«Berriz ere lanera etortzeko desiratzen nengoen. 61 urte dauzkat, eta ez daukat erretiratzeko gogorik. Gainera, bi hilabete hauek oso gogorrak izan dira, baina tira, egingo dugu aurrera!». Baikortasuna darien pertsona horietako ba da Nerea Sanjuan, eta atzo pozik ageri zen bi hilabeteren ondoren ahizparekin batera gobernatzen duen Ixiar Sanjuan ileapaindegia berriz ere ireki zuelako, Azpeitian (Gipuzkoa). Beren eguna izan zen atzokoa, eta, bezeroak aurreko hitzordu bitartez hartzen dituzten negozio askok bezala, lan askorekin dabiltza itxialdiaren arintzearen lehen fasean.
45 urte dira negozioa jarri zutela, eta Sanjuanek ez du oroitzen inoiz 50 egunez lan egin gabe egon izana. Zorionez, lehen bi egunetako agenda beteta du; «bezero oso onak ditut», goratu du, baina itzulera ez da arrunta izan. «Segurtasun neurriak hor daude, baina gauza logikoak dira, guk bezeroa ukitu egiten dugulako; maskara eta eskularruak erabiltzen ditut. Bezeroari, aldiz, harreran jartzen diogu kapa. Lehen ilea tindatzen gehienei jartzen geniena, orain guztiei. Bere gauzak uzteko poltsa bat ematen diogu, lan bakoitzaren ondoren eserlekua desinfektatzen dugu... Tira, gu beti izan gara txukunak, eta ez da hainbesterako aldaketa».
Ile apaintzaileek bezeroa ukitzen dute, baina are gehiago fisioterapeutek, eta Ignacio Suarezek babes guztiak jarrita artatu zituen atzo pazienteak: maskara, eskularruak, bisera, babes jantzia... «Fisioterapeuta elkargoak lan handia egin du horrelako materiala lortzeko. Lehen gauean egiten genuen garbiketa orain paziente bakoitzaren ondoren egin behar dugu. Askorentzat zailena izango da saihestea pazienteak gurutzatzea, baina nik aurretik nuen kontsulta horretarako prestatua, pribatutasun arrazoiengatik».
Fytman zentroan egiten du lan Suarezek, Bilbo erdialdean. Hark ere lehen aste osorako hitzorduak hartuta ditu ohiko bezeroekin, eta, Sanjuanek bezala, ez du horrelako etenaldirik oroitzen 41 urte ditu. «Autonomoen patua hori da, baina itzultzeko irrikan nengoen. Batetik, diru sarrerarik gabe egotea zama bat delako; eta, bestetik, nire lana pasioz bizi nuelako. Itxialdia hasi bezain laster hasi zitzaizkidan bezeroak ordua eskatzen, eta haien minak arintzeko gogoz nengoen. Horrelako itxialdi bat jasatea ez da mesedegarria gorputzarentzat».
Itxialdian larrialdi zerbitzurik eman behar izateko moduko kasurik ez du izan Suarezek. Gabriel Larrinaga dentistak, aldiz, Donostian dituen bi kontsultetako bat irekita mantendu du, ospitalak hagineko minekin bete ez zitezen. Atzo ere lan egin zuen, Espainiako Gobernuaren dekretuak bere jardunaren inguruan sorturiko «zehaztasun faltan». Dioenez, segurtasun neurriak ez dira normalean hartzen dituztenen oso ezberdinak, baina argi gehiago eskertuko luke. «Gobernuaren esku gaude. Metodologia argia ematen dutenean, hori jarriko dugu martxan. Esaten badute: halako kontsulta batean egon daitezke hiru lanean eta hiru paziente bakarrik, eta laguntzaileek kalean itxaron beharko dute;bada, kito, hori jarriko dugu martxan. Guretzat, gauzak zenbat eta argiago, askoz hobeto, oso formalak gara».
Oraingoz, lan karga dute hirurek, baina ez dakite zer etorriko den lehen olatu horren ondoren. Larrinagak uste du familia batzuetan kutsatzeko beldur izan daitezkeela, eta ahalegin ekonomikoak egiteko zuhur ibiliko direla beste asko. «Mina izanez gero, gastu horiek egingo dituzu, baina, bestela, jendeak beldurra izango du dirua gastatzeko. Leku guztietan izango da berdina, ez soilik dentistan; ez du inork auto berririk erosiko tarte handi batean, ezta sukaldea aldatuko ezta arropa erosiko. Jendeari kostako zaio konfiantza hartzea».
Sanjuanek ere errezeloz begiratzen dio etorkizunari. Itxita egon direneko zenbakiak ez ditu egin, baina aitortu du arnasa eman diela erabiltzen duten lokala ordainduta izateak. «Guk zerotik hasi bagina bezala egingo dugu. baina badakigu hurrengo hilabeteetan eguneroko lanarekin eutsiko diogula. Ez da ospakizunik egingo, ezta lagunarteko afaririk ere. Jendea horietarako prestatzen da, eta lan hori gabe urte gogorra izango da». Negozio txikiei laguntzeko garaia dela argi du, eta sektorearen eskakizun zahar bat jarri du mahai gainean: «Lagundu nahi bagaituzte, BEZa %10era jaisteko une aproposa da. %21era igo zutenean asko jaitsi egin zuten».
Suarezek ez du epe luzerako aurreikuspenik egiten. Pozik dago orain duen lan karterarekin, eta ohiko pazienteei beste batzuk gehitu zaizkie itxialdiaren eraginez. Etenaldia luzea izan da, baina, eta momentuz ez du konturik egin. Aurrera begira zalantza bakarra du: «Urtero hamabost eguneko oporrak hartzen ditut abuztu amaieran, Bilboko jaiak baliatuz, eta aurten ez dakit posible izango den».
Koronabirusa
Agendari hautsa kentzen
Aurrez harturiko hitzorduen bitartez lan egiten duten profesionalek jardunari berrekin diote, neurri bereziak hartuta. Gehienek badute lan zama itxialdiaren osteko lehen egunetarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu