Terrazen irekieran ez zuten huts egin Ipar Euskal Herriko herritarrek atzo: goizean goiz hasi ziren betetzen ostatuetako kanpoaldeak, «lehengo» gisara, kafearen tenorean. Iazko urritik hetsirik egon da ostalaritza, eta, atzo, neurrien arintzeko bigarren fasearen hasierarekin batera ireki zituzten berriz. Neurriak nola, egunetik biharamunera aldatu da paisaia. Baionako merkatuko plaza dagoeneko ez da lurrean jarririk bazkaltzeko lekua: terraza franko ezarri dituzte, eta jende andana bildu zen goizetik. Etxeratze agindua 21:00etan indarrean sarturik, ordea, ordurako hustu behar izan zituzten bazterrak.
Dena den, eguraldiak baldintzatu zuen eguneko giroa. Ostalari anitz euriaren beldur agertu ziren azken egunetan. Goizeaneguzkia atera izanik ere, zaparradak hasi ziren eguerdiko. Aroak ez zituen beldurtu bezeroak : «aspaldiko partez» berriz elkartu ahal izan ziren mahai inguruan, aterpe zokoetan, betiere sei lagun gehienez. Haatik, aterperik gabeko ostatuetako kanpoaldeak hutsik egon zirenbazkaltzeko tenorean. Patxa Mama jatetxeko kudeatzaile Lise Carizetek ezin izan zuen bazkaririk zerbitzatu. «Zazpi hilabete hetsirik egon ondoan, egun bat gehiago ala egun bat gutxiago... Finean, ez da aldaketa handia. Zerbitzua baldintza onetan egitea nahiago dugu, baina eguraldi honekin ezinezkoa da», deitoratu zuen. Halere, egoitza ireki izana «sekulako plazera» da harentzat. «Zernahi gisaz, bagenekien terrazak bakarrik irekitzearekin aroak guztiz baldintzatuko zuela gure lana. Inportanteena da irekitzeko eskubidea berreskuratu dugula».
Egoera ez du hain baikorki bizi Un Air 2 Famille jatetxeko kudeatzaile Jane Lamarquek. «Azken hilabeteotan ziurtasun izpirik gabe egon gara. Ez genekien noiz arte egongo ginen hetsirik. Orain, irekiak gara, baina arrunt aroaren menpeko, segurtasunik gabe orain ere». Kalteak txikitzeko, eramateko menuak saltzen segituko du, barnealdeak ireki arte.
Dendak eta kultura
Iazko Eguberrietako bestak pasaturik, «beharrezkoak ez diren» gaiak saltzen dituzten dendak hesteko manua eman zuen Frantziako Gobernuak. Ostatuek bezala, atzo ireki zituzten berriz denda horietako aitzindegiak. Baionako Espainiako karrikan, eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Ganbeta karrikan jendea mukuru ibili zen erosketak egiteko. Baionako Sanuk bitxi dendako langilea da Sylvain Lombard. Saltzen dituzten bitxiak salmahai gibeleko gelan ekoizten dituzte, eta itxialdia pieza berriak egiteko baliatu dute. Hesteko agindua ez zuen guztiz ulertu Lombardek: «Ez dut aterabiderik, baina injustizia sentimendu bat ukan dugu saltoki handietan jendea metatu dela ikustean».
Terrazek bezala, kulturguneek ere arrakasta izan zuten atzo. Donibane Lohizuneko Le Select zinema gelak ateak ireki ditu berriz. Zazpi hilabetez funtzionatu gabe egondako proiekzio makinak berriz piztu ahal izan dituzte. Justine Richard haren seme-alabekin hurbildu zen atzo, Tom & Jerry marrazki biziduna ikustera. «Kultura arrunt geldirik egon da, eta luze izan da: kultura beharrezkoa da», segurtatu zuen.
Hain zuzen, Le Select zinemako kanpoaldean Zergatik ez gara beharrezkoak? dioen pankarta ezarri du Xabi Garat zinemako zuzendariak. «Neurri biziki zorrotzak ezarri dizkigute, gelen herena baizik ezin baitugu sarrarazi. Zergatik AHTak bete-beteak dira, eta, zinemak kasik hutsak?», galdetu zuen. Halere, arras pozik zen berriz irekitzearekin; film hautaketa «orotarikoa» dela segurtatu zuen. «Nahiz eta haserre izan, publikoa berriz hartzeak pozten gaitu. Espero dugu laster arinduko direla neurriak: denentzat atseginagoa izanen da».
Koronabirusa
Neurrien araberako irekiera
Ipar Euskal Herriko neurri sanitarioen arintzeko bigarren fasea abiatu da. Langile gehienek protokoloen ziurgabetasuna salatu dute. Etxeratze agindua 21:00etara gibelatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu