Eguberrietako ospakizunei begira, joan-etorriei eta ostalaritzari lotutako neurriak malgutu eta moldatu dituzte Euskal Herrian. Arauak, baina, ez dira berberak hiru eremu administratiboetan. Hona argibide nagusiak:
JOAN-ETORRIAK
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Gaurtik aurrera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan baimenduta egongo da udalerri batetik bestera joatea, betiere probintzia barruan baldin bada. Eguberrietan probintzien eta autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna baimenduta egongo da abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra, baina soilik familia arteko topaketetarako. Joan-etorriak justifikatzeko erantzukizunpeko adierazpenaren eredua bete beharko da.
Nafarroa. Nafarroan neurriak arinduko dituzte Eguberrietan. Konfinamendu perimetrala kenduko dute abenduaren 23tik 26ra eta 30etik urtarrilaren 2ra, eta, beraz, bertakoak herrialdetik irten ahalko dira epe horietan, baina soilik familia arteko topaketetarako. Joan-etorriak justifikatzeko erantzukizunpeko adierazpen bat eraman behar da.
Ipar Euskal Herria. Konfinamendua abenduaren 15era arte izango da indarrean, eta egun horretatik aurrera libreki ibiltzen ahalko da Ipar Euskal Herriko leku batetik bestera, betiere etxeratze agindua indarrean ez den ordutegian. Frantziako Estatuko beste eskualdeetara ere joaten ahalko dira herritarrak.
ETXERATZE AGINDUA
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. 22:00etatik 06:00etara ezarrita dago. Salbuespena: abenduaren 24tik 25era eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitarteko gauetan, orduan etxeratze agindua 01:30ean izango da.
Nafarroa. Gabon eta Urtezahar gauetan 01:30era atzeratu dute etxeratze agindua. Egun horietan salbu, etxeratze agindua 23:00etatik 06:00etara da.
Ipar Euskal Herria. Abenduaren 15ean konfinamendua arindu eta etxeratze agindua jarriko dute 20:00etatik 6:00ak arte. Egunean zehar ez da, beraz, ziurtagirik beharko leku batetik bestera mugitzeko. Abenduaren 24an ez da etxeratze agindurik izanen; abenduaren 31n, ordea, indarrean egonen da: 20:00etatik 6:00ak arte.
OSTALARITZA
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Tabernak eta jatetxeak 20:00ak arte ireki ahal izango dira, bai terrazak, eta baita lokalak ere. 06:00etatik aurrera ireki ahal izango dituzte berriro. Aurreko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 positibotik gora izan duten herrietan, ostalaritzak itxita jarraituko du, baina neurri horrek ez die eragingo 5.000 biztanletik beherako herriei. Barruko edukiera %50ekoa izango da, eta terrazetan, %100ekoa.
Nafarroa. Hurrengo ostegunetik aurrera, ostatuak 22:00ak arte zabalduta egongo dira, eta, barruan, edukiera %30ekoa izango da. Barra zerbitzurik ez da egongo.
Ipar Euskal Herria. Ostatu eta jatetxeak guztiz itxiak dira Ipar Euskal Herrian. Frantziako Gobernuak egindako iragarpenen arabera, goizenik ere urtarrilaren 20an irekitzen ahalko dituzte jatetxeak.
GIZARTE TOPAKETAK
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Gehienez, hamar pertsona biltzeko aukera egongo da Gabonetako bazkari eta afarietan: abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean.
Nafarroa. Egun, sei laguneko bilkurak baino ez daude baimenduta, baina hamarrera igoko da kopurua abenduaren 24an, 25ean, 31n eta urtarrilaren 1ean.
Ipar Euskal Herria. Gehienez ere sei heldu biltzen ahalko dira Eguberrietako bestetarako. Haurrentzako ez du mugarik jarri Frantziako Gobernuak.
ZAHAR ETXEAK
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Gabonetako jaiegunak familiarekin igarotzeko aukera izango dute egoiliarrek, baina bueltatutakoan PCR proba egin beharko dute, eta berrogeialdian egongo dira. Hala ere, zahar etxeko edo udalerriko osasun egoera larria bada, irteerak bertan behera geratuko dira.
Nafarroa. Egoiliarrak etxera joan ahal izatea baimenduko dute. Gobernuak jakinarazi du araudi berezi bat prestatzen ari dela egoitzetan indarrean dauden neurriak malgutzeko.
Ipar Euskal Herria. Bisitak baimenduak dira, zahar etxe bakoitzak bere arau propioak finkatzen ditu. Bisitak egiteko, aldez aurretik hartu behar da ordua, eta pertsona bakarra joan daiteke.
SALTOKIAK
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. 150 metro koadrotik gorako dendetan %60ko edukiera gehienez, eta % 75eko edukiera 150 metro koadro arteko dendetan. 65 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute dendetan. 21:00etarako itxita egon behar dute saltokiek.
Nafarroa. Txikietan zein handietan, edukiera %40koa izango da gehienez. Handietan, mugitzeko soilik erabil daitezke eremu komunak, eta ezingo da bertan egon. 21:00ak arte zabalik egon daitezke.
Ipar Euskal Herria. Azaroaren 28an ireki zituzten berriz saltoki guztiak Ipar Euskal Herrian. Konfinamendua izanik ere, irekiak diren dendetara joateko aukera dute herritarrek, etxetik ateratzeko ziurtagiria beteta.
KIROLA
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Kirol federatuko entrenamendua gehienez sei pertsonako taldeetan egin ahal izango da. Kirol jardueraren inguruko gainerako neurri murriztaileek bere horretan jarraitzen dute. Hala ere, Jaurlaritzak iragarri du eskola kirola Gabonen ostean abiatuko dela, baldin eta egoera epidemiologikoa ona bada.
Nafarroa. Neurriak malgutuko ditu Nafarroako Gobernuak: publikoa baimenduko du kirol jardueretan, eta kaleko talde kiroletan gehienez hamabost lagun elkartu ahal izango dira.
Ipar Euskal Herria. Kirola egiteko egunean hiru orduz atera daiteke etxetik, hogei kilometroko tartean gehienez ere, ziurtagiriarekin betiere. Talde kirolik ezin da egin, salbu profesionalek.
BESTELAKOAK
Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Gabonetako jai, ospakizun eta Erregeen desfileakertan behera geratuko dira, jendea pilatu ez dadin. Erlijio ekitaldietan, gehienez edukieraren % 35. Kultur ekitaldiak 21:00ak baino lehen bukatu behar dira.
Nafarroa. Gabonetako jaiak, ospakizunak eta Erregeen desfileak bertan behera geratuko dira. Haur parkeen edukiera %75ekoa izango da gehienez. Zinema areto, antzerki eta museoetan, edukiera %50ekoa izango da gehienez.
Ipar Euskal Herria. Emmanuel Macronek urri bukaeran esan zuen kulturguneak abenduaren 15etik goiti irekitzen ahalko zituztela berriz. Egoera epidemiologikoa ikusirik, ordea, Jean Castexek atzo adierazi zuen gutxienez hiru astez egon beharko dutela hetsirik.
Koronabirusa
Eguberrietarako arau berrien gida
Gabonetan, COVID-19ari aurre egiteko neurriak arinduko dituzte Euskal Herri osoan. Gaurtik aurrera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan probintzia barruan mugitu ahal izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu