Agerian gelditu dira giza trafikoaren kontrako borrokaren gabeziak, Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Droga eta Krimenetarako Bulegoaren azken txostenaren argitara. Elkartearen datuen arabera, nabarmen hazi da trafikatzaileen sareetan erori diren adingabeen kopurua. Hamabost urtean hirukoiztu egin da zenbateko hori. Bestalde, azken urteetan aldatu egin da trafikatzaileen esplotazio eredua ere. Salerosten dituzten pertsona gehienak sexu jardueretara behartzen dituzte, baina geroz eta gehiago dira lehengaien ustiatze lanetara edota eraikuntza lanetara derrigortzen dituztenak. Ikerketaren arabera, 2018. urtean 50.000 pertsona inguru salerosi zituzten 148 herrialdetan.
Horiek txostenean jasotako zenbakiak dira, baina trafikatzaileen sareetan eroritakoen kopurua askoz handiagoa dela uste dute adituek, eta osasun krisiari lotutako krisi ekonomikoak jende gehiago bultzatuko duela trafikatzaileen eskuetara. «Mundu osoan milioika emakume, adingabe eta gizon daude lanik, eskolarik eta gizarte babesik gabe luze doan pandemia honetan, eta horrek giza trafikatzaileen esku erortzeko arriskua handitzen du», erakundeko zuzendari Ghada Walyren iritziz. Haren esanetan, ezinbestekoa da trafikatzaile sareak atzemateko tresna egokiak sortzea, eta urratsak egiteko eskatu die nazioarteko eragileei, «zigorgabetasuna» amaitze aldera.
Azken datuei erreparatuta, emakumeak dira oraindik ere sareon biktima nagusiak. Hori ez da aldatu. 2018an identifikatutako biktimen ia erdiak emakume helduak ziren, eta, neska adingabeekin batera, kopuru osoaren bi heren osatu zuten.
Baina 2003tik datuek izan duten bilakaera aztertuz gero, aldaketa batzuk badirela ondorioztatu du NBEren elkarteak. Nabarmendu duenez, aldatzen ari da giza trafikoaren biktimen profila. Adingabeen salerosketa kasuen %10 zena orain %30 ere bada. Adingabeko mutikoen kasuan, bost aldiz handitu da biktimen proportzioa. 2018. urtean, kasuen %15 izan ziren: 7.200 adin txikiko. Are gehiago dira giza trafikora behartu dituzten neska adingabeak: 9.200; kopuru osoaren %19. Gizonezko helduen trafikoak ere goranzko joera izan du. Bikoiztu egin da 2003tik 2018ra bitartean, %10etik %20ra.
Emakume heldu eta adingabe gehienak sexu esplotaziora behartzen dituzte trafikatzaileek, eta hori izan da azken urteetan pertsonen salerosketen helburu nagusia. Azken datuen arabera, trafikatzaileen esku gelditu diren emakumeen hiru laurdenak behartu dituzte sexu esplotaziora.
2018an kasuen erdiak egon ziren sexu jarduerekin lotuta. Joera, ordea, beheranzkoa izan da azken urteetan. 2006an, esaterako, kasuen %79 izan ziren sexu esplotazioari zegozkionak. Gizonezkoak beste arlo batzuetarako eskulan merke gisa erabiltzeko salerosi ohi dituzte. NBEren Droga eta Krimenetarako Bulegoaren txostenak azaltzen duenez, esplotazio mota horren garrantzia handitu egin da azken hamar urteetan giza trafikoan. 2006an, kasuen %18 behartu zituzten eskulan merke gisa aritzera, eta, azken ikerketan, atzemandako kasuen %38 izan dira. Nagusiki, nekazaritza, arrantza, meatzaritza eta eraikuntza arloko lanetara derrigortzen dituzte gizonezko heldu eta adingabeak. 2018ko kasuen %6 jarduera kriminaletara bultzatu zituzten, %1 inguru kalean eskean ibiltzera, eta kopuru txikiago bat, ezkontzera, beren haurrak saltzera, organoak kentzera edo bestelako jardueretara.
