Euskara

Auzitegien «oldarraldiari» baturik erantzutea nahi du Kontseiluak

Hizkuntza politikan 2021ean gertatutakoari buruzko analisia aurkeztu du erakundeak Bilbon. Erronkei begira, «herri gogoa aktibatzea» eta adostasunak eremu politikora hedatzea aipatu dute

Kontseiluak iazko jardunaren errepasoa egin zuen instituzioetako, alderdietako, sindikatuetako, euskalgintzako eta hezkuntzako eragileen aurrean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Euskararen normalizazioaren eta hizkuntza politikaren alorrean, argi-ilunak utzi zituen 2021ak: eskubide urraketak, bidegabekeriak, atzerapausoak, baina, aldi berean, «herri grina», mobilizazio indartsuak, egitasmo berriak. «Pandemian egon arren, berriro kalera ateratzen eta plazak betetzen hasi ginen», txalotu zuen Paul Bilbaok atzo, Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak iazko urtearen errepasoa egiteko antolatu zuen ekitaldian. Euskalgintzako eta hezkuntzako eragileen, gobernuen, alderdi politikoen eta sindikatuen ordezkarien aurrean, «botere judizialaren oldarraldiak» eragiten dion kezka berretsi zuen Kontseiluak, baina halakoen aurrean «batasunez erantzutera» eta «hizkuntza politikak blindatzera» deitu zuen Bilbaok. Adibide gisa jarri zituen Ipar Euskal Herrian irakaskuntzako murgiltzea babesteko izandako mobilizazioak: Frantziako Konstituzio Kontseiluak Molac legea edukiz hustu zuenean, hizkuntza gutxituen defentsak manifestazio handiak eragin zituen. «Hezkuntza eragileek batasuna erakutsi zuten, eta, azkenean, gobernuak norabidea aldatu behar izan zuen». Ildo horretan, iaz hizkuntza politiken inguruan lortutako adostasunak zabaltzea galdegin du.

Urte «zirraragarria» izango da 2022a, Kontseiluaren idazkari nagusiaren aburuz. Besteak beste, Korrika badator, baita Euskaraldia ere, eta euskalgintzako hainbat erakundek urteurren biribilak izango dituzte. «Hizkuntzaren normalizazioari dagokionez, erronka ikaragarriak ditugu. Herri gogo indartsua aktibatu behar dugu», adierazi du Bilbaok. Euskara berreskuratzeko prozesua «garai interesgarrian» dela nabarmendu du, baina oztopoak ere ugari direla gaineratu. Iazko jarduna aztertzean, hiru gai azpimarratu ditu: administrazioko langileen hizkuntza gaitasuna jomugan egon izana, ikus-entzunezkoen eremuan egindako lana eta hezkuntzaren alorrean zabaldutako eztabaida.

Hain justu, herenegun argitara ateratako albisteari erreparatuta, Bilbaok gaitzetsi egin du Gasteizko auzitegi batek emandako epaia: Laudioko Udalari (Araba) langile bat «diskriminatzea» egotzi dio, euskara eskakizuna ez betetzeagatik kaleratu zuelako, hizkuntza zailegia delakoan. «Botere judizialaren oldarraldiaren estrategiaren» barruan kokatu du ebazpena: «Epaien bidez ezarri nahi dute hizkuntza politika berria; are gehiago, botere judiziala hizkuntza politika nahierara arautzen hasia da jurisprudentzia baliatuz».

Bilbaok gogorarazi du ez dela epaitegi bakar baten arazoa, baizik eta orokorra: EAEko Udalen legeak euskarazko aktei buruz duen artikulua Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aztertuko dute, Irungo (Gipuzkoa) udaltzainen hizkuntza eskakizunak bertan behera utzi zituzten, Molac legea auzitan jarri zuten, Nafarroako administrazioan euskararen erabilera arautzen zuen dekretua ere indargabetu zuten... Eta Euskal Herritik kanpo ere katalanezko murgiltzea amaitu du Espainiako Auzitegi Gorenak. «Eraso gehiago etorriko dira; hizkuntza politikak blindatzeko unea da».

Hizkuntza eskakizunak

Epai horietako askok administrazioko langileen hizkuntza eskakizunei eragin diete. Bilbaok salatu du Nafarroan ehunka lanpostu publiko atera direla azken urteetan, eta ez dutela eskakizunik jaso, «hutsune juridikoa baliatuta». Eusko Jaurlaritza gai horren inguruan lantzen ari den dekretuarekin lotuta, hizkuntza eskakizun asimetrikoak izan ditu hizpide Kontseiluaren idazkari nagusiak, hau da, trebetasun bakoitzerako euskara maila bat galdegitea: «Eskakizun asimetrikoak erabil daitezke lanpostu batzuetan, baina ezin dira orokortu. Herritarrei hizkuntza eskubideak bermatu behar zaizkie alde aktiboan zein pasiboan: herritarra administrazioari zuzentzen zaionean eta alderantziz».

Hezkuntzaren alorrean, berriz, aurrerapausoak emateko aukera ikusten du Kontseiluak, Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren hitzarmenari eta legeari begira. Bilbaok gogora ekarri du euskalgintzak bere alea jarri duela prozesuan, eta hezkuntza eragileekin adostutako proposamena aurkeztu zuela abenduan: «Lege berriak berariaz jaso behar luke ereduen sistema gainditzea eta euskara ardatz duen eredu orokor bat ezartzea». Gaiak korapilo ugari dituela jakinda ere, «handira jokatzeko» eskatu du.

Ikus-entzunezkoen eremuan, berriz, euskarazko produktuak sustatzeko sortu diren taldeak txalotu ditu Bilbaok, baina deitoratu du Espainiako Gobernuak entzungor egin izana. Era berean, oroitarazi du Madrilen lantzen ari diren legea Europako araudi batetik datorrela, eta Europako produkzioa lehenestea duela helburu: «Hortaz, Europako berezko hizkuntzetan ekoizten denari ere lehentasuna eman beharko zaio».

Jauzi egiteko garaia

Baina 2021ak eman zuena ez ezik, 2022ak emateko duena ere izan du hizpide Kontseiluak. Iazko ekainean Donostian Batuz aldatu lelopean egindako ekitaldia gogora ekarrita, «jauzi bat» egiteko sasoia dela berretsi du Bilbaok, eta orduan jarritako oinarriak aldarrikatu ditu: «Etorkizuneko hizkuntza politiken helburua zehaztu genuen, bai eta helburu horretara iristeko norabideratzea ere: ezagutza unibertsalizatzea eta erabilera erosorako guneak sortzea. Are gehiago, askotariko eragileak ekartzea lortu genuen adostasun horren bueltan».

Ildo horretan kokatu ditu aurrera begirako erronkak ere: «Adostasun soziala gehiago zabaldu behar dugu, esparru berrietara heldu, eta adostasun sozial hori politiko bihurtu behar dugu». Era berean, azken urteetan hainbat alorretan egindako lanari jarraipena emateko asmoa agertu du Kontseiluak. Euskara eremuz eremu sustatzeko, «eragileekin batera lehentasunezko neurriak zehaztu» nahi ditu. Eta premiaz jardun gura du alor sozioekonomikoan, administrazioan eta hezkuntzan. «Euskalgintzan ere hausnartzen segitu behar dugu: nola bermatu hizkuntza eskubideak?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.