Orain dela hamar urteko topaketan baino giro lasaiagoa zegoen atzo Aieteko jauregian, Donostian. Orduan bazetorren ETAren erabaki historikoa, usaintzen zen, baina gauzatu egin behar. Hiru egunera jakinarazi zuen ETAk jardun armatuaren bukaeraren agiria, urriaren 20an. Hamarkada bat pasatu da geroztik, egon dira aurrerapauso handiak, ez hain handiak ere bai, eta badira konpontzeko atalak. Osatu gabeko bake prozesua da, nazioarteko bitartekariek atzo Aieteko mahai inguruan ondorioztatu zutenez. ETAren jakinarazpen haren ostean gatazkaren ondorioei aterabide ordenatua emanez gero, prozesua azkarrago joango zela adierazi dute. Gogoratu dute, orduan, Espainiako gobernu berriak (PP) ez zuela nahi halakorik, eta hori «hegal batekin hegan egitea bezala izan da», Jonathan Powellen arabera. Harekin batera, Brian Currin, Teresa Whitfield eta Sergio Jaramillo ere mintzatu dira mahaiaren bueltan, Bake prozesuen garapena azken hamar urteotan lelopean.
Powellek berak aipatu du bukatu gabeko bake prozesua dela Euskal Herrikoa; adiskidetzearen alorra, biktimena eta euskal presoena aipatu ditu. Ohartarazi du PPren gobernuaren ukazioaren ondotik prozesuak «benetako arriskua» izan zuela, baina esan du 2011tik aurrera «bake iraunkorra» dagoela Euskal Herrian. «Ipar Irlandan talde disidenteak eta indarkeria izan dira. Hemen ez. Arrakasta izan da hemen».
Currinek euskal gizarteari eman dio horren meritua. Bere kasua azaldu du, esaterako: «Espainiako Gobernuak [PP] bere esku zegoen guztia egin zuen nire lana eragozteko, prozesuaren aurka baitzegoen, eta utzi egingo nukeen hemengo jarrera bestelakoa izan balitz. Esker onekoa naiz Euskal Herriarekin, beti ongietorria egin eta babes osoa eman didalako». Powellek 2 011ko urriaren 17ko Aieteko konferentziaren garrantzia ere aipatu du: «Ez daude zuzen esaten dutenek Aietekoa antzezpen bat izan zela».
Currinek azaldu duenez, PPren gobernuak —2011ko abenduan jarri zen Moncloan Mariano Rajoy— uste zuen bakea ez zuela ekarri Aietekoak, baizik eta estatuak ETA garaitu izanak. Nazioarteko bitartekariak ez dira PPren ikuspegi horrekin bat agertu, Powellek esan duen arren bakerako «presio poliziala» ere garrantzitsua izan ohi dela. «Lidergoa ere behar da bi parteetan», adierazi du hark. «Hori ikusi zen Hegoafrikan eta Ipar Irlandan. Euren bizitzak arriskatu zituzten bakerako. Arriskatu egin behar da. Erantzukizuna dugu bizitzak salbatzeko. Ez dut ulertzen bestelako jarrera bat izatea». 2000ko hamarkada hasieran Arnaldo Otegi Batasuneko eledunak eta Jesus Egiguren PSE-EEko buruak eduki zuten «ausardia» laudatu dute, baita Powellek Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak izandako jokabidea ere.
Nahiz eta jardun armatua bukatu, Whitfieldek adierazi du gatazka ez dela bukatzen orduan. Euskal Herrian ere «forma aldatu zuen gatazkak», eta esan du egoera horretan ere elkarrizketa behar dela. Horretarako, bitartekarien ekarpen nagusietako bat alde desberdinetan «konfiantza» ereitea dela aipatu dute. «Konponbiderako baldintzak sortu behar dira, zubiak eraiki, eta horrek lan handia eskatzen du», esan du Jaramillok, Kolonbiako bake prozesuaren nondik norakoak ematearekin batera. Halaber, irtenbiderako ikuspegi bat partekatzea funtsezkoa deritzo hark. «Umiltasun handia behar da, eta aukera baliatzea da kontua. Ikusi behar duzu baduzula aukera bat, eta bukatu ere egiten direla aukerak».
Bake prozesuen aurrerabiderako, Whitfieldek giza eskubideak erdigunean jarri beharraz hitz egin du. Hor atera da indarkeriek eragindako biktimen afera. «Oso zaila da akordioak lortzea, oso kontakizun desberdinak daudelako», Currinen iritziz; «izan ere, zein garai da abiapuntua? Eztabaida hori agertoki publikotik eta testuinguru politikotik atera egin behar da, agian». Oroitu du Ipar Irlandan arazoak sortu izan direla biktimen alorrean, eta hortik ikasi egin behar duela Euskal Herriak. Aniztasunaren alde egin du Whitfieldek: «Giza eskubideen urraketa perspektiba denetatik aztertu behar da. Hala ere, ez da kontakizun bakarra egongo Euskal Herrian ere. Sufrimendu asko daude, eta egia asko. Aniztasun hori onartu behar da». Jaramillo: «Kolonbian biktima guztiez hitz egin zen. Horrek ez zuen esan nahi biktimak parekatu egiten zirenik». Powellek garailearen eta galtzailearen eskema errefusatu du, ohiko duen moduan.
Haien aurretik, Martin Griffiths bitartekariak hitzaldi bat eman du, eta, indarkeria utzita, diferentzia politikoak beste era batera jorratzearen garrantzia nabarmendu du. Euskal Herriko bilakaerari balio handia eman dio.
Duela hamar urteko topaketan bezala, nazioarteko ordezkaritza esanguratsua izan da Aieteko ekitaldian, eta Hego Euskal Herriko ordezkaritza zabala ere bai. Han izan dira, nazioarteko hizlariez gain, Eneko Goia Donostiako alkatea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Arnaldo Otegi (EH Bildu), Joseba Egibar (EAJ), Jesus Egiguren (PSE-EE), Pilar Garrido (Elkarrekin Podemos), Mikel Armendariz (Geroa Bai), Veronique Dudouet (Berghof Foundation), Andy Carl (bake prozesuetako aholkularia), Alberto Spektorowski (Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide ohia), Paul Rios (Lokarriko koordinatzaile ohia), eta ELA, LAB, CCOO, UGT, CFDT, Steilas eta ESK sindikatuetako arduradunak.
Gaur hiru saio, Donostian
Gaur hiru saio izango dira, berriz ere Donostian, Kursaal jauregian. 10:00etan, Euskal Bake prozesuaren irakaspenak lelopean, Carl, Dudouet, Rios eta Spektorowski ariko dira. 11:30ean, Euskal Bake prozesuaren erronkak saioan, Currin, Robert Manrique, Karmen Galdeano eta Agus Hernan. Arratsaldean izango da beste ekitaldia bat, 18:00etatik aurrera, Gatazken eraldaketa demokratikoa izenpean, eta Juan Jose Ibarretxek, Quim Torrak, Amalur Alvarezek eta Jordi Cuixartek hitz egingo dute. Bihar Baionan izango da jardunaldia.
Conciliation Resourcesek, Berghof Foundationek, Foro Sozialak eta Bake Bideak antolatu dituzte ekitaldi horiek.