Arrisku faktoreak
Trafikatzaileen esku erortzeko arriskua handitu egiten da faktore jakin batzuk elkartzen direnean. Horietako batzuk identifikatu ditu NBEk. Esaterako, arrazoi ekonomikoak lotuta daude giza trafikoaren kasuen %51rekin. Behar ekonomiko larria dutenek arrisku handiagoa dute trafikatzaileen menpe gelditzeko, eta, hain justu, esplotatua denaren finantzen gaineko kontrola da trafikatzaileek botere harremanari eusteko erabili ohi duten estrategia garrantzitsuenetako bat.
Familia arazoek zerikusi zuzena izan dute kasuen %20tan, trafikatzaile batekin hasitako harremanak %13tan, buruko gaixotasunen batek %10etan, migratzaile estatusa izateak kasuen %10ean eta bakarrik dauden adingabea izateak %9an.
Adingabeen kasuan, atzemandako trafiko kasuen proportzioa handiagoa da herrialderik pobreenetan aberatsenetan baino. NBEk egindako sailkapenaren arabera, diru sarrera handiko estatuetan biktimen %14 dira adin txikikoak; %33 diru sarrera ertain-handikoetan; %37 ertain-txikikoetan, eta erdiak diru sarrerarik apalena duten herrialdeetan.
Adin txikikoen trafikoak ondorio bereziki larriak ditu garabidean diren herrialdeetan. Saharaz hegoaldeko estatuetan, esaterako, nekazaritza eremuetan, meatzaritzan edota kaleko salmentan aritzeko baliatzen dituzte. Asia hegoaldean, berriz, 12 urtetik beherako haurrak adreilu fabriketan eta hoteletan lan egitera behartzen dituzte.
Mundu mailako giza trafikoaren erdia sexu esplotaziora begirakoa bada ere, ez da hala gertatzen Afrikan eta Asia erdialdean. Horietan, lan behartuetara bideratzen dira nagusiki. Sexu esplotazioari lotuta daude kasu gehienak Ipar nahiz Hego Amerikan, Europan eta Asia ekialdean.
Trafikatzaileen profila
Giza trafikoan aritzen direnen profila ere aztertu du NBEren txostenak. Gizonezkoak dira gehienak: giza trafikoagatik auzipetutakoen %64, eta arrazoi berarengatik espetxeratutakoen %62. Elkarteak nabarmendu du merkataritza gai gisa ikusten dituztela biktimak, eta haien bizitzak saltzen dizkietela erakunde antolatuei, nahiz beren kabuz aritzen diren trafikatzaileei. Pertsonak dozenaka euro batzuen nahiz dozenaka milaka euroren truke saltzen dituzte, eta giza trafiko horrekin talde kriminalek milaka milioiren irabaziak izaten dituzte urtero.
Teknologia berriek eta, batez ere, sare sozialek asko erraztu dute trafikatzaileen lana. Txostenean jasotako datuen arabera, sare sozialak oso baliagarriak zaizkie adingabeak atzemateko. Horretarako, bi teknika erabili ohi dituzte. Batekin, ehiza delakoarekin, trafikatzaileek biktimak jazartzen dituzte; eta bestearekin, amua deitzen dutenarekin, Interneten jarritako iragarki eta lan eskaintzak baliatzen dituzte biktimak sarera erakartzeko.
NBEren Droga eta Krimenetarako Bulegoaren txostena Pertsonen Trafikoaren Kontrako Plan Globalaren harira erakundeak egin duen bosgarren ikerketa da.
Giza trafikoa. NBEren txostena
Adingabeak dira giza trafikoak 2018an eragin zituen 50.000 biktimen herenak
Adin txikikoen proportzioa hirukoiztu egin da 2006tik 2018ra bitartean, NBEren azken txostenaren arabera. Areagotu egin da lan behartuetara bideratutako trafikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu