Printzipioz, gaur bukatzekoa da COP27 klima larrialdiari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen biltzarra, baina litekeena da negoziazioak asteburura luzatzea, goi bileran parte hartzen ari diren ia 200 estatuek akordio esanguratsurik lortzen ez badute. Eta hainbat aurreratzen ari dira akordio garrantzitsu bat lortzea gertagaitza dela. Biltzarreko eztabaidagai nagusia justizia klimatikoaren auzia izaten ari da. Haren bueltan, sakonak dira desadostasunak klima aldaketaren ondoriorik larrienak jasaten ari diren herrialdeen eta estatu kutsatzaileenen artean; garabidean daudenak lehenak, eta aberatsenak bigarrenak.
«Herrialde aberatsek utzi egin behar diote eztabaida eragozteari eta [klima larrialdiak eragindako] galeren eta kalteen gainean duten erantzukizun historikoa ezkutatzeari», adierazi zuen herenegun Global Justice Now (Justizia Globala Orain) elkarteak. Klima krisiak gehien eragin dien herrialdeak NBEren funts bat eskatzen ari dira galerengatik eta kalteengatik ordain bat jasotzeko, baina COP27 goi bileran parte hartzen ari diren elkarte ekologistek salatu dute herrialde industrializatuenak eztabaida hori atzeratzen ari direla. «Goi bilera amaitzear dela, gaitzesgarria da estatu aberatsek zalantzak eta atzerapenak baliatzea justizia klimatikoan aurrerapausorik ez emateko. Bizitzak galtzen ari dira, eta etorkizunak hondatzen», gaineratu zuen Global Justice Now elkarteak.
Garabidean dauden herrialdeek lehen aldiz lortu dute aurten galeren eta kalteen ordainerako funtsaren eztabaida COP batzarraren gai zerrendan txertatzea. Estatu aberatsenek urteetan eragotzi dute puntu horren gaineko negoziazioa. Baina Egiptok, goi bilera hartu duen herrialdeak, adierazi du auziari buruzko elkarrizketak abian daudela oraingoan.
Auzi korapilatsuak dira mahai gainean dauden gainerakoak ere: berotegi gasen isuriak murrizteko konpromisoak, eta garabidean dauden herrialdeetan trantsizio energetikoa sustatzeko eta horiei klima aldaketara egokitzen laguntzeko Funts Berdea delakoaren finantzaketa, besteak beste. COP27 goi bileraren presidentetzako bozeramaile Wael Abulmagden esanetan, horietako bat ere ez da bestea baino garrantzitsuagoa, baina batez ere laguntza ekonomikoa ematera deitu du, «babesik gabeko anbizioa» delako «inora ez heltzeko modurik azkarrena».
Herrialde aberatsenei zuzendutako mezua da. Horiek konpromisoa hartu zuten, 2009an Kopenhagen egin zen COP biltzarrean, garabidean diren herrialdeei urteko 100 mila milioi dolar bideratzeko —96 mila milioi euro— 2020. urterako. Sistematikoki jan dute emandako hitza, eta orain esaten ari dira datorren urtean beteko dutela helburua —iaz 80 mila milioi euro bideratu zituzten—.
Galeren eta kalteen funts bat eratze aldera, proposamen bat aurkeztu du aste honetanG77 blokeak —Txinak eta garabidean dauden 130 herrialdek baino gehiagok osatzen dute—. Proposamenaren arabera, funtsaren oinarriek prest egon behar dute 2023an Dubain egingo den COP28rako.
AEBek erantzun dute borondate osoa dutela auziari buruz eztabaidatzeko, baina ez dutela onartuko kalte ordainei eta herrialde aberatsen erantzukizunei buruzko «lege egitura bat» egitea —nazioarteko zuzenbidearen arabera loteslea litzatekeena—.
Txinak nabarmendu du ez duela kalteak ordaintzeko betebeharrik, baina prest dagoela ekarpen bat egiteko. «Garabidean dauden herrialdeen kezkak babesten ditugu, Txina ere garabidean dagoen herrialde bat delako, eta guk ere muturreko eguraldiaren ondorioak jasan ditugulako», esan du Xie Zhenhua COP27rako Txinaren ordezkariak.
