Koronabirusa

Gripearen ispiluan izurriari so

COVID-19a monitorizatzeko era aldatu nahi du Espainiak: eredu pandemikotik fase «endemiko» batera. Auziak eztabaida bizia piztu du adituen artean

Gripearen ispiluan izurriari so.
Ion Orzaiz.
2022ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Pandemia ez da amaitu, baina batzuk hasiak dira bukaera hori irudikatzen eta, are, egoera «postpandemiko» horretarako estrategia prestatzen. Espainiako Gobernuak, esate baterako, plan baten zirriborroa ondu du, izurriaren zaintza unibertsala pixkanaka alboratzen hasi eta zentinela izeneko ikuskatze lausoago bat ezartzeko, gripearen eta sasoika azaleratzen diren bestelako arnas infekzioekin egiten den bezala. Praktikan, horrek berekin ekarriko luke egunean eguneko positiboak zenbatzeari uztea —Hego Euskal Herriko gobernuak hasiak dira bide hori urratzen de facto, gero eta test gutxiago eginda—, eta sintoma larriak dituztenei soilik erreparatzea. COVID-19ak gaitz «endemiko» bihurtzera joko duela uste dute administrazioek, eta gertu ikusten dute fase aldaketa hori.

Auziak, baina, eztabaida piztu du epidemiologo eta osasun publikoan adituak direnen artean. OME Osasunaren Mundu Erakundeak uste du «goizegi» dela koronabirusa endemikotzat jotzeko, eta gaitza «fase pandemikoan» dagoela oraindik: «Tentuz hartu behar ditugu aurreikuspenak. Ez litzateke lehen aldia ezusteko bat hartzen dugula», esan du aste honetan Hans Klugek, OMEko Europarako arduradunak.

Endemia, epidemia eta sasoikako gaixotasun kontzeptuak «arinkeriaz» erabiltzea ere leporatu izan diete zenbait adituk agintari politikoei, eta ohartarazi dute gaitz endemikoek ez dutela zertan arinagoak izan. Beste profesional batzuek, aldiz, begi onez ikusi dute estrategia aldaketa, egungo egoera «jasangaitza» dela argudiatuta. Denak bat datoz gauza batean: omikron aldaera nagusitzen hasi zenetik, beste fase batean da izurria, estrategiak egokitu beharko dira ezinbestean, eta egoera berria «era garden eta egokian» komunikatu. Zenbait adituren iritzia jaso du BERRIAk, pandemiaren bilakaeraz sortu diren galderarik ohikoenei erantzun bat emate aldera.

Zer da gaitz endemiko bat? Eta sasoikakoa?

Eremu geografiko batean edo gizatalde jakin batean eritasun bat era iraunkorrean presente dagoenean erabiltzen da endemia hitza; orduan esaten da gaitza endemikoa dela. Adibide bat: malaria endemikoa da Afrikako, Asiako eta Amerikako herrialde askotan. Epidemia batean ez bezala, kasuak ez dira era azkar eta aktiboan ugaritzen: espero diren parametroen barruan mantentzen dira, egonkor antzean.

Aldiz, gaixotasun bat sasoikakoa dela esaten da prebalentzia urteko garai jakin bati lotuta ageri denean. Gripea izanen litzateke horren adibiderik garbiena, neguan atzematen baita kasu gehien.

COVID-19a endemikoa da, edo sasoikakoa?

Oraingoz, ez bata, ez bestea. OMEk 2005. urtean diseinatutako ereduaren arabera —lerroon gainean dagoen infografian ikusgai—, pandemia batek sei fase gainditu behar ditu apaltzen hasi aurretik, eta, uneotan, COVID-19aren izurria 5. edo 6. fasean legoke. Garai pandemiko betean, alegia. Horien ostean helduko lirateke izurriak goia jo osteko apaltze fase bat, eta, azkenik, «garai postpandemiko» bat, zeinean gaitza sasoikako bihurtuko litzatekeen.

Eredu hori gripearen epidemietarako sortu zuen OMEk, eta ikusteko dago baliagarria izanen den COVID-19aren kasuan. Hala ere, koronabirusaren azken hilabeteotako bilakaera ikusita, prozesua oso antzekoa izan daitekeela uste dute zenbait adituk. «Egoera pandemikoa noiz emanen dugun bukatutzat, hori guztia definitu gabe dago», laburbildu du Jesus Castillak, Nafarroako Lan Osasuneko eta Osasun Publikoko Institutuko epidemiologoak: «Orain dugun arazoa da erreferentzia oro galdu dugula: zaintza epidemiologikorako, ezinbestekoa da erreferentzia batzuk izatea, helduleku batzuk, kasuak asko edo gutxi diren neurtzeko. Orain, aldiz, gainezka eginda gaude, eta ez dakigu egoerari neurria hartzen: hau pandemia bat da oraindik, ala beste egoera batean gaude? Oraintxe, argi dagoen gauza bakarra da ez duela zentzurik orain arteko estrategiari eusteak».

