Pobrezia jopuntuan

DSBEaren hainbat eta hainbat onuradunek salatu dute Ertzaintza beren etxeetan baimen judizialik gabe sartzen ari dela. «Bortxapean» eta «mehatxupean» behartzen dituzte sartzea onartzera, arreta ematen ari diren eragileen arabera, nahiz eta iturri ofizialek gertakariok gezurtatu.

Barakaldoko Lanbideren bulegoa. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
inaut matauko rada
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Pobreziaren kriminalizazioa: hori ari dira salatzen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat eragile azken asteetan, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenei egiten ari zaizkien ikuskatzeak direla eta. Ertzaintza baimen judizialik gabe laguntzaren hartzaileen etxeetan sartzen ari dela salatu dute, eta gehitu dute ikuskatzeetan irizpide subjektiboen araberako epaiketak egiten ari direla. Ohartarazi dute hainbat onuraduni laguntza kendu dietela horregatik.

Patxi Lopezen agintaldian, DSBEarekin loturiko kontuen kudeaketa udaletako gizarte langileen eskuetatik Lanbideko funtzionarioenetara pasatu zen, eta Brigida Ridruejok uste du ordutik arretak «gizatasuna» galdu duela. Urte luzez Bilboko eta inguruetako mugimendu antirrazistan ibili da, eta DSBEarekin arazoak izaten ari den jendeari laguntzen ari direnetako bat da.

Ikusi gehiago:Joanes Plazaola: «DSBEa miseriazko errenta sistema diziplinatzaile bat da»

Gertutik ikusten ari da Ridruejo azken hilabeteetan gertatzen ari dena. Salatu duten moduan, Ertzaintza DSBEaren hartzaileen etxeetan ari da sartzen baimen judizialik gabe, laguntzarekin lotura duten ikuskatzeak egiteko. Esan du «bortxaz» eta «mehatxuz» sartzen ari direla: «Sartzen uzteko eskatzen diete hartzaileei, uzten ez badiete Lanbideri txosten negatibo bat bidaliko diotela esanez. Eta, noski, jendeak hori ez duenez nahi, sartzen uzten diete».

Ridruejok dio lehen ere etxeetara joaten zirela, baina txirrina jotzera soilik, bertan bizi direla egiaztatzeko. DSBEaren 2022ko abenduko lege berriak, baina, eskubidea ematen dio Lanbideri hartzaileen etxeetan ikuskatzeak egiteko. Legea, baina, martxoaren amaieran sartuko da indarrean, eta Ridruejok uste du horregatik ari direla Ertzaintza bidaltzen.

Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak eta Segurtasun Sailak, ordea, biek ala biek gertakari horiek gezurtatu dituzte, eta galdera gehiago erantzuteari uko egin diote. 2020ko ekainean, baina, Ertzaintzako Sindikatu Profesionalak gutun bat helarazi zion Segurtasun Sailari, laguntzen hartzaileen etxeetan egiaztapenak egitea haien eskumena ez zela adieraziz. Horrez gain, Datuen Babeserako Legea hausten ari ziren susmoa ere bazuten ertzainek, hartzaileek beste sail bati emandako datuak Ertzaintzari ematen ari zirelako.

Epaiketa «subjektiboak»

Ertzaintza hartzaileen etxeetara ari da sartzen iruzur posibleen bila. Hala, «bortxaz» etxeetan sartu ostean, irizpide «subjektiboen» araberako epaiketak egiten dituztela dio Ridruejok: «Sartzen uztean, hozkailua, armairuak eta kaxoiak irekitzen dituzte, esekitokia begiratzen dute... eta gero balorazio subjektibo edo partzialak egiten dituzte. Behin neska baten etxean sartu eta esekitokian mutilen arropa zuela esan zioten. Neskak erantzun zien bere arropa zela, eta Ertzainek ebatzi zuten arropa maskulinoa zela eta, beraz, ez zela berea, eta aurkako txosten bat bidali zioten Lanbideri, etxe horretan beste norbait bizi zela argudiatuz». Hamaika adibideetako bat da hori.

Ikusi gehiago:Sheila Fernandez: «Gero eta jende gehiago utzi nahi dute laguntzatik kanpo»

Ridruejok dio ikuskapen horien aurretik ere hartzaileak «oso kontrolatuta» zeudela: bankuko mugimenduen ziurtagiriak, bizikidetza unitatearen egoera egiaztatzea, ogasuneko datuak, erroldak, mugetako mugimenduak... Horrek «kontrol zorrotz bat» izateko nahikoa izan beharko lukeela iritzi du. Ikuskapen horien atzean, baina, kriminalizazioa dagoela uste du: «DSBEa jasotzea delituzko zerbait dela dirudi, administrazioari dirua lapurtzen ariko balira bezala. DSBEa eskubide subjektibo bat da, EAEn egoitza izateagatik edozeinek duen eskubidea».

Gastuak epaituz ere ari dira laguntzak kentzen. Ridruejok adierazi du «irizpide garbirik» ez dagoela gastuak ebaluatzeko, eta «argindar gutxiegi gastatzegatik» edo «telefonia faktura handiengatik» DSBEak kentzen ari direla baieztatu du. «Non jartzen du laguntza jasotzen dutenek ezin dutela zerbitzu pribaturik erabili? Edo ezin dutela x balio duen arroparik erosi? Etengabeko kriminalizatzen dituzte», dio.

Zer dio legeak?

2008ko legeak ez du laguntzaren hartzaileen etxeetan sartzeko aukerarik jasotzen; bai, ordea, 2022koak. Legearen 4. tituluak arautzen du Lanbideren ikuskatzeko ahalmena, eta hala dio 94. artikuluak: «Lanbideko inspektoreak ondorengoetarako ahaldunduta egongo dira: Prestazio ekonomikoaren titularren eta onuradunen egoitzan sartzeko honako hauek egiaztatzeko: bizikidetza-unitatearen existentzia, unitateko kideak bertan bizi direla benetan, egoitzan bizikidetza-unitate bat baino gehiago dagoela, eta nahitaezko beste edozein inguruabar, zerikusia badu prestazioa eskuratzeko betekizunak betetzearekin edo prestaziotik lortzen diren betebeharrekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.