Koronabirusa

Hildakoen goranzkoa, kezka iturri

COVID-19arekin eri ziren 70 pertsona zendu dira astebetean Hego Euskal Herrian. Astelehenean hasiko dira neurriak arintzen Iparraldean, faseka

Zenbait anbulantzia Donostiako Ospitaleko larrialdi zerbitzuetako sarreran. GORKA RUBIO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz - Oihana Teyseyre Koskarat
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Otsailetik Hego Euskal Herrian erregistratutako daturik beltzena izan da birusarekin loturiko heriotzei dagokienez. Apirilaren 19tik 25era, gutxienez 70 pertsona zendu ziren, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera. Denbora tarte horretara arte, gaitzak jota hildakoen kopurua otsailaren 22tik 28ra bitarteko astean izan zen langa horretatik gorakoa azkenekoz. Hartan, 73 pertsona hil ziren birusarekin. Azken astean hildako 70etatik, 13 Nafarroakoak dira; gainerakoak, berriz, Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan zendutakoak.

Ospitaleetako egoera ere bereziki da iluna Hegoaldean. Larritasuna bistakoa da. ZIUetako okupazioari so, 2020ko apirilaz geroztik izandako daturik makurrena jakinarazi dute osasun agintariek, berriz ere. Gaitza duten 232 paziente daude unitate horietan erietxeraturik. Halaber, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, 672 gaixo daude gela arruntetan, eta herenegun 91 pertsona ospitaleratu zituzten birusagatik.

Gainera, birusaren transmisioari buruzko adierazleei dagokienez, kutsatuen kopuruak bigarren egunez jarraian gainditu du mila kasuren langa Hego Euskal Herrian. Asteazkenean 14.800 diagnostiko proba egin ziren guztira, eta 1.057 positibo atzeman ziren. Positiboen ehunekoa %7,1 izan zen. Hegoaldeko bi osasun sistemek emandako datuak banan-banan aztertuta: Osakidetzak egindako testen %7,3k eman zuten positibo; aldiz, Osasunbideak egindakoetan apalagoa izan zen ehunekoa: %6,4.

Herenegun atzemandako kutsatuen kopuruak herrialdeka aztertuta, Bizkaian detektatu zen kasu gehien: 412. Gipuzkoa izan zuen atzetik; izan ere, 386 positibo detektatu ziren lurralde horretan. Halaber, Nafarroan 181 kasu izan ziren; Araban, 70.

Herrialdeen intzidentzia tasa metatuei dagokienez, berriz, Gipuzkoak du oraindik egoera larriena: 100.000 biztanleko 703 kutsatu zenbatu dira azken hamalau egunetan. Tasa 459 da Bizkaian, 342 Nafarroan, eta 400 Araban. Hain zuzen, herrialde horrek joera berean jarraituko balu, aukera luke Jaurlaritzak zehaztutako eremu gorritik ateratzeko. Osasun Sailak astelehenean berrikusiko du talde horretan diren udalerrien zerrenda, eta orduko datuen arabera zehaztuko du muga gogorrak non ezarri.

Mugen arintzea, lau fasetan

Ipar Euskal Herrian, maiatzaren 3an hasiko da neurrien arintzea, astelehenean. Hala jakinarazi zuen atzo Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak, gaur argitara atera den elkarrizketatik ateratako aurrerapen baten bidez. Azaldu zuenez, mugen leuntzeak lau fase izanen ditu. Maiatzaren 3tik ekinen diote aurrenekoari; hamar kilometroko tartean ibiltzeko debekua kenduko dute, eta eskualde bereko departamenduetan ibiltzeko eskubidea izanen dute herritarrek. Kolegioak eta lizeoak irekiko dituzte: laugarren mailatik terminalera, talde erditan eginen dituzte eskolak.

Maiatzaren 19an hasiko da bigarren fasea: besteak beste, etxeratze agindua 21:00etara atzeratuko dute. Itxita dauden saltokiak irekiko dituzte, eta ostatuetako eta jatetxeetako terrazak. Museoak eta jarririk egon daitekeen kulturguneak zabalduko dituzte.

Hirugarren fasea ekainaren 9an hasiko da. Hala nola etxeratze agindua 23:00etara atzeratzea da asmoa. Telelana malgutzen ahalko dute enpresek, eta ostatuen eta jatetxeen barrualdeak irekitzen ahalko dituzte.

Azken fasea ekainaren 30ean hasiko da: etxeratze agindua kenduko dute. Halere, indarrean segituko dute hainbat mugak; esaterako, diskotekak hetsirik egonen dira aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.