Pekinek eta Washingtonek klima arloan elkarlana bultzatzea adostu dute aste honetan Balin (Indonesia), G20koen bileran, eta ikusi beharko da horrek emaitzarik dakarren COP27ren amaieran.
Frans Timmermans Europako Batzordeko klima politiken arduradunak, berriz, herenegun nabarmendu zuen funts berri bat eratzeak laguntzak «urteetan» atzeratuko dituela. Jada existitzen diren baliabideak erabiltzearen alde mintzatu zen, kalte ordainak «berehala» finantzatzen hasteko.
Timmermansen hitzak bat datoz geroz eta indar handiagoa hartzen ari den proposamen batekin: Munduko Bankua eta Nazioarteko Diru Funtsa bihurtzea klima larrialdiari aurre egiteko behar den ahalegin ekonomikorako erreminta nagusiak. Bide horren aldekoen esanetan, erakunde horien egitekoa berritzeak aukera emango luke luze gabe ehunka milaka milioi euro mugitzeko. Kontua da AEBek dutela bien gaineko kontrola, eta garabidean dauden herrialdeek nahiago dutela NBEren kontrolpean legokeen funts berri bat eratzea.
Energia fosilen kondena
Azken egunetan, energia iturri fosilak baztertzeko proposamen bat sustatzen aritu dira negoziazioetan pisu handia izan dezaketen zenbait herrialde. Indiakbultzatu du egitasmoa, eta lortu du EB Europako Batasunak, Erresuma Batuak eta AEBek hura begi onez ikustea. Glasgown (Eskozia) egin zen COP26 bileran ikatzaren kontsumoa baztertzeko hartutako erabakia gaindituko luke neurriak —Indiak erabiltzen duen argindarraren herena lortzen du ikatza errez—. Proposamenaren kontrako jarrera agertu du Saudi Arabiak.
Hain justu, erregai fosilen ustiaketa amaitzeko eskatu die Don't Gas Afrika kanpainak COP27 batzarrean bilduta dauden gobernuetako ordezkariei, Afrikaren etorkizuna honda ez dezaten. Ohartarazi dute Ukrainako gerraren ondorioz Europan energia eskasia areagotu dela, eta egoera horrek handitu egin duela energia konpainia handiek Afrikan energia fosila ustiatzeko duten interesa; bereziki gasa ustiatzeko proiektuetan.
Azaldu dutenez, energia fosilen ustiaketa luze gabeko mozkina da, etorkizuna energia iturri berdeak direlako, eta ingurumena, giza komunitateak eta klima hondatzen dituelako. Gas esportazioen balioa hurrengo hamarkadetan nabarmen murriztea espero dute adituek, eta herrialdeen ekonomia energia horren esportazioan oinarritzeak egoera are makurragora eramango lituzke Afrikako herritarrak.
Energia berriztagarriak garatzeko eskala handiko inbertsioak eskatu dituzte kanpainaren bultzatzaileek. Carbon Tracker elkartearen arabera, eguzki energiaren sustapena da Afrikaren garapenerako eta herritarren energia segurtasunerako apusturik ziurrena. «Saharako desertuaren %0,3 [eguzki energia ekoiztera bideratzea] nahikoa litzateke Afrikak egun dituen energia beharrak asetzeko», Carbon Trackerrek txosten batean dioenez.
Afrikako 30 elkarte ekologistak aste honetan salatu dute 200 enpresatik gora ari direla egun erregai fosilen erreserba gehiagoren bila kontinenteko 48 herrialdetan, eta banku komertzialak 94.000 milioi euro bideratzen ari direla erregai fosilen ustiaketarako proiektuetara. Konpainia multinazionalen esku hartze horrek indarkeria jihadista elikatzen duela ere ohartarazi dute.
COP27
Justizia klimatikoa erdigunean
Abian dira COP27 batzarraren azken negoziazioak. Estatu parte hartzaileak urrun daude galeren eta kalteen ordainerako funts bat adostetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu