Migrazio krisia. Melilla

Ahotsak ozen, mugetatik harago

Melillan geratzea lortu duten migranteak hasiak dira nazioarteko babesa eskatzen. Salatu dute ezin direla jaioterrian bizi, ez daukatelako aukerarik

BERRIA.
jone arruabarrena
Melilla
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Iragan ostiralean 2.000 bat migrante saiatu ziren Melillako muga zeharkatzen; 37 hil ziren, eta 500 inguruk lortu zuten muga pasatzea. Gehienak, ordea, Marokora bueltatu zituen Espainiako Poliziak momentuan bertan, legez kanpo. 133 izan ziren Melillan geratzea lortu zuten migranteak. CETI migratzaileen behin-behineko harrera zentroetan sartu, eta, COVID testetan negatibo eman arren, berrogeialdia eginarazi diete. Asteazkenean irten ziren kalera lehen aldiz, eta egun horretan bertan protesta bat antolatu zuten, hilketak salatzeko. Orain, babes internazionala jasotzeko eskaerak egin dituzte guztiek, eta denak onartu dizkiete tramiterako. Hala ere, oraindik ez daukate etorkizun argirik. Melilla ez da helmuga gehienentzat; penintsulara iritsi nahi dute. Haietako batzuekin mintzatu da BERRIA.

 

BASHIR HAMIDSudandik etorritako migrantea
«Beste aldean dauden lagunei opa diet hona etortzea lor dezatela»

Hamidek astebete darama Melillan; joan den ostiralean hesia gurutzatu nahian bizirik ateratzea lortu eta Melillako CETI migranteen behin-behineko harrera zentroan bukatu duten gazteetako bat izan da; hogei urte ditu: «Bederatzi hilabete egin ditut Marokon, eta hesia gurutzatu beharra neukan. Horren ondoren, hona etorri nintzen».

Eskumutur batean benda bat dauka: «Min hartu nuen eskuan muga zeharkatzerakoan. Nire lagun batzuek ere min hartu zuten buruan eta hanketan». Hain zuzen, inguruan dabil, CETIaren aurrean, ostiralean hesia gurutzatu duen beste gazte bat; gurpil aulkian dago orain.

Hamiden lagunetako batzuek, ordea, ez zuten lortu muga zeharkatzea: «Lagunak galdu nituen mugan, eta oso triste nago horregatik». Hala ere, sentimendu gaziak gozoekin ere nahasten zaizkio: «Orain pozik nago, Espainian nagoelako. Urte batzuen buruan espainieraz hitz egiten ikasten badut, hemen geratu nahi dut. Gainera, nire futbol talderik gustukoena Real Madril da», dio, irribarrez.

Sakelako telefono bat dauka eskuan; mugaren bestaldean daudenekin kontaktuan jarraitzen du haren bidez: «Beste aldean dauden nire lagun guztiei opa diet hona etortzen ahalegintzen diren hurrengoan lor dezatela. Haiei ere esan diet amore ez emateko, beren ametsei jarraitzeko».

ADAMSudandik etorritako migrantea
«Ezin dut deskribatu Marokon zortzi hilotan bizi izan dudana»

«Sudango egoera gogorra da, gerraren ondorioz». Horregatik, bere herrialdea utzi behar izan zuen Adamek. 21 urte ditu, eta berak ere lortu zuen ostiralean bizirik ateratzea.

Txadera joan zen jaioterria utzi ondoren, baina han ere «antzekoa» zen egoera: «Segurtasuna baino ez nuen nahi, nire lagunek bezala. Segurtasuna, eta bizitzeko leku on bat. Libian eta Aljerian ere egon nintzen gero, baina guztietan egoera berdina zen. Ez dizute askatasunik ematen, gobernuak oso txarrak dira, eta ezin zara hor bizi; Afrikan ezin da bizi».

Horren ondoren, Marokora iritsi eta zortzi hilabetez egon zen bertan: «Ezin dut deskribatu han zer bizi izan nuen. Asko sufritu nuen». Azaldu duenez, Marokoko Gobernuak ez die «inolako» aukerarik ematen migratzaileei. Ostiraleko gertakariak gogoratzean begiak bustitzen zaizkio: «Nire lagunik onenak galdu nituen ostiralean, ez dakit bizirik edo hilda dauden».

Ikusi gehiago:Kalea hartu dute Melillako migratzaileek

KAM BUONSudandik etorritako migrantea
«Ez dakigu zer gertatuko den gurekin, nora joango garen»

«Nire ametsen alde borrokatzera etorri nintzen hona», esan du Buomek. Sudandarra da, eta astiro azaltzen ditu bere herrialdetik irtetera behartu duten arrazoiak: arazo politikoak eta ingurumen arazoak aipatzen ditu, besteak beste: «Ikusten duzu familia daukazula, eta zure laguntza behar dutela. Bizitza eramanezina da batzuentzat Afrikan. Seme-alabak, edo anai-arrebak, edo gurasoak gosearen gosez negarrez ikusten dituzu. Eta ezin diezu janaririk eman. Oso zaila da gizakientzat han bizirik irautea, eta, horregatik, afrikar askok ihes egiten dute etxetik».

Gerra ere beste arazo bat da: «Ikusten duzu gauzak ez direla aldatzen, ezin dela hor bizi. Denbora aurrera doala eta gerra ere bai. Gure gurasoak ere gerran egon ziren, marjinazioaren ondorioz».

Horrek guztiak eraman zuen Sudandik ihes egitera, baina hasieran dirua egitea lortu eta jaioterrira bueltatu zen: «Nire herrialdetik ihes egin nuenean, herrialde asko gurutzatu nituen. Gero, Sudanera bueltatu nintzen. Hasieran ondo nengoen, dirua neukalako, baina gero ezin nuen neure burua defendatu. Horregatik dauzkat zauriak buruan. Sudanen geratzen saiatu nintzen, baina azkenean Txadera ihes egin nuen».

Txaden ere egoera «txarra» zen, azaldu duenez, eta horregatik joan zen Libiara: «Han ere ez dituzte migratzaileak nahi; desertura bidaltzen zaituzte, eta bertan utzi». Marokon bukatu zuen azkenean: «Duela hilabete batzuetatik, Marokoko Gobernua pertsona beltzak hartu eta kanporatzen ari da. Horrengatik guztiagatik erabaki genuen seguru egoteko modu bakarra muga zeharkatzea zela; Melillara etortzea. Orain seguru gaude, baina ez dakigu zer gertatuko den gurekin, nora joango garen».

ABDEL HALIMEgiptotik etorritako migrantea
«Auto baten azpian sartuta gurutzatu nuen muga»

16 urte ditu Halimek. Duela sei iritsi zen Melillara. 10 urterekin irten zen bere jaioterritik —egiptoarra da—: «Auto baten azpian sartuta gurutzatu nuen muga».

Orduz geroztik La Purisima zentroan dago. Zentro horretara eramaten dituzte, hain zuzen, adin nagusitasuna bete ez duten migratzaileak. «Laugarren moduluan nago», azaldu du lau atzamar erakusten dituen bitartean. Arabieraz hitz egiten du normalean, baina espainolez hitz batzuk dakizki, eta CETIaren inguruan dabil azken egunetan, etorri berri diren migranteekin hizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.