ez dutela aintzat hartu euskara hizkuntza gutxitua dela eta berezko hizkuntzatzat jasota dagoela legedian; eta horrek babes berezia ematen diola. Epai horietan, gainera, hizkuntza eskubideak eta lanerako eskubideak kontrajarri nahi dituzte: «Guk uste dugu ez dela horrela: eskubide horiek elkarren osagarri eta indargarri dira».

Hiru arrazoi nabarmendu dituzte larunbatean Bilboko manifestazioan parte hartzeko. Hasteko, botere judizialaren esku hartzea «larria» dela deritzo Eskisabelek. Orain, euskara normalizatzeko politika publikoak bideratzen dituzten arauak baliogabetzen dihardute auzitegiek. Hau da: «Botere judiziala hizkuntza politika egiten ari da». Eta hori «oso larria» da.

Azken hilabeteotan emandako epaiak, gainera, «oztopoak» dira euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Hori ezarri dute bigarren arrazoitzat: «Tresneria hori gabe geratzea euskararen normalizazioa oztopatzea da». Are, Eskisabelek nabarmendu du munduan gertatutako «aldaketa azkar eta handiek» beste testuinguru bat eman diotela hizkuntzen auziari, eta «zailtasun gehiago» erantsi dizkiotela hizkuntza gutxituen egoerari. «Globalizazioarekin, digitalizazioarekin... hizkuntza gutxitu guztiek erronka handiak ditugu, eta orain ditugun tresnak ere kamutsak gertatzen zaizkigu; beste batzuk indartsuago behar ditugun garaiotan, ditugun eskas horiek ere galtzen ditugu».

Hirugarren arrazoi moduan, helburu bat jarri dute: «Herritarron eskubideak erdigunean jarri nahi ditugu». Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu du euskararen normalizazioa oztopatzeak «milaka herritarren hizkuntza eskubideak» auzitan jartzea dakarrela, eta herritarren «eguneroko bizimoduari» kalte egitea. Eskisabelen ustez, hori ez da bakarrik euskaldunen eta euskaltzaleen kontrako auzia: «Gizarte kohesioaren kontra doa, baita justizia sozialaren eta bizikidetzaren kontra ere». Hori dela eta, «hizkuntza berdintasunean» eta «oro har berdintasunean» sinesten duten herritar guztiei dei egin die larunbatean Bilbon bil daitezen eta «aldarrikapenekin bat egin» dezaten. «Oldarraldi judizialari etena jartzeko eskatuko dugu».

Azken xehetasunak

Atzoko agerraldia Bilboko Euskalduna jauregian egin zuten, han hasiko baita larunbatean manifestazioa. Eskisabelekin batera, pankarta eramango duten ordezkariak izan ziren. Besteak beste, Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Irati Iziar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria eta Martin Aramendi UEMAko lehendakaria egon ziren han, baita Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendaria ere. Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean, lehenengo ilara osatuko dute larunbatean.

Manifestazioari buruzko hainbat xehetasun ere eman zituen Eskisabelek, baina ez zuen guztia zehaztu: «Dena ez dizuegu kontatuko». 17:00etan abiatuko da, Euskalduna jauregitik. Kale Nagusia zeharkatuko du; kantujiretako taldeek girotuko dute ibilbide osoa. Bilboko udaletxean amaituko da, eta bertan egingo dute ekitaldia. Musikari ezagun batek euskararen aldeko kantu bat joko du, eta Eskisabel bera mintzatuko da. Gainera, Euskal Herriko hainbat dantza taldetako dantzariek «sokadantzak» hasiko dituzte: «Horrekin, elkarlana irudikatu nahi dugu». Eskisabelek esan du «oso erraza» dela, eta herritarrak gonbidatu ditu manifestazioaren aurretik «sareetan tutorialak bilatzera» eta ikastera. Kontrapas kanta abestuz amaituko dute ekitaldia.

Kontseiluaren arabera, oraingoz berrogei autobusetik gora antolatu dituzte hainbat herritan eta eskualdetan; milaka pertsonak parte hartzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.