Esanda zegoen agerraldirik ez zuela egingo, baina Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak kazetariak deitu zituen atzo arratsaldean, eta COVID-19 eritasunari aurre egiteko neurri gehiago iragarri zituen; gaurtik, itxita egongo dira Arabako hezkuntza zentro guztiak, eta Balmasedakoak (Bizkaia). Astea hasi zen Gasteizko eta Bastidako zentroak ixteko erabakiarekin, eta berehala koska bat gora egin behar izan du Jaurlaritzak. Eragina izan du positiboen ugaritzeak: atzo bertan, beste 64 positibo atzeman zituztela onartu zuten eta denera 261 kasu dituztela diagnostikatuta. Hildakoen kopurua ere gora doa, etengabe; goizean zabaldu zituzten datuetan, zazpi ziren, eta arratsaldean, bederatzi. «89 urteko pertsona bat hil da Araban; 94 urteko bat Bizkaian. Biek aurretik patologiak zituzten», azaldu zuen Murgak. Jakina da gaitza gordin oldartzen dela adineko pertsonen kontra; orain arteko datuetan oso argia da hori.
Herrialdeka, zaharrak berri oraindik ere. Araba da kasu gehien dituena: 201 pertsonak dute gaitza, eta 73 erietxeetan daude. Bizkaian 51 kasu dituzte, eta 27 daude ospitalean. Nafarroan 61 kasu dituzte, eta hor ere igoera nabarmena izan zen atzo; beste 31 kasu jakinarazi zituzten osasun agintariek. Gipuzkoan bederatzi positibo atzeman dira orain arte; bi daude erietxean, eta beste bi hil egin dira. Lapurdin atzo baieztatu zuten kasu bat, eta Baionako erietxera eraman zuten. Lehen kasua da; izan ere, lehengo astean kasu baten berri eman zuten, baina gero ezeztatu egin zuten.
Positiboek kezka handia eragiten dute, baina datu gehiago ere badira aintzat hartzekoak, eta erakusten dute gaitza oraindik guztiz hedatuta ez dagoela. Nekane Murgak azaldu zuen, esaterako, 1.340 test egin dituztela denera, eta %80 negatiboak izan direla. Nafarroako osasun agintariek adierazi dute, halaber, egindako testen %90 izan direla negatiboak. Denek onartu dute, ordea, arduraz hartu behar dela egoera, eta neurriak hartu behar direla birusaren transmisioa eteteko.
Hala defendatu zuen atzo arratsaldean Murgak ikastetxe gehiago ixteko erabakia. Araban positiboen artean hamabi adingabe daudela esan zuen, adibidez, eta horrek eragina izan duela erabakian. «Neurri erabakigarriak dira transmisioa eteko», azaldu zuen: «Birusari eusteko asmoz hartutako neurriak». Gogora ekarri zuen birus berria dela, eta bereziki horrek egiten duela arriskutsua:«Izan ere, ez dugu gaitz horren kontrako immunitaterik garatuta, eta horrek egiten du azkarrago zabaltzea». Gaurtik, 68.000 ikasleri eragingo die eskolak ixteko erabakiak, eta horrek izango duen eraginaz jabetzen direla esan zuen sailburuak, baina gogora ekarri zuen «guztion erantzukizuna» dela birusari aurre egitea. Horiek horrela, esan zuen oraingoz ez dutela ikastetxe gehiago ixteko asmorik, baina «aldakorra» dela egoera, eta zaila egunez egun zer egin beharko den jakitea. Adierazi zuen, baita ere, abisu eman diotela Eudel Euskadiko Udalen Elkarteari erretiratuen egoitzak ixteko. Aisialdi tokiak dira, oso erabiliak.
Nafarroako Gobernuak datozen hamabost egunetako kultur, gizarte, aisialdi eta kirol arloko ekitaldietarako irizpideak ezarri ditu, foru agindu bidez. Lehenik, berretsi du egun gaixotasuna zabaldua dagoen lurralde edo guneetako —Madril, Gasteiz, Labastida, Errioxa eta Miranda de Ebro— pertsonen joan-etorria izan dezaketen ekitaldiak atzeratzea: adibidez, Iruña Rock. Bigarrenik, areto itxietan jarleku kopurua bi herenera mugatuko dute eta gehienez 1.500 pertsona baimenduko dituzte. Hirugarrenik, eremu irekiko topaguneak egin ahalko dira, beti ere 1.500 pertsonako kopurua gainditzen ez bada —Xabieraldia, esaterako, bertan behera utzi dute—. Azkenik, «nazioarteko edo estatuaren esparruko» ekitaldietan Espainiako Osasun Ministerioaren erabakiak aitzat hartuko dira.
Foru Agindu hori hurrengo hamabost egunetarako da, baina gertaeren bilakaeraren arabera alda daitezke. Halaber, Nafarroako Kirol Institutuak federazioei jakinarazi die hurrengo bi asteburuetarako jarduerak atzeratuko dituztela. 11 eta 18 urte bitarteko 22.000 kirolariri eragingo die neurri horrek.
Koronabirusa
Orain eskolak eten dituzte Arabako eskola denetan eta Balmasedakoetan
Positiboek goraka segitzen dute: osasun agintariek onartu dute azken zenbaketan 78 kasu gehiago daudela, eta bederatzi pertsona hil direla. Jaurlaritzak udalei esan die ixteko erretiratuen zentroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu