'Euskaldunon Egunkaria'

Argiari aitortza, itzalita ere

'Euskaldunon Egunkaria'-ri buruzko Joan Mari Torrealdairen lekukotza liburu batean plazaratu dute. Gizarte zibilaren ekimena egunkari haren zutabe gisa ageri da kontakizunean

BERRIA, Jakin eta Elkarreko zuzendariak eta Torrealdairen senideak, atzo, Martin Ugalde kultur parkean. JON URBE / FOKU.
Julen Aperribai.
Andoain
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Gertuko kontaketa bat, baina egitateak kontatzeko behar besteko distantzia hartzen duena. Halakoxea da Joan Mari Torrealdai kazetari, idazle eta euskaltzaleak Euskaldunon Egunkaria-ren inguruan emandako lekukotza, BERRIAk, Elkarrek eta Jakinek liburu batean argitaratutakoa: Egunkaria. Gizarte Zibilaren arrakasta —eskuragarri dago jada BERRIA Dendan—. Atzo aurkeztu zuten Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Euskaldunon Egunkaria-ren sorreratik haren itxierara arteko mugarrien kontakizuna egiten du liburuan Torrealdaik, haren bizipenekin eta gogoeta pertsonalekin harilkatuta. Garaian garaiko giro politikoa eta euskalgintzaren bueltako eztabaidak ere presente daude.

Bere azken bizi urteetan ekin zion bizipenak liburu egiteko proiektuari Torrealdaik, baina, eritasuna tarteko, Joanmari Larrarteri eman zion proiektua bururatzeko enkargua. Aurrez ere aritua zen hura egileari liburuarekin laguntzen. «Joan Mariren testuei eta aurkibideari ahalik eta fidelen izaten» saiatu dela azaldu zuen atzo Larrartek.

Euskaldunon Egunkaria gizarte ekimenetik sortua eta «euskalgintzaren arrakasta» izan zela da liburuaren «tesi nagusia», Larrarteren esanetan. Euskarazko egunkari nazionala herritarrengandik abiatutako proiektua zela erakustea «Joan Mariren obsesioetako bat» izan zela azaldu zuen Larrartek, eta hala izan zela, hein batean, «Egunkaria-ren bizitza osoan eta Egunkaria itxi ondoren erakusten ibili behar izan zuelako ez zuela ETAk sortu».

Kontrako usteak ezeztatzetik haragoko baieztapena da hori, ordea, Larrarteren esanetan: «Adierazi nahi du euskalgintzak, nahi izan zuelako, posible egin zuela Egunkaria. Hau da, euskalgintzaren indarrak badirela zer aurrera egin nahi baldin bada». Ideia hori liburuan oso presente dagoela adierazi zuen; baita «independentziatik jardutearen» beharra ere: «Euskarak eta euskalgintzak independente izan behar dutela, inoren menpeko ez dutela izan behar, eta hortik lan egin behar dela euskalgintzako proiektuak gauzatzeko».

Torrealdaik ez zuen historia liburu bat egin nahi, Larrarteren esanetan. «Gertuegi» sumatzen zuelako Euskaldunon Egunkaria haren inguruko historia kontatu ahal izateko, batetik, eta proiektu hartan izan zuen parte hartzeak distantzia hartzea zailtzen ziolako, bestetik. «Lehen pertsonan idatzita dago, eta posizioa oso argi izanda». Hala ere, gogoeta pertsonalen eta gertakarien arteko bereizketa egin nahi izan zuela azaldu du, gertaera horiek bere horretan kontatzen ahaleginduta.

«Joan Mari ikerlaria»

Idazle eta kazetari ohiak egindako artxibatze eta dokumentatze lana goretsi zuen Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. «Ikerlaritik asko» zuen Torrealdaik, haren hitzetan, eta atzo aurkeztutako liburuan «Joan Mari ikerlaria» oso presente dagoela adierazi zuen. «Lan sistema» hori harengan oso sustraituta zegoela azaldu zuen: «Hortik, bere dokumentazio eta artxibo lan ikaragarri hura, Egunkaria-ren itxierarekin Guardia Zibilak ebatsi ziona, nahikoa lan izan zuena berreskuratzen eta berarentzat benetan garrantzitsua zena».

Jakinen eta Euskaldunon Egunkaria-ren arteko harremanaz ere aritu zen Agirre. Torrealdaik euskarazko egunkariaren proiektuarekin bat egin izana «Jakin Taldearen erabakia» izan zela argitu zuen, sinetsita Jakinen eginbeharra zela, bere ekinbide propioetatik harago, euskalgintzako bestelako proiektuetan parte hartzea eta hauspotzea.

«Jakinentzat oinarrizkoak izan diren sei premisa loratzen ikusteko» aukera eman zion lan horretan murgildu izanak Torrealdairi, Agirreren esanetan: «euskalgintzaren autonomia eta buruaskitasuna lantzea eta hortik abiatzea»; «herri erakunde sendoak eta iraunkorrak sortzea»; «euskalgintzako beste erakunde, norbanako eta eragileekin lankidetzan jardutea»; «euskalgintzako langilearen profesional-militante figura oinarrian jartzea eta hori gauzatzea»; «erakunde publikoekin berdinetik berdinera eta modu horizontalean harremanak eta proiektuak lantzeko ahalegina egitea»; eta «gizarte zibilean oinarrituta eta gizarte zibiletik ekiteko beharra eta garrantzia».

Euskaldunon Egunkaria-n harekin izandako harremanaz aritu zen, berriz, Otamendi, azalduz kazetaritzarekiko zuen ikuspegia. «Oso komunikabide gutxitako kazetari gutxik esan dezakete munduan egin dutela lan guk Egunkaria-n, Joan Mari lehendakari genuela, egin genuen askatasunarekin», azpimarratu zuen. Erredakzioko langileen lanean esku ez hartzen saiatzen zela azaldu zuen, ez zuela agindurik ematen, eta ezta egunkariko lanagatik jaso zitzakeen kexen berri ematen ere: «Seguru nago, gure egunkariaren figura publiko nagusia zelako, kanpoko kexak jasoko zituela, baina ez zizkigun transmititzen. Jan egiten zituen; seguruena, gure babeserako».

Iritzi pluraltasunari toki egiteko egiten zuen ahalegina ere azpimarratu zuen: «Bizitza guztian bultzatu zuen euskaltzaleen eta abertzaleen elkarlana, Egunkaria-ren sorreran eta garapenean dagoena. Beti eskatzen zuen ahalegina egiteko ikuspegi desberdineko jendea ekartzeko». Euskara batuaren eztabaidan zuen posizio irmoa ere gogoratu zuen. «Batuaren lana aurrera eraman zuen belaunaldikoa» zela azaldu zuen, eta asko «haserretzen» zuela lan hori zapuztua ikusteko aukerak.

Euskaldunon Egunkaria aitarentzat «ametsa» izan zela azpimarratu zuen, berriz, Garazi Torrealdai haren alabak. Orain, liburua argitaratuta, Torrealdaik aspaldi zuen beste «amets» bat gauzatu dela adierazi zuen; «Egunkaria eta bere historia liburu batean jasotzea, alegia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.