Endemiko bihurtuko al da izurria? Noiz?

Ez dago ziur jakiterik. Epidemiologo askoren ustez, datu zehatzik ez dago COVID-19aren bilakaera nolakoa izanen den aurreikusteko, eta arnas aparatuko infekzio guztiek ez dute zertan jo endemikotasunerantz. Hala ere, bada horren zantzuak ikusten dituenik. Castilla, esate baterako, aditua da gripe epidemietan, eta «antz nabarmenak» ikusi ditu bi eritasunen transmisioaren artean: «Ez dut alde handirik ikusten COVID-19aren azken hilabeteotako bilakaeraren eta sasoikako gripe arruntarenaren artean. Gripe olatu handi batean, adibidez, kasuak izan daitezke COVID-19aren seigarren olatuan bezainbeste. Baita gaixo larriak eta hildakoak ere. Kopuruak ez dira oso urrun ibiliko. Zein da aldea? Bada, gripearen kasuan ez ditugula zenbatzen kutsatu eta kontaktu estu guztiak».

Alderaketa horrek, baina, txertatze maila handiko herrialdeetarako soilik balio duela nabarmendu du Castillak: «Herritar gehienak txertatuta dauden tokietan, egungo COVID-19a ez da hain larria, eta horregatik konpara dezakegu gripe olatu batekin. Tamalez, herrialdeen arteko arrakalek baldintzatuko dute pandemiaren bilakaera munduan».

Izurriaren hurrengo fasea «gertu» egon daitekeela uste du Ana Maria Garciak ere. Osasun Publikoko katedraduna da Valentziako Unibertsitatean, Osasun Publikoko zuzendari nagusia izan zen 2015-2019 aldian Valentziako Generalitatean, eta Espainiako Gobernuaren aholkularietako bat izan zen 2020ko konfinamendua arintzeko prozesuan. «Izurria ez da garai batean zena», esan du: «COVID-19 positibo gehienak ez dira gaixotasun kasuak zentzu hertsian, erdiak baino gehiago asintomatikoak dira eta. Hortaz, logikoa iruditzen zait izurriaren monitorizazio sistema aldatzen hastea. Komunikazioa ere oso-oso zaharkitua gelditu da».

Zertan eraginen luke estrategia aldaketak?

Lehenik eta behin, izurria neurtzeko metodologian. Gripearen ispiluan begiratzea galdegin du Nafarroako Osasun Publikoko Institutuko epidemiologoak berriz ere: «Gripeaz kutsatzen diren gehienak asintomatikoak dira, eta oharkabean pasatzen da eritasuna; beste askok sintoma oso arinak dituzte: analgesiko bat hartu eta etxean gelditzen dira; batzuek osasun etxera jotzen dute, baina medikuak ez du larritzat jotzen eta, aholku batzuk emanda, etxera bidaltzen ditu bueltan; hortaz, oso gutxi dira konfirmatzen diren kasuak». Castillak ez du uste positiboak zenbatzeari edo PCRak egiteari berehalakoan utzi behar zaionik, baina begi onez ikusiko luke «ereduen arteko trantsizioa» prestatzen hastea: «Detekzio eta zaintza ereduak ezin dira egun batetik bestera ezarri, faktore askoren menpe daudelako; horregatik komeni da gauzak behar bezala antolatzen hastea, denborarekin».

Eredu aldaketa batek, bestalde, osasun sistemak egun duen zama arinduko lukeela uste du Ana Maria Garciak: «Gainkarga izugarria sufritzen ari dira lehen arretan: haien gain utzi dugu erregistroa, kontaktuen arakatzea, bajak, kasuen jarraipena... Ondorioz, beste egiteko asko atzeratu edo baztertu behar izan dituzte». Horregatik, izurria monitorizatzeko neurriak eta protokoloak «malgutzeko» eskatu du Osasun Publikoko katedradunak: «Oraintxe, omikron aldaeraren transmisio neurrigabea eta larritasun apala aintzat hartuta, ez da errealista zaintza epidemiologiko zorrotz bati eustea, eta agian oreka bat bilatu beharko genuke, gainerako zerbitzuak indartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.