Klima larrialdia. Metano isurketak energiaren arloan

Metanoa: berehalako jomuga

Azaroan lortu nahi dute metano isuriak gutxitzeko araudia horretarako konpromisoa hartu duten 150 estatuek. EBk ezarritako arauek eragina izan dezakete nazioartean, erregai fosilen inportatzaile handia baita.

Mexikoko petrolio ustiategi bat. EFE / PEMEX.
inaki petxarroman
2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun

Berotegi gasen isurketen eta klima aldaketaren inguruan hitz egitean, karbono dioxidoari (CO2)erreparatzen zaio askotan, atmosferan pilatuz klima berotzen ari dela nabarmentzeko. Gutxiago aipatzen da metanoa (CH4), nahiz eta berotzeko ahalmen handiagoa duen. CO2ak baino 80 aldiz berotze ahalmen handiagoa dauka, baina gutxiago irauten du atmosferan, 10-15 urte. Kalkulatzen da tenperatura igoeraren heren bat metanoak eragin duela. Industria aurreko arotik 1,2 igo gradu igo da munduko batez besteko tenperatura. 2022an 1.896 bilioiko parte (ppb) zen atmosferan pilatutako metanoa, industria aurreko aroan baino %162 gehiago.

Glasgown (Eskozia) 2021eko urri-azaroetan egindako klimari buruzko goi bileran (COP26) metano isurketak gutxitzeko konpromisoa aurkeztu zuten hainbat herrialdek, eta, geroztik, 150 estatuk bat egin dute harekin. Helburu nagusia da 2030erako metano isurketak %30 gutxitzea 2020koen aldean. Herrialdeen artean negoziatzen ari dira konpromiso horren inguruan orain, eta helburua da azaroan Metanoaren Araudia onartzea. Horren bidez arautu nahi dute sektore energetikoaren metano isurketen murrizketa, monitorizazioa eta kontrola.

Energia sektorearen isurketak dituzte jomugan. Gaur egun munduan atmosferara isurtzen den metanoaren %19 inguru dagokio sektore horri, baina murrizten eta kontrolatzen errazena delakoan dira. Metano gehien sortzen duena lehen sektorea da —%53 inguru—. Hondakinek sortzen dute %26.

Ikusi gehiago:Itziar Irakulis: «Isurketak gutxitzeko, ekoizteko era aldatu behar da»

Europako Batasunak (EB) rol garrantzitsua joka dezake Metanoaren Araudia zehazteko garaian, kontsumitzen duen energia fosilaren %80 kanpotik inportatzen baitu. Beraz, hari araudi zorrotz bat ezarriz gero, uler liteke kanpoko ekoizpenaren zati batek pixkanaka baldintza horietara egokitu beharko lukeela. Hain zuzen ere, aurtengo maiatzean onartu zuen Europako Parlamentuak energia sektorean metano isurketak murrizteko bere proposamena. Fit for 55 klima aldaketari aurre egiteko planaren barruan dago puntu hori, eta, jakina denez, helburua da berotegi gasen isurketa %55 apaltzea 2030erako.

Europako Batzordeak 2021eko abenduan aurkeztu zuen energiaren sektoreko metano isurketak murrizteko plana, eta hari jarraitu zion Europako Parlamentuan maiatzean. Orain, Europar Kontseiluak egin behar du bozketa. Ondoren, herrialdeetako legedian aplikatu beharko litzateke. Parlamentuak onartu zuen planaren arabera, 2025etik aurrera loteslea litzateke isurketak gutxitzeko helburua, eta herrialde guztiek sartu beharko lukete energia eta klimari buruzko planetan.

Gehienbat, erregai fosilen sektorean metanoaren isurketen eragile nagusiak diren bi praktika apaldu nahi dituzte: ihesak, eta aireztatzea eta erretzea. Drainatze estazioek debekatua lukete gasa aireztatu eta erretzea 2025erako, eta aireztatze putzuek, berriz, 2027rako. Utzitako ikatz, gas eta petrolio ustiategietan ere isurketak gutxitzeko planak ezarri beharko lituzkete herrialdeek. Europako Parlamentuak onartu zuen legearen arabera, derrigortasun horiek ezarri beharko zaizkie inportazioei ere, salbu eta antzeko araudia duten herrialdeetatik iristen badira.

Metanoaren inguruko munduko konpromisoa indarrean jarriko balitz munduko tenperatura 0,2 gradu berotzea eragotziko litzatekeela uste du Nazio Batuen Erakundeak, eta, beraz, ezinbestekoa litzateke Parisen sinatutako helburuak betetzeko —1,5 graduko berotzea ez gainditzea